Ourense urruti dago

44-24, Ourenseren alde. Emaitza garbia da. Hala ere, Zarautz gehiago izan zen zenbait unetan. Bigarren zatiaren hasieran, adibidez: 5 minutuan 14 puntu egin eta galiziarrak urduritzeraino. Zarauztarrek puntu guztiak borrokatu zituzten, baina baita akatsak garesti ordaindu ere eta Ourensek etekina atera zien ia eraso guztiei. Hortik emaitza. Galizia urruti dago eta 8 orduko autobus bidaiak ere mesederik ez, seguru asko, zarauztarren sasoi onari.

Lehen zatian, Ourensek puntuak bildu zituen ia-ia zarauztarren zelaia zapaldu zuen bakoitzean: 5 entsegu eta bi transformazio egin zituzten. Zarauztarrek entsegu bakarra eta 29-5  iritsi ziren atsedenaldira. Touche-a, albotik ateratzea, zarauztarren indargunea izan zen partida osoan eta halaxe lortu zuten lehen zatiko entsegua, 14. minutuan. Aldeko kolpea zelai ertzera bota, touche-an baloia irabazi eta maule-an, Facundo Orivek kokatu zuen baloia marraren beste aldean. Ourenserentzat puntuak egin zituztenen artean, izen galego gutxi: Joseph Thomas Marston, Jerry Suromi Davoibaravi, John Jeffrey Taljard, Santigo Alonso eta Yago Rodriguez.

Galiziarrek ondo jokatu zituzten uztartzeak, melé-ak, eraginkorrak izan ziren erasoan eta etekina atera zieten zarauztarren pase kaxkar eta despiste bakoitzari. Zarauztarrek izan zituzten arriskua sortzeko moduko eraso jokaldiak eta nor baino nor eutsi zieten galiziarrei une askotan, baina ez ziren eraginkorrak izan.

Bigarren zatia, aldiz, oso bestela hasi zen. Zarauztarrak piztuta atera ziren zelaira. Lehen jokaldian, entsegua Sebastian Sedranek, galiziarren lerroa hautsita eta hurrengo jokaldian berriz, zarauztarren jokaldi klasikoa: baloia touche-ra 5 metroko marraren gainean, baloia irabazi, zabaldu eta indarrez, barrura, Ugaitz Agirren eskutik. Carlos Estradak transformazioak eta 5 minutuan, 14 puntu. 29-19, bat batean. Zarautz partidan sartuta eta streaminez partida kontatzen ari ziren galiziarrak, edozer gerta zitekeela esanaz. Borrokak berdinduta segi zuen eta bakoitzak beste entsegu bana egin zuen. Ourensek aurrena, 34-19 eta Zarautzek hurrena, hirugarrenez jokaldi berarekin: touche, maul eta Facundo Orivek entsegua. 34-24 eta partida oraindik zabalik. Zarauztarrek izan zuten aldea gutxitzeko beste aukera bat, jokaldi bera errepikatuta, baina oraingoan Ourensek aurre egin zion zarauztarren maul-ari eta ez zen posible izan. Ourenseren aldeko melé-a etorri zen gero, 5 metroko marraren gainean. Zarauztarrak saiatu ziren, baina bigarren zatian, zarauztarren melé-a ez zen galiziarrei eusteko gauza. Jokoa ez aurrera ez atzera egon zen minutu batzuez,  baina azkenean, entsegua Ourenserentzat, bere onenak emanda dagoen Falemaka Tatafu ezagunak. 41-24 partida amaitzeko 8 minuturen faltan eta oraindik izan zen denbora, Zarauzko jokalari bati txartel horia atera eta zigor kolpean Ourensek beste 3 puntu batzeko.

44-24 azken emaitza eta zarauztarrak esku hutsik autobusera.

Zarautzek lehen jardunaldiko 4 puntuekin jarraitzen du, 9. postuan, ezohiko sasoi honetan jokatzen ari den liga arraro honetan. Covid-ak eragozten ez badu, hurrengo partida Astin jokatu dute datorren asteburuan La Unicaren aurka eta erabakigarria izango da. Babesle ofizialik gabe oraindik, taldeak Zarauzko errugbi zaleen babesa beharko du ezinbestez, aurrera egiteko.

Zarautz Rubgy taldea babesteko: www.zarautzrugby.com/eu/egin-zaitez-kolaboratzaile

Bultza Beltzak!

Garbiñe Uria

Osorik irakurri