Iritzia: ‘Leihoa’

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2017ko ots. 16a, 10:45

Behin edo behin pentsatu izan dut HITZAren ostegunetako atal hau kalera ematen duen leiho bat dela, eta leiho horretatik jarduten dugula gure iritziak eta istorioak kontatzen. Baina ez luke leiho itxia behar. Nik, behintzat, asko eskertzen dut leihokoari hitz egin eta kalean idatzitakoari buruz zerbait komentatzen didatenean. Zenbaitetan, gainera, jakin-mina egon ohi da iruzkin horietan, irakurritakoaren haritik zerbait gehiago jakiteko gogoa.

Horrela, batek baino gehiagok esan dit Getaria-Zarautz-Orioko balearen kontuak argitzeko gehixeago, edota aurreko batean aipatu nuen Mattin Artzuren (Machin Arsu paperetan) abenturak kontatzeko. Banoa. Urrutitik hasita.

Nafarroako Antso VII.a, Azkarra, gizon handia omen zen, bi metrotik gora, zentimetro dexente gora, baina nahikoa lan izan zuen auzoko lotsagabeak menderatzen. Gaztelako Alfontso VIII.ak, Antsoren lehengusua edo, amaren aldetik, 1200. urtean Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa bereganatu zituen, Nafarroako Erresumari sekulako hozkada eginez. Antsok Erromako agintariarengana jo zuen, baina Aita Santuak esan zion errege kristauek ez zutela mokoka ibili behar, egiteko Gerra Santua eta menderatzeko Al Andaluseko musulmanak Jainkoaren loriak handiagotzeko. Eta han joan ziren Alfontso eta Antso elkarrekin borrokara (1212).

Joxan Artzek gogoratzen digu: “Arrano beltzarekin joan ziren, joan, Jaengo Navas de Tolosara, nafarrak, eta kateekin itzuli ziren etxera; atzerritarrentzat atzerrian gerla irabazi, eta Herrian Nafarroa galdu…”.

Alfontsok, 1214an gaixo, San Pedrori bizarrak ikusi zizkionean, esaten omen zuen Antso lehengusuari itzuli egin behar zitzaizkiola Donostiatik Bidasoa arteko lurrak, bereak zituelako, Nafarroakoak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gainerakoak bide onez irabazitakoak jotzen, itxuraz, Gaztelakoak, baina kostaldeko herri haien lapurretak bihotza zamatzen, dirudienez. Alfontsoren asmo “onak” berarekin joan ziren lurpera eta Nafarroa itsasorako biderik gabe geratu zen geroztik: Erresuma zaharraren galbiderako eskailera-maila jaiste larria.

Antsoren ondorengoa Tibalt I.a Xanpainako kondea izan zen, eta Nafarroako politikak Frantzia aldera zuzendu zuen iparrorratza handik aurrera. Nafarroari kendutako lurraldeen kontua, ordea, ez zegoen konpondua, inola ere, eta edozein aitzakia ona zen ika-mikan hasteko. Horrela, 1280. urtean, Frantziako errege izateaz gain Nafarroako erregeordea zen Filipe III.ak Hondarribia setiatu zuen Nafarroako eta Frantziako soldaduekin. Alfontso X.a, Jakintsua, lehen aipatutako Alfontso VIII.aren birbiloba, “kasualitatez” orduan Donostian zegoena, Hondarribikoei laguntzera joan zen.

Jaizkibel barreneraino iritsi zenean bere soldaduekin, han inguruan bizi zen jendeari iritzia eskatu zion: ea nola egin gogor beheko herria setiatzen ari ziren nafar-frantziarrei. Mattin Artzuk, Gornutz auzoko Arsu oinetxeko jaunak, esan omen zuen: “Nik gidatuko zaituztet, baina…”.

Baldintzak hauek izan omen ziren: “Para no ser sentidos de los enemigos (se) mandase que las herraduras de los cavallos fuesen atapadas y cubiertas con paños para que no sonasen hasta que no estuviesen sobre ellos, y para que fuesen conocidos entre si sobrevistiesen sus camisas y caminasen con silencio…”

Estali zituzten zaldien ferrak, jantzi alkandorak beren burdin-jantzien gainetik, eta isilik eta ezkutuan iritsi Hondarribira Jaizkibelgo bide ezkutuetatik. Bost zaldun hil omen zituen Mattinek Filipe errege eta erregeordearen gizonik onentxoenetakoak, eta haien buruak agertzen omen dira artzutarren armarrian, Hondarribiko Ubilla kaleko 4. zenbakian ageri denean.

Ez dakit Gaztelako erregeari egindako mesedeak onik ekarri zuen gure herrira, baina horiek izan ziren Mattin Artzuren balentriak.