Ostarte zabala Astin

Euria eta hotza zeuden iragarrita larunbat arratsalderako Astin, baina eguraldiak ateri eutsi zion, eguzkia epeltzera iritsi zen, eta Gesalaga Okelan errugbi taldeari ere zerua zabaldu zitzaion, apur bat, Palenciaren aurka 53-12 irabazi ondoren. Postu bat gora egin du Zarautzek sailkapenean. Seigarren da orain, 32 punturekin, eta denboraldia amaitzeko bi partidaren faltan, ia-ia lortu du aurtengo helburua: mailari eustea, aparteko larritasunik gabe.

Palencia aurten igo da estatuko bigarren mailara, beste hainbat taldek aukera horri uko egin ondoren. Talde saiatua da, baina asko sufritzea tokatu zaio, handitxo geratzen zaion tokian ari delako, seguraski. Larunbatean ere, bi taldeen arteko aldea nabaria izan zen. Hasi orduko, bi melé irabazi zituen Zarautzek segidan eta 8. minuturako beltzek bi entseguko aldea zuten. Lehenbizikoa, zarauztarrek ohi duten erara: baloia touchera, maula osatu eta indarrez ia 20 metro bultzaka eginda markatu zuen Urko Zumetak. Arratsaldean zehar, beste 3 egin zituen Urkok berak. Bigarren entsegua, 8. minutuan, Sorreluz anaiena izan zen, erdibana. Juanek Palenciaren defentsa lerroa hautsi eta ihes egin zuen baloiarekin, baina azken metroan Martini baloia pasa eta berak utzi zuen marraren beste aldean. 10-0, Zarautz aurretik. Hurrengo minutuetan, Palenciak izan zituen aukerak, besteak beste, Zarautz bi jokalari gutxiagorekin geratu zelako: batetik, txartel horia atera zieten, eta bestetik, Juan Sorreluzek min hartu zuen. Palenciak ere badaki errugian eta 14. minutuan egin zuen marka. 10-5. Ostikadatan asmatu izan balute, beste 5 puntu ere egiteko moduan izan ziren, baina zorterik ez, eta horraino iritsi ziren. Hurrengo txartel horia Palenciak jaso zuen, lehen zatia amaitzeko ordu laurden faltan eta une horixe baliatu zuten beltzek tartea irabazteko. Aner Larrañagak eta Urko Zumetak entsegu bana egin zuten. Carlos Estradak transformazioak, gehi zigor ostikada bat, eta 27-5, Gesalaga Okelan atsedenaldira lasai joateko moduan.

Bigarren zatia ere antzera hasi zen, zarauzko aurrelarien erakustaldiarekin. 5 metrora eratutako méléari bultzaka egin zuen Urko Zumetak beltzen 5. entsegua. Hurrengoa Xabier Rekondok, toucha atera, maulari bultza eta azken unean mauletik baloiarekin ihes eginda, eta zazpigarrena, berriz ere, Urko Zumetak. Oraingo honetan, talde osoaren eraso jokaldiari errematea emanda. Ostikadak Carlos Estradaren kontu eta bigarren zatiaren 20. minuturako Zarautz 46-5, 6 entseguren aldearekin irabazten. Xabi Castaño entrenatzaileak jokalariei txanda emateko baliatu zuen tartea eta horrek apur bat aldatu zuen ordura arteko martxa. Bigarren zatiaren amaiera aldera, minutu asko jokatu ziren zarauztarren entsegu marratik gertu, baina Palenciak ezin izan zituen aukerak aprobetxatu. Paseetan huts egin zuten edo baloia erori zitzaien azken unean... azkenean, epaileak zarauztarren aurkako zigor entsegua seinalatu zuen, behar baino gorago plakatzeagatik eta horri esker bildu zituzten Gaztela-Leongoek beste 7 puntu: 46-12. Partida amaitu zitekeen horrela, baina Gesalaga Okelanekoak ez dira erraz konformatzen eta amaiera gainean zela, Martin Sorreluzek egin zuen azken entsegua, baloia jaso eta bakarrik ihes eginda. Estradaren ostikadarekin, 53-12, azken emaitza.

Denboraldia ez da amaitu, baina Gesalaga Okelanek aurten etxean jokatu duen azken partida izan zen larunbatekoa. Urtea borrokatua izan da. Lesioek ez dute barkatu eta tarteka sufritzea tokatu da. Horregatik, jokalariek merezitako txalo zaparrada jaso zuten zaleen eskutik. Bera-Bera eta Ourense geratzen zaizkio orain Zarautzi eta, printzipioz, ez luke arazo handirik izan behar denboraldia salbatzeko. Ourensen denboraldia amaitu aurretik, ordea, Garagardo Azoka egingo da, bi urteko etenaren ondoren; kirol emaitzak bezain garrantzitsua, taldearen egiturari eusteko eta etorkizuna irabazteko. Apirilaren 13tik 18ra da hitzordua, Munoako karpan. Han egingo dugu topa. Bultza Beltzak!

Testua: Garbiñe Uria