"Gauzak beste era batera egin daitezke, eta oraindik garaiz gaude horretarako"

EH Bilduk adierazi du Nafarroa kaleko ezkiak ez botatzeko eskatuz jaso diren 5.500 sinadurak kontuan hartu behar direla eta saneamendu lanak zuhaitzak bota gabe egin daitezkeela. Udal Gobernuari eskatu dio beste proiektu alternatibo bat aztertu bitartean egin beharreko lanak geratzeko, zuhaitzak botatzea aurreikusten duen proiektuak milaka eta milaka herritarren aurkakotasuna duelako. EH Bilduk nabarmendu duenez, "gauzak ezin dira edozein moduz eta edozeren gainetik egin" eta, horregatik, 5.500 zarauztarren sinadurak aintzat hartuz, planarekin batera, berriro ere, jarrerak eta gobernatzeko moduak berrikusteko eskatu dio EAJren eta PSE-EEren Udal Gobernuari.

Zarauzko EH Bilduk agerraldia egin du gaur hedabideen aurrean, atzo udal osoko bilkuran eztabaidagai izan zen mozioaren harira. Izan ere, aurreikusita dago urrian Nafarroa kaleko ur-hornidura eta saneamendu-sareak berritzea, eta horretarako Nafarroa kaleko 250 bat zuhaitzen sustraiak moztea eta zuhaitzak botatzea aurrikusten du Zarauzko Udalak. Erabakia uda betean jakinarazi arren, erantzun irmoa eta zabala izan du herritarren artean, eta Nafarroa kaleko zuhaitzak babesteko Tiloak plataforma ere sortu dute hainbat herritarrek. Plataforma horrek, zehazki, zuhaitzak ez botatzeko eskatuz 5.500 zarauztarren sinadurak eskuratu ditu, eta horien babesarekin, mozioa aurkeztu zuen atzo udal osoko bilkuran, herritarrek udaletxe atarian bilkura egin zuten bitartean.

EH Bilduren izenean Itziar Murua eta Ion Arozena zinegotziek gaur prentsaurrean nabarmendu dutenez, "Aski ezagunak dira, uda honetan nabarmen pairatu ditugulako, larrialdi klimatikoaren ondorioak. Beroa, itzalik eza, kalean egon ezina. Ongizateaz ari garenean, herrietan bizitzeko dugun moduaz eta ditugun baliabideez, naturarekin dugun harremanaz eta elkarrekintzaz ere ari gara. Azken boladan egunkarietan eta aldizkari espezializatuetan sarritan irakurri dugu, zuhaitzek tenperatura jaitsieran duten efektuaz, baina hortaz harago, herriari izaera propioa ematen dieten elementu historikoak ere badira, eta balio emozionala eta soziala dute. Mundu berri honetan, dena bota eta berria egiteko ohitura hartzen ari dira asko, eta maite duguna mantentzeari garrantzi gutxiegi ematen zaiola uste dugu. Hau horren beste adibide bat da".

 

Zuhaitzak ez kentzeko ahalegin handiagoa egin behar da

Horregatik, eta EH Bilduk bat egiten badu ere Nafarroa kaleko ur hornidura eta saneamendua berritu beharrarekin, lan horiek ezkiak bota gabe nola egin gehiago aztertu beharko litzatekeela uste du: "Bat egiten dugu, beraz, Tiloak plataformak egiten duen eskaerarekin: zuhaitz sano eta mardulak kentzea saihesteko ahalegin handiagoa beharrezkoa da, eta hori aztertzeko lanak eskatzen ditugu guk ere. Plataformak bere mozioan alternatiba ezberdinak ere planteatzen ditu eta horiek (edo beste batzuk) ongi aztertu beharko lirateke beharrezkoak diren lan horiek zuhaitzak bota gabe egin ahal izateko".

Udalak pasa den astean, azken orduan, presaka eta gaztelera hutsean zabaldutako txostenaren ondorioen arabera, gaur egungo proiektuarekin, kalea birmoldatzeak eragin larria izango luke zuhaitzetan. EH Bildurentzat, "gauzak ezin dira edozein moduz eta edozeren gainetik egin. Zuhaitz horiek herri honen altxor naturala dira, herriari izaera ematen diotenak. Milaka herritarrek proiektu horri erakutsitako desadostasuna da horren adibide".

Beraz, "EAJ-PSEren Zarauzko Udal Gobernuari eskatzen diogu, 5.500 sinadurak aintzat hartzeko, eta ezki hauek mantenduz beste proiektu alternatibo bat aztertu bitartean egin beharreko lanak geratzeko. Proiektu honek herritar askoren aurkakotasuna dauka, nabarmen azaldu zen atzo, eta gure aldetik, Tiloak plataformaren ekarpen, proposamen eta egiten dituzten ohar eta salaketei arduraz heltzeko deialdia luzatu nahi dugu".


------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

EH Bilduren gaurko agerraldiaren testua, osorik:

 

 

Egun on, eta eskerrik asko gaur hona etorri zareten guztioi.

