EAJk eta PSE-EEk arduragabeki zarauztarren ondarea oparitu dute

Erabiltzailearen aurpegia EA Zarautz 2020ko mai. 21a, 12:38

Eusko Alkartasunak Salberdingo lurren salmentarekin lortutako dirua Zarauztarrentzako proiektu soziokulturalak garatzeko bideratzea proposatu du.

Zarauzko Eusko Alkartasunako Tokiko koordinatzailea den Karmele Alberdik gogor kritikatu du Udalak herritaron ondarea saltzeko hartutako erabakia. Izan ere, Salberdingo lurretako hiri-lurzoruaren salmentari argi berdea eman dio, trenbide-geltoki berriaren eraikuntza eta Salberdingo eremua eta Gaztainpe plaza lotuko dituen azpiko pasabidea finantziatu ahal izateko.

 

Alderdiak diru hori Zarauztarrei zuzenduriko proiektu soziokulturaletara bideratzea proposatzen du, adibidez, herrian gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei arreta emango duen egoitza eraikitzeko eta Santa Klara erosteko funts bat irekitzeko: "Geltokiaren obra eta azpiko pasabidearen finantziaketa osoa Eusko Trenbide Sareari dagokio, Eusko Jaurlaritzari, alegia, EAJk eta PSEk bestela erabaki badute ere, eta zarauztar guztien ondarea, dirua, oparitzeko prest agertu badira ere.”

 

Maiatzaren 14an, Covid-19ak eragindako alarma egoera hasi zenetik udalerrian egin zen lehen osoko bilkuran, hain zuzen ere, Eusko Trenbide Sarearekin lankidetzan sinatutako hitzarmen baten bidez, Udal Gobernuko kideek, EAJk eta PSEk, geltoki berriaren eta azpiko pasabidearen obra osoak balio duen 13 milioietatik, 4.346.750,13 € Eusko Jaurlaritzako kideei oparitzea erabaki zuten. Era berean, eragiketa hori finantzatzeko, hiritarraren ondarearen zati bat den Salberdingo lursailetan kokatutako udal-lurzorua saltzea erabaki zen.

Karmele Alberdik deritzo Eusko Trenbide Sareak osorik finantzatu behar duen operazio dela hau, Santa Klara lurpeko pasabidearen eraikuntzan gertatu zen bezala, eta beraz, bere ustetan, Udalak obra hauen harira hartutako erabakia zentzugabekeria larria da, eta are larriagoa garai hauetan: "Ziurgabetasun egoera honetan, iragarri den krisi sozioekonomikoaren atarian, EAJk eta PSE-EEk Zarauzko ondarea oparitzen ari dira. Hori ere sistema publikoa argaltzea da, kasu honetan, udalarena".

 

Alberdik garbi du, "Zarauzko baliabide publikoen kudeaketa hobea egin daiteke eta egin behar da". Horrela, gogorarazi du bere alderdiak “hiritarren onurarako den heinean, prezio taxatuko etxeak eraikitzeko Salberdingo lursaila saltzeko adostasuna“ agertu zuela, baina "Diru hori ezin da xahutu, Eusko Jaurlaritzari oparituz, berari dagokion proiektu bat zarauztarrok ordainduz " salatu du irmoki

 

 

 

 

Proiektu soziokulturalak

 

Bere proposamena zehaztuz, Eusko Alkartasunako Tokiko Koordinatzaileak azaldu du, "orubearen salmentatik lortutako dirua krisi sanitario, ekonomiko eta sozial honek gehien zigortzen ari den pertsonen egoera arintzeko eta hobetzeko proiektuetara bideratu behar da". Kontuan izanik, legez, Udal ondarearen salmentagatik lortutako funtsak helburu berera bideratu behar direla, "Alderdian konturatzen gara funts hauek ezin direla zuzeneko laguntza ekonomikoetara bideratu, baina bai”, erantsi du, “hasi besterik ez den krisi hau gehien pairatzen ari diren pertsonentzako zuzenduriko beste hainbat proiektuetara”.

 

Hori guztiagatik, Karmele Alberdiren iritzian, funts horien erabilera egoki bat, adibidez, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei urte osoan arreta emango dien azpiegitura sortzea da, eta baita Santa Klara erosteko funts bat irekitzea ere, krisi egoera honetan kaltetu handienetako bat tokiko kultura-sektorea baita.