Iritzia: Modelo zineman: Green Book (Peter Farrelly)

Pelikula onenaren Oscar-a irabazi berri duen filmea dugu Modelon bigarren astez jarraian.
Hori da jendetza aurreko asteburuan!
Irakurri iruzkina lasai, ez dut sekreturik argitzen eta!

Ez dakit sari asuntu hau inoiz bidezkoa izan den baina azken urtetakoa lotsagarri bilakatzen ari da. Aurten Black Panther pelikula onenen artean izendatua izan dela ikusi besterik ez dago.
Green Book-ek ordea ez du guzti honen errurik. Primeran etorri zaio Hollywooden zuzentasun politikoa eta Netflix-en polemika, kolpe batez hainbat aurkariri gaina hartzeko.

Filme polita da. Topikoz beteta dagoen arren, primeran funtzionatzen du bere bi protagonistei esker.
Batetik, Viggo Mortensen beste planeta batetakoa dela pentsatzen hasia naiz. Pelikulako onena dudarik gabe. Atzera begira, tipo honek duen erregistro kantitatea harrigarria da. Gogoratu adibidez: "Alatriste", "La carretera", "Capitan Fantastic", "El señor de los anillos" edo "Promesas del este" (Zigarroa mihian zapalduz itzaltzen). Hare harrigarriagoa, elkarrizketetan ageri duen itxura apal eta lotsatia kontutan izanda. Oraingo honetan behintzat ez du fisiko gehiegi zaindu beharrik izan!

Bestetik Mahershala Ali. Moonlight-en iruzkinean etorkizuna izango zuelakoan nengoen eta hona hemen bera, bere bigarren Oscar-arekin. Nire uste apalean, biak ala biak nahiko sari merkeak.
Punta puntan dabil azken aldian eta "True Detective" telesailaren 3. denboraldiko paper protagonista ere bereganatu du. Lehenengo denboraldia antologikoa da, portzierto.

Edonola ere pelikula gozagarria.

ONENA:
Viggo, Viggo, Viggo.
TXARRENA:
"Cliché" kopurua.
BITXIKERIA:

Peter Farrelly zuzendaria, garai bateko komedia deskatxarrante haien zuzendaria izan zen bere anaia Bobby-rekin batera: "Algo pasa con Mary", " Dos tontos muy tontos", "Yo, yo mismo e Irene", etab.
Orain bakarka, estiloa aldatuz. Sartu du halere gehiegizko komedia puntu horietakoeren bat.

Green Book ikusten baduzu, partekatu iritzia!