 

Atzo udalbatzarrean eztabaidatu zen ezkien inguruko mozioaren eta herritarren artean bildutako 5.500 sinaduren inguruan, EH Bilduren iritzia plazaratu nahi dugu.


Aski ezagunak dira, uda honetan nabarmen pairatu ditugulako, larrialdi klimatikoaren ondorioak. Beroa, itzalik eza eta
kalean egon ezina. Ongizateaz ari garenean, herrietan bizitzeko dugun moduaz eta ditugun baliabideez, naturarekin dugun harremanaz eta elkarrekintzaz ere ari gara.


Azken boladan egunkarietan eta aldizkari espezializatuetan sarritan irakurri dugu, zuhaitzek tenperatura jaitsieratan duten efektuaz, baina hortaz harago, herriari izaera propioa ematen dieten elementu historikoak ere badira izan, balio emozional eta soziala dutenez. Mundu berri honetan, dena bota eta berria egiteko ohitura hartzen ari dira asko, eta maite duguna mantentzeari garrantzi gutxiegi ematen zaiola uste dugu. Hau horren beste adibide bat da.


Nafarroa kaleko ur hornidura eta saneamendua berritu beharrarekin ados gaude. Hornidura eta saneamenduaz gain, urbanizazioak ere berritze bat eskatzen du. Baina aurrez esandakoak jakinda, udalak lan horiek ezkiak kendu gabe nola egin gehiago aztertu beharko lukeela uste dugu. Bat egiten dugu, beraz, Tiloak plataformak egiten duen eskaerarekin: zuhaitz sano eta mardulak kentzea saihesteko ahalegin handiagoa beharrezkoa da eta hori aztertzeko lanak eskatzen ditugu guk ere. Plataformak bere mozioan alternatiba ezberdinak ere planteatzen ditu eta horiek (edo beste batzuk) ongi aztertu beharko lirateke beharrezkoak diren lan horiek ezkiak kendu gabe egin ahal izateko.

 

Pasa den astean, ohi duenez, Udal Gobernuak azken orduan eta presaka zabaldu zuen txostenaren ondorioen atalean dio, kalea birmoldatzeak, dagoen proiektuaren arabera, eragin larria izango duela zuhaitzetan, eta haien egonkortasuna arriskuan jarriko dela, sustraiak kaltetuko baitira. Baina hori orain onartuta dagoen proiektuarekin da. Alegia, txosten honek ez du plataformak eskatzen duena kontrajartzen, alderantziz, eskaerari arrazoia ematen dio. Horregatik eskatzen dugu zuhaitzetan eragin larririk izango ez duen alternatibak aztertzeko.


Gauzak ezin dira edozein moduz eta edozeren gainetik egin. Zuhaitz horiek herri honen altxor naturala dira, herriari izaera ematen diote. Milaka herritarrek proiektu horri erakutsitako desadostasuna da horren adibide.

 

Zarauzko EAJ-PSEren Udal Gobernuari eskatzen diogu, 5.500 sinadurak aintzat hartzeko, eta ezki hauek mantenduz, beste proiektu alternatibo bat aztertu bitartean, egin beharreko lanak geratzeko. Proiektu honek herritar askoren aurkakotasuna dauka, nabarmen azaldu zen atzo, eta gure aldetik, Tiloak plataformaren ekarpen, proposamen eta egiten dituzten ohar eta salaketei arduraz heltzeko deialdia luzatu nahi dugu.

 

Ardura aipatu dugu, eta ez da kasualitatea. Izan ere, alkateak atzoko plenoan izandako jarrera oso urrun dago gai honek eskatzen duen arduratik eta seriotasunetik. 5.500 herritarren sinadurak aurrean dituenean, gaiari heldu beharrean, EH Bildu jomugatzat hartu eta egundokoak esan zituen gure jardunaz. Beste behin ere, EH Bilduren aurka ekitea  aitzakia ederra da benetako mamiari ez heltzeko. Gaia beste bat da: Nafarroa kaleko ezkiak ez botatzea, eta horren erantzukizuna eta konponbidearena Udal Gobernuarena da.. Atzo ikusi genuenak ondo erakusten du Zarauzko alkatearen aldartea eta jarrera nolakoa den, milaka eta milaka herritarren eskaerari inolako kasurik egin gabe.

 

Aukera asko ari da pasatzen uzten gobernu hau, akordio zabalen bidez eta herritarrekin partekatuta erabaki adostuak hartzeko. Gauzak beste era batetara egin daitezkeela uste dugu, eta oraindik garaiz gaudela horretarako.

 

Horregatik, 5.500 zarauztarren desadostasuna aintzat hartuz, planarekin batera, berriro ere, jarrerak eta gobernatzeko moduak berrikusteko eskatzen diogu Udal Gobernuari.

 

Gauzak beste era batera egin daitezke eta oraindik garaiz gaude.

 

Eskerrik asko.