Puntuka

Ez, baina...

Haize errota bat. (Aitziber Sarobe)

Aitziber Sarobek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Progresoarekiko, hau da, gizartearen bilakaera aurrerakoiarekiko dugun begiradaren ondorioa izan ohi da berrikuntza teknologikoen aurrean eman ohi dugun erantzuna. Ez dut behar, baina, guztiek daukate gailu hori eta... Ez da beharrezkoa, baina, denek erabiltzen dute aplikazio hori eta... Ez digu mesede handirik egiten presaka ibiltzeak, baina, hau da gaur egungo bizimodua eta... Ez dugu nahi horrelako azpiegiturarik, baina, enpresak behar ditugu eta... Ez, baina.

Horrelakoak dira azken urteotan energia berriztagarrien ekoizpenerako edo sorkuntzarako azpiegituren aurrean maiz entzuten diren argudioak. Inor gutxik jartzen du auzitan, dagoeneko, gure herrian bizi dugun krisi energetikoa: alegia, gure energia kontsumoaren ondoriozko ingurumen kalteek (klima aldaketa, kutsadura...) zein arrakala eta bidegabekeria sozialek (pobrezia energetikoa, natur baliabideak indarrez eskuratzeko espolioa...) duten eragina. Jakinda, gainera, kontsumitzen dugun energiaren ehuneko oso txikia ekoizten dugula. 

Testuinguru honetan ari da gailentzen hemengo alderdi politiko guztiek darabilten diskurtsoa: gure bizimodua mantendu nahi badugu, ezinbestekoa da energia berriztagarriak ekoiztea. 
Bai, baina... Kontua da, edonola eginez gero, krisi energetikoaren ondorioak leundu ez, baizik eta areagotu egingo ditugula. Eta hori da agintean dauden edota agintea amets duten alderdiak ezkutatzen ari zaizkiguna. 

Izan ere, energiaren ekoizpena ez dira planteatzen ari energiaren kontsumoa gutxitzearen baldintzapean. Alegia, kontsumitzen dugun energiaren zortziko bat bada ekoizten duguna, ez dago ekoiztutako energiaren ordainetan kontsumoa zortzi (zazpi, sei, bost edo bi) aldiz gutxitzeko obligaziorik. Energia aurrezpena desira edo nahi bezala planteatzen da, horri begirako data soilak proposatuz (2050erako gure energia kontsumo osoaren % 40 energia berriztagarria izatea jarri du helburutzat Jaurlaritzak, esaterako), eta gehienez zenbait neurri posible plazaratuz.

Hortik dator energia ekoizteko azpiegitura intentsibo erraldoien justifikazioa: ez dugu nahi eguzki plaken zentralek edota haize erroten parkeek eragingo duten txikizioa gure zelai eta mendietan, baina ezinbestekoak ditugu (komeni da argitzea egun indarrean ez dagoen, baina legez onartu nahi den energia berriztagarrien plangintzaren aitzakiarekin, ehunka ha nekazaritza lur okupatzea aurreikusi dela plaka fotovoltaikoekin eta 200 metro baino luzeagoko haize errotak jartzea ari direla proposatzen gure mendietan).

Argudiaketa tranpati horrek krisi energetikoaren aldagai bat krisiaren arrazoi oso bihurtzen du. Kontua ez baita kontsumitzen dugunetik ekoizten dugunaren arteko aldea bakarrik, baizik eta kontsumoaren beraren zenbatekoa eta nolakotasuna. Ikuspegi honek energia berriztagarriak, de facto, jatorri fosileko energien gehigarri edo osagarri bihurtzen ditu, ez baita zigortzen jatorri fosileko energiaren kontsumoa. Kontuan izanda, gainera, energia berriztagarriak ekoizteko eta garraiatzeko azpiegitura guztiak jatorri fosila baliatzen duen teknologiarekin egiten direla.
 
Energia kontsumoarekiko ekoizpena lehenestean, gure bizi ohiturak aldatzeko beharra ezkutatzeaz gain, klima aldaketa bezalako fenomenologia konplexua gutxietsi, garapen bidean dauden herrietan eragiten ari garen espolioa emendatu eta gizartea etsipenera kondenatzen dugu: ez, baina...
Bestela esanda, kapitalaren (diru pilaketaren) logikari men egiten diogu: diru pilaketan, inbertsio handietan eta jarduera intentsiboetan oinarritutako garapen eredua betikotzen dugu. Hauxe da kapitalismoaren inertzia, eredu horretan gero eta botere handiagoa duten enpresek sinetsarazi nahi diguten gezurra. Posible baita, eta posible egin behar dugu teknologiaren intentsibitate maila txikitzea.

Ehunka ha lur okupatu ditzakegu gaur Next Generation diru laguntzek sortutako abagunea aprobetxatuz. 200 metro baino luzeagokoak diren haize errotak ere ekoiztu eta garraiatu daitezke. Baina hori da eredua? Zergatik ez deszentralizatu energia sistema osoa tokian tokiko beharrei erantzungo dieten azpiegitura txikiak sortzeko? Zergatik es deseskalatu teknologia gure lurraldearen eta biodibertsitatearen mugetara?

Atzo Euskadi Irratian entzun ahal izan genuen galdera horren erantzuna, Añorgan sortu duten Añargi energia kooperatibaren partaide baten ahotik: irailetik prest dute subirautza energetikoa helburu duen eguzki plakez hornitutakoa azpiegitura, baina ezin dute energia hori baliatu Iberdrolak ez dielako ustiapen baimena eskuratzen. Zain daude tramitazio hori noiz bukatuko, egun sare zentralizatura sartu beste erremediorik ez duten energia hori euren beharretarako baliatzeko.

«Ez, baina...» dioen horietako batek esan zidan aurrekoan politikariak gu bezalako pertsonak direla, ez dutela miraririk egiteko gaitasunik, gizartea aldatzeko botererik. Hori ere kapitalismoaren beste tranpa bat da: indibidualismoa. Alderdi politikoetan oinarritutako demokrazia ereduan indibiduoek proiektu kolektiboen ordezkari behar lukete izan, eta hor dago koxka. Alderdi politikoek badute gaur enpresen botereari aurre egiteko proiektu kolektiborik?