BERTSOKILLER-A ZARAUTZEN (IX)

Erabiltzailearen aurpegia Ander Ubera 2021ko abu. 16a, 08:30

Krimen eta misteriozko istorio laburra. 10 aste, 10 kapitulu.

“Zarauzko udal detektibe postua kolokan”

                                   -Urola Kostako Hitza-

Tomax izan zen Xabaten etxera iristen lehena.

Xabatek ongietorria eman, garagardo bat eskaini eta Peru etorri zain egongelan utzi zuen Tomax, afarirako prestaketekin amaitzen zuen bitartean.

Joera profesionala ekidin ezinda, egongela goitik behera eskaneatu zuen Tomaxek bere begirada infragorriaz. Pantera larru beltzezko sofa garestia, 262 hatz beteko telebista erraldoia, tigre larruzko alfonbra eta fitness eta edertasun liburuz beteriko apalaren ohorezko lekuan, Kamasutra-ren luxuzko ale bat.

Peruk atea jo zuenean, jauzi egin zuen sofan Tomaxek. Hura sartzearekin batera, izugarri urduritu zen eta liskarraren momentua atzeratu nahian, Xabati komunerako baimena eskatu eta aurpegia bustitzera joan zen.

Aho bete hortz itzuli zen handik. Bidean, guztiz itxi gabe zegoen ate bati bultza eta barruan ezusteko sexu jauregia aurkitu zuen. Ohe borobil birakaria, ispiluzko sabaia, helduen jolasetarako zabua eta ehundaka osagarri.

Harriduratik irten ezinda, egongelara itzuli eta sofan eseri zen berriz ere, ikusi berri zuen hura aipatzeko adorerik gabe. Nautikoko barra atzean ikusten ohituta, orain arte ez zen jabetu Xabatek zuen gorputz zailduaz. Hori bai, haren aurpegi traketsak beti bezain aldrebes zirauen.

-Afaria prest!- oihukatu zuen Xabatek.-Arrain zopa eta piper beteak!.

Tomaxek arnasa sakon hartu eta hirurak mahaian eseri ziren.

-Peru…-hasi zen Tomax hizketan. –Ez naiz mokadu bat ere jateko gauza izango egia jakin artean. Ditudan froga guztiak zeure izena dakarkidate burura, baita dudan lekuko bakarraren testigantzak ere.

-Bai zea Tomax! Ez hai hasi berriz kontu horrekin aitu!?

-Ez al zinen ba zu, aurreko ostiral gaueko ordu txikitan, ahateen parketik beltzez jantzita igaro zena?

-Kauen sos!- erantzun zion Peruk haserre- Mahaitik altxa ta alde in berko nikek baña hire galdera petrala erantzungo diat, behingoz pakia izan dezagun, Rusia!

Ba bai, ostiralero bezela, ensaiua ta gero Vista Alegreko lokaletik jetxi, pasaran Visson-eko eskaparateko telebistan porno pixkat ikusi eta patuan parketik pasa nituan etxea bidian. ETA ZER? – Amaitu zuen, aurpegia sutan.

Tomax mutututa, Xabatek giroa baretu nahian beste oihu bat bota zuen.
-Zopa hoztuko zaizue mutillak!

Tomaxek erreakzionatzerako, Peruk dzanga-dzanga bukatu zuen platerkada zopa. Amorruz gainezka, musukoaz ahoa garbitu, kopetaz mahai bazterra jo, hau irauli eta zerraldo erori zen.