Iritzia: 'Gogora ekarri'

(Kutxa Fototeka).

Memoria adiskide bihurria da: batzuetan, gogoratu nahi ez genituzkeen kontuak ekartzen dizkigu gogora, eta, tarteka, ez dizkigu gogora ekarri nahi ezagunak izan baina atzendu ditugun oroimenak.

Gaur egun ohikoa egin zaigu memoriaz hitz egitea, gerrako eta ondorengo urteetako hainbat kontu argitara atera baitira azkenaldian. Aipatu nahi nuke Amagoia Gurrutxaga Urangaren 36ko gerrari buruzko Zarauzko gutunak liburua, hor argitaratzen baitira hainbat zarauztarrek urte luzez memoriaren ezkutuan gordetako hainbat istorio eta gertakizun.

Memoriak ahaztutako edo baztertutako zenbait gauzak, ordea, begietara salto egin ohi digu gutxien espero dugunean. Duela hamabost bat egun, beste kontu batzuetarako datu bila nenbilela, halaxe egin zidaten Kutxa Fototekako “Fondo Marin” izeneko lau argazkiek. Argazki horiek 1932. urtekoak dira, Zarauzko Euskal Festa egunekoak, eta lehenengoan, garaiko karroza bat ageri da kale nagusian, Banco Guipuzcoanoaren aurrean, aizkolari pare bat ari direla jo eta ke aizkora-apustuan.

Bigarren batean, neska-mutil talde handia dago, gehienak irribarretsu eta festarako jantzita, bat edo beste serio-serio, eta bakar bat ezpainetatik zigarro mozkin bat zintzilik duela (horrek, beharbada, jasoko zuen zaplaztekoren bat, ohi zenez festetako lehen zigarroa San Pelaion erretzeagatik; ezin da horrelakorik egin argazkia ateratzerakoan!). Ariketa polita litzateke ikustea ea gaurko zarauztarrentzat ezagunik ba ote den argazki horretan.

Hirugarrena ere karroza baten argazkia da, gurdiaren gainean Legorreko-arrantzaliak izena duen trainerua irudikatuta, eta traineruan arraunlariak patroi eta guzti. Garai hartan, karrozetan beti zerbait egin edo antzeztu behar izaten zenez, arraunean ere egingo zuten, agian.

Azkenerako utzi dut beste karroza batena, baserri bat edo irudikatu nahi duena, sugatza (garo-meta) alboan, eta neska gazteak aterpe batean ez dakigu zer eginkizunetan. Kale nagusian dago, gaur Musika Plaza deitzen dugun horren ertzean.

Zarautzen izan dugu hainbat leku-izen geuk nahi dugun eran deitzeko ohitura, eta, horrela, gerra ondoren Victor Pradera izena zuen kaleari Txerrikale deitzen zitzaion; Plaza de Nuestra Señora del Pilar izena zuenari plaza txikia, eta Plaza de Españari Musika plaza. Laugarren argazki honek erakusten du, ordea, memoriak zapo-saltoan pasatzen dituela zenbait izen. Urte askotan ezkutuan egondako zerbait ekarri dit gogora, eta uste dut zarauztar askori ere halaxe egingo diola.

Esanda bezala, argazki horretan karroza bat plazaren ertzean ageri da, eta inork zalantzarik izan ez dezan non dagoen, etxe-kantoiko iragarkiak dio: Hotel Otamendi, restaurant. Baina iragarki hori bezain garbi irakurtzen da plazaren izena. Garbi dio: Plaza de la república-Errepublikaren enparantza. Horixe da memoriak ezkutatu digun izena, Zarautzen izan zela Errepublikaren enparantza bat, lau urte barru Plaza de España bilakatuko zena, bestalde.

Konturatuta nago kale eta plazak izendatzeko plakak alferrik galtzeko bidean daudela. Itxuraz, merke-xuhurrean ibiltzeagatik, azken boladan jarritako plaken zuriaren gainean itsatsitako letra gorriek askatzeko eta bihurritzeko joera dute eguzkiaren lehor eta euriaren hezearekin. Beraz, hurrengo plaka sendoagoak jartzerakoan, ea norbaitek gogora ekartzen duen plaza hori lau urtez Errepublikaren Enparantza izan zela, edota, bestela, ea zarauztarrok, kale-plazen izenak aldrebesteko dugun joera horri jarraituz, Errepublikaren Enparantza ekartzen dugun ezpainetara dagoeneko oso maiz musikarik izaten ez den Musika Plaza hori izendatzeko.