Harrigarria egiten zait aspaldi lana utzitako jubilatua erlojuari begira hain sarri ikustea; zenbaterainoko menpekotasuna sortzen duen urte luzeetan erlojuari begira ibiltzeak.

Neuri, berriz, oporretako gauzarik handiena erlojua ahaztea iruditzen zait; beraz, nire jubilaziotik aurrerako bizitza erlojurik gabe irudikatzen dut.

Jubilatua nioen eta ez jubilatu bat, jakineko pertsona bat datorkidalako burura. Beti garaiz iristen den gizonezko horrek ordua arra-arran –iraganean ordu zuzena adierazteko erabiltzen zen espresioa, orratza doi-doi kokatzen zeneko puntuaz ari zena– emango dizu. Bi erloju on ditu eta ordu aldaketa bakoitzean, martxoan eta urrian, ordua aldatu beharrean ordularia aldatzen du maniobrarekin segundorik ez galtzeko.

Neu haurtzaro eta gaztaroan jaioterriko San Martingo erlojuari begira bizi nintzen eta orain, tarteka itzultzen naizenean, mugimendua duen baina aldatzen ez den herriko elementu bakarra erloju hori dela topatzen dut.

Eguneroko martxa galduta daukat, noski, baina txikitan, eskolarako bidean, zein zutabetako ordulariari begiratu halako ordua ematen zizun. Erlojua zutabe bat da eta lau ordulari ditu, alde banatan bat, tapakirik gabeak; bada, haizeak jotzen zuenean orratzak zoratu egiten ziren.

Hor bai merezi zuela erlojuari begiratzeak, ordu dantzaren magia gozatzeko.