Zarauzko EAren udako balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia EA Zarautz 2023ko ira. 29a, 09:33

Azken bi hauteskundeen emaitzen aurrean gogoeta eta autokritika egitea beharrezkoa da. Doako aparkalekuei dagokienean irizpide aldaketan sakontzea eskatzen dio udal gobernuari.

Aurreratu zuen bezala Zarauzko Eusko Alkartasunak, Zarauzko EH Bilduk bere barne egituretatik kanpo utzi izanak, alderdi politiko gisa, bere jardueran eraginik ez izateko erronkarekin hasi du bere ibilbide politikoa.

Joan den uda honen balorazioa egiterako orduan, Zarauzko EAk ez ditu aipatu gabe utzi nahi udal eta estatu hauteskundeetako emaitzak, irabazleen artean aldea ezarri baitzuten. Deigarria da EH Bilduk, hauteskunde deialdirik zailenean, hots, hauteskunde orokorretan, Zarauzko lehen indarra izatea lortu izana, bereziki garaipena lortzeko aproposagoak ziren udal hauteskundeetan lehen indarrari aurrea hartzea lortu ez zuenean. Koalizioak herrian duen egoerak ez du batere lagundu zarauztarren babes are handiagoa lortzen eta honek hausnarketa eta autokritika sakona eskatzen du.

Udako denboraldiaren balorazio bat eginez gero, beste uda batzuen ildotik joan dela ikusten da, bertute eta arazo berdintsuekin, baina positiboki nabarmentzekoa da udal-gobernuak disuasio-aparkalekuen inguruan egin duen irizpide-aldaketa. Izan ere, EAJk, gobernura iritsi zenetik aurreneko aldiz, Zarautz bisitatu nahi dutenentzat disuasio-aparkaleku doakoa eta hiriko garraio publikoarekin lotura duena sustatzeko ideiari heldu dio.

Eusko Alkartasunak gogorarazi nahi du Juan Luis Illarramendiren alkatetzan, Astiko disuasio-aparkalekua, hiriko garraio publikoaren zerbitzua eskaintzen zuena, errealitate bat zela harik eta Txurruka alkateak bertan behera utzi zuen arte, Zarauzko erdigunean aparkalekuak jartzearen alde egiteko, zirkulazioa eta segurtasunik eza areagotuz.

Irizpide aldaketa txalotzen dugu, zortzi urte galdu badira ere. Honela,  udal gobernuari ausardia eskatzen diogu bere mugikortasun politikan, beharrezkoa ez den ibilgailuen trafikoa herriaren erdigunetik ateratzeko apustu garbia egin dezan. Ildo honetatik, Zarauzko EAk proposatzen du Zarauzko periferian doako aparkalekuak kokatzea aztertzea, hala nola Abendañon, Itxasmendin eta Kortazarren. Hauek Astiko eta etorkizunean Eguzki Izarreko eraikinetako aparkalekuen osagarri lirateke.

Azkenik, eta gai berdinari tiraka, ez dugu  Santa Klara lorategietan lurpeko aparkaleku handi bat eraikitzearekin bat egiten, zuhaitz handiak landatzea oztopatuko lukeelako eta inguru horretara ibilgailu asko erakarriko lituzkeelako. Izan ere, horrek talka egiten du garraio publikoarekin lotura duten doako disuasio-aparkalekuen apustuarekin.