Eusko Alkartasunak, Abendañotik Errotaberrira mugituko diren enpresentzat adostutako sustapen neurriaren inguruan

Orain arte EAJk eta bere gobernu-kideak koalizioarekin sinatu dituzten hainbat akordio behin eta berriz ez dituztela bete ikusita, emandako hitza erabat betetzea eskatzen die.

Zarauzko Eusko Alkartasunak 2020. urteko ordenantza fiskalei dagokienean, Udal Gobernua eta EH Bildu koalizioaren artean erdietsitako akordioa begi onez ikustendu. Izan ere, adostasun hauek garrantzitsuak diren hainbat gaitan lortu dira, esaterako, Abendaño eta Errotaberriko industrialdeen garapenean, aurreko legealditik Zarauzko EH Bilduk eskatzen ari den alokairuko etxebizitzetarako sarbidea errazteko diru-laguntza lerrotan edo mugikortasun iraunkorra sustatuko duen planean.

 

EAk azpimarratu nahi du EH Bilduren ekimenez industria-eremuak indartzeko Udal Gobernuarekin adostutako sustapen-neurriak duen garrantzia. Neurri honen arabera, euren jarduera ekonomikoa herrigunetik Abendaño eta Errotaberri industrialdeetara lekualdatzen duten enpresek %50 hobaria izango dute lehen hamar urteetan.

 

EAren iritziz sustapen-neurri hau estrategikoa da Zarauzko herriaren garapenerako, enpresak hirilurretik periferiara mugitzea sustatzeak etorkizun ez oso urrunean gure herria garatzeko ezinbestekoak izango diren Hegoalde bezalako hirilurrak hustutzen lagunduko baitu. Bistakoa da neurri honen eraginez herriguneko eremu hauetan gertatuko diren hustuketa hauek berebiziko garrantzia izango dutela gure herriaren garapenean, babestutako etxebizitza berriak eraikitzea eta premiazkoak diren bestelako hornidurak sortzea ekarriko baitute.

 

 

EAk EH Bilduk etorkizunari begira egiten duen lana eta gobernu taldearekin hain akordio garrantzitsuak lortzea txalotzen ditu, Zarautz iraunkorra eta bidezkoa eraikitzen laguntzen dutelako. Hartutako konpromisoen artean, azpimarratzekoa da, halaber, EH Bilduk eta Udal Gobernuak adostu izana hirilurren gainbalioaren zergaren karga-tasa etxebizitzaren eskualdatzea egiten den urte kopuruaren arabera mailakatzea. Era honetan, espekulazioa helburu dituzten eskualdatzeek zerga handiagoa ordainduko dute. Tarifa Sozialak sakonki berrikusteko konpromisoa ere hartu dute, datorren urteko ordenantzak oraingoak baino bidezkoagoak izan daitezen.

 

Hala ere, EAren ustez deitoragarria da 2020. urteko ordenantza fiskaletarako lortutako akordioan berriro ere 2019ko aurrekontuen negoziazioan jadanik adostutako konpromisoak jasotzen direla ikustea, alokairu programak sustatzeko laguntza-lerroak, esate baterako, agerian uzten baita Zarautzen hain beharrezkoak diren alokairua errazteko diru laguntza sorta horiek ez direla aurten gauzatuko.

 

Hau ez da lehenengo aldia gertatzen dena. 2016an udal gobernuarekin adostu genuen aurrekontua ez zen hein handi batean bete. Hain zuzen ere, EAJk eta PSE-EEk EH Bilduk egindako proposamenetatik 68 onartu eta gero ,% 56 baino ez zituzten gauzatu.

 

Orain beste behin ere agerian geratu da 2019ko aurrekontuentzat jadanik gure Koalizioarekin sinatutako akordioaren zati bat ez dela beteko, ez dela aurten gauzatuko, 2020rako ordenantza fiskaletarako adostutako konpromisoen artean 2019 aurrekontuetarako ere adostutako zenbait partida berriro jaso behar izan direlako. Gure Koalizioko udal taldeak behin eta berriz adierazi duen moduan, aurrekontuak betetzearen kontrol zehatza mantentzeko dagoen berme bakarra Tokiko Gobernu Batzordea oposizioari ireki eta bertan adostutako partiden jarraipen zorrotza eta presentziala egitea da, bestalde, udal politikagintzan bitxia ez den praktika.

 

Eusko Alkartasunak gogorarazi eta exijitu nahi die EAJ eta PSE-EEri gure koalizioarekin sinatutako akordioak dagokion garaian eta osotasunean bete behar diren konpromisoak direla.

 

EH Bilduk gure udalerrian egiten duen lan eraikitzailea zoriondu nahi dugu eta, zailtasunak-zailtasun, bide horretan tinko jarraitzera animatzen dugu.