Maitea mindu zitzaidanekoa

Irakurle, hurrengo esaldiak ahots sensual eta Hollywoodiense bat irudikatuz irakurriak izan behar dute: «Noizbait maite izan duzu norbait, zu existitzen ez zarela sentitzeraino?»

«Berdin da zer gertatuko den bihar edo hemendik aurrera nire bizitza osoan. Orain zoriontsua naiz maite zaitudalako».

«Zu gabe bizitza bat ez da inolaz ere bizitza».

Gustuko dituzu esaldi hauek? Jarraitu ahal izango nuke... Egunero entzuten ditugu telebistako pelikula erromantikoetan, abestietan. Azkena konkretuki haurrentzako film bateko esaldia da. Mari Errauskin pelikulakoa, hain zuzen.

Ados zaude esaldi hauekin? Laranja erdi bat sentitzen zara beste erdiaren bila? Zure ondoan duzuna egongo ez den egunean zure bizitza amaituko dela pentsatzen duzun horietakoa zara?

Ze zaila ezta? Ezetz erantzutea gustatuko litzaizuke... baina...

Ni haserre sentitzen naiz, txikitatik maitasun erromantikoari buruz buruan sartu didaten guztia ahaztea kosta egiten zaidalako. Kodifikaturik sentitzen naizelako. Kodifikaturik gaudelako maitasuna era konkretu batean sentitzeko, bizitzeko. Moralki eta etikoki kodifikaturik.

Pentsatzen jartzen naiz, emakume bezala zer paper betetzen dudan maitasun erromantiko horren barruan eta gai horrek berotu egiten nau. Zein da nire lekua? Esango zenidake irakurle? Ze, istorio guztietan ni, emakumea, salbatuko nauenaren zain nago eserita, ilea orrazten dudan bitartean zenbat seme-alaba izango ditudan pentsatzen. Horrek egingo bainau naizena. Osoa.

Zain egotea, aspergarria izateaz gain, frustrazioz betetzen zaituen ekintza bat da. Nire kasuan behintzat. Eta beste norbait hori azaltzen denean... horrenbeste denbora izan duzu beste horri buruzko ideia buruan egiten, formatzen, pentsatzen, aurrean duzun errealitate horrek ez baitzaitu inolaz ere asetzen.

Nire buruarekin kabreatzen naiz, nahiz eta hau guztia jakin, batzuetan kosta egiten zaidalako horren kontra borrokatzea. Eta nahiz eta istorioko sorgina naizen, sorgin bezala irudikatzen naizen, sorginen artean biluzik suaren ondoan dantzatzen dudan eta inolaz ere ez naizen printzesarekin identifikatzen, egia esan, ez didate batere erraza jartzen.

Maitasunak era konkretu bat izan behar du. Pertsona batekin bizitza konpartitzeak zoragarria izan behar du. Berezia. Pertsona bakarra maitatu behar duzu. Beretzat bakarrik izan begiak. Maitasunean ez dago dudarik, indarra bakarrik... Ez dakit, irakurle, zu honekin guztiarekin identifikatzen zaren, baina ni ez. Eta nik errazago dudala esan dezaket, heteroxesuala naizelako (gaur behintzat, bihar ez dakit).... Askotan pentsatu dut zer sentituko duen Disneyren pelikulak ikusten ari den haur homosexual batek. Berak maitasuna sentitzeko era inolaz ere isladaturik ikusten ez duenean. Ni arraroa sentitzen banaiz... nola sentituko da bera?

Eta pentsa dezakezu irakurle... gauzak asko aldatu dira, hori jada ez da errealitatea. Aske gara nahi dugun eran maitatzeko. Gizarte aske batean bizi gara. Sexualitate aske bat dugu. Gorputzei ez diegu beldurrik. Gure emozioak ezagutzen ditugu. Eta gure emozioak askatasunez konpartitu ditzakegu beldurrik gabe....

Ziur zaude hori pentsatzen duzula? Ez diozula zeure buruari trabarik jartzen? Ez duzula juzgatzen? Ez zarela juzgatzen? Aske zarela aske maitatzeko?

Egia esan behar badizut, gaurko Puntuka-n ez nuen gai honetaz hitz egin behar. Filosofia hautazko ikasketa jartzeak eragiten didan minaz eta humanismoaren heriotzaz eta pentsamendu sokratikoaren beharraz eta arte ikasketak gradoa galtzeak sortzen duen nazkaz eta horrelakoetaz aritzea zen nire ideia... Baina lagun batekin kafe bat hartzen jarri naiz, eta esan dit:

-Ba uste dut pertsona horretaz maitemintzen ari naizela.

-Maitemintzen? –erantzun diot. Eta buru barruan hitzari bueltaka hasi naiz.

Maitemindu...

Maitemindu...

Maitea mindu...

Eta inoiz baino galduago sentitu naiz...

Eta inoiz baino sorginago sentitu naiz...

Baina zein ost... asmatu zuen hitz hau?

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide