Bapo!

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2023ko api. 