Iazko apirilean jaso zuen Ingurugiroaren Goldman saria Berta Caceresek, Hondurasko Herri Indigenen Kontseiluko koordinatzaileak. Nazioarteko enpresa hidroelektriko handienaren proiektu bat geldiarazteagatik eman zioten \xabNobel berdea\xbb —bestea, \xabofiziala\xbb, hormigoizkoa da nonbait—, lurraldea mapa bat eta bi sinadura baino zerbait gehiago dela adierazteagatik. \xabErrebeldia guztiei\xbb eskaini zien saria. Errebeldia hori garesti ordaindu du; ingurukoekin lehenbizi, eta bere bizitzarekin orain.

Zergatik zen Berta Caceres hain arriskutsua? Neoliberalismoari traba egiten dion guztia gorpuzten zuelako. \xabLurretik, uretik eta artotik sortuak gara\xbb, esaten zuen, eta Mendebaldeak irri egiten zion. Naturaren erritmora doan bizi eta kontsumo eredua aldarrikatzen zuen, eta ekoizle handien pazientzia urratzen zuen. Herri indigenen eskubideak aldarrikatzen zituen, eta gobernuei ez zitzaizkien axola. Baina ingurukoak mugiarazten zituen \xabibaiak ekitera deitu gaitu\xbb esanez, esaldi hark, funtsean, askoz harago zihoan dei bat zekarrelako.

Berta Caceres bezalako zenbat emakume ote daude munduko gatazketako bakoitzean; batzuetan lehen lerroan, eta ia beti atzealdean, ingurukoak mugiarazten, errebeldiara deitzen eta taldeari eusten, eguneroko jardunetik erraldoiei desafio egiten.

Osorik irakurri