Ez dakin ondo ze gogo neukan hiri idazteko. Lehenengotik tartetxo bat hartu eta bigarren gutuna bidaltzeko. Arratsalde on.


(Argazkikoa da lehen gutuna.)

 

Arrazoi duk, neuk ere onar zezakeat zehazki hire kasuan hika hitz egiteak zentzurik ez daukala. Zukakoa neutroagoa duk. Baina neutroegia ere bai, eta ez nian era hoberik aurkitu euskarak hitanoan daukan zulo hori estaltzeko. Azken batean, oraindik hizketagaitzat atera berriak diren gaiek exijitzen ditek aldaketa hau, baina onartuko zioagu euskarari gaurdainoko moldakortasun ezik. Larrialdietarako irteera graziosoa eta xelebrea baita “dunk” famatua -zenbait aditz formatan balio ez duela ahaztuta-. Duk edo dun, bata edo bestea hautatzen ibili beharrean, biak hautatzea. Baina oraindik bi dituk. Bi bakarrik.

 

Horixe baita oraindik ere daukagun arazo nagusia, errazegia dela gauzak bitara mugatzea. Bi aukeratakoak izaten ditun galdera laburrak, bi ditun simetria-ardatzak, bi belarriak, begiak, besoak, bi Pedro Sanchezek gaur dauzkan lagunak, eta aurten ia-ia bi euro garestiagoa izan dun Zarauzko malekoian izozki bat jatea. Errazagoa dun mundua aurkako bi polotan banatzea, eta -aurkakoek ohi duten bezala- bi poloak elkartzea; baina tartean daudenak zapaltzen dizkin horrek. Hein batean, bi puntu bereiz dauzkan ze zuzenek ez dauzka ba beste infinitu puntu tartean, ezta? A eta B-z gain, zertarako dauzkagu, ba, beste 25 letra alfabetoan?

 

Lehengo erosketen zerrendan ahaztu zaidan arren, heure kalterako, bi dituk genero normatiboak ere. Eta ez-normatiboak ere bai gutxi gorabehera. Gehiago esango diat, normatiboetako eta ez-normatiboetako bi generoak berak dituk. Badakik nora noan. Zorte pixka batekin, zein da inkesta bateko “generoa” laukitxoan gehienez ere biribildu dezakean aukera? “Ez-binarioa”. Eta oso tristea duk. Hargatik ematen dik halako pena ikusten duan aldiro; ikusten ez duanean min gehiago emanagatik. Tristea baita etiketa bat erantzi nahi duenak, erantzi ondoren ze etiketa daukan esateko erantzi duena ez daukala esan beharra. Esaldia gehitxo aldrebestu bazait, binarismotik ihes egin duenak bere burua ez-binariotzat definitu beharra mingarria duk. Mingarria eta bortitza. Biolentzia.

 

Hamletek zioen bezala “izan ala ez izan” dun gakoa. Baina erabiltzailea “zer izan eta zer ez izan” dun, eta bietarako behar ditun bideak, ideak eta kideak. Aukerak, erak eta hizkerak. Eta beste bat, batez ere beste bat. Beste modu bat. Badelako garaia, zer ez izan hain argi daukanan horri, deskarteak utzi eta zer izan erabakitzen uzteko, behingoz. Eta ez utzi bakarrik, horretan laguntzeko.

 

Denok zaukaagu erraztasuna eta modua A edo B, mutur bat edo bestea, gizon edo emakume hautatzeko. Edo behintzat beste inork gugatik hautatu duen hori izateko. Erraza duk, eta ez erraza bakarrik, kasik derrigorra. Horixe behar duk ba. Askatasuna ez duk egon bakarrik egiten, egin eta eman egin behar izaten duk. Ez duk aski “nahi duana izan haiteke eta ez hau inork epaituko”; izan hadi nahi duana, eta guk lagunduko diagu.

 

Hik jarraitu aurrera, iritsiko haiz. Muxu bat.