Kreatibitatea

Arantxa Aldalurrek idatzitako testu berria, Kreatibitatea, irakur dezakezue hemen.

Lanetik etxerakoan zirriborroa idatzita zeukan papertxo bat ikusi nuen lurrean. Bidea eman zidan barruan zer legokeen asmatzeko; erosketa zerrenda, norbaitentzat mezutxoren bat, agian jabeak idatzi ez, jaso egin zuen,…; irudimenarekin etxeraino eta handik haratago joateko aukera eman zidan aurkikuntzak. Papertxo batek eman ditzakeen istorioak. Horrela hasten dira sarritan literaturaren aurreneko urratsak.

Bestalde, haur batek, papera baliotuta, zenbat gauza eraikitzeko gaitasuna izango lukeen otu zitzaidan: kapela, untzia, paper-txoria,… Huskeria batetik zenbat gauza txiki nahiz handi atera daitekeen!

Eta horien guztien koloreekin ere jolas daiteke. Kolore bakoitzak, gainera, esanahi bat baino gehiago aurkezten digu; besteak beste, urdinak lasaitasuna adierazten du; berdeak, osasuna; gorriak, indarra; horiak, jakinduria; laranjak, alaitasuna; zuriak, gardentasuna; arrosak, fintasuna.

Bukaerarik gabeko kreatibitatearen edertasuna, alegia.

Garai honetan, gauzak zuri-beltzean ikustera eraman gaitzakeen egoera honi ere kreatibitatea aplika diezaiokegu, errealitatea nahi dugun koloreetan margotzen laguntzeko.

Papertxo urdina daukat aurrean eta irribarretsu bete nahi ditudan ametsak idatziko
ditut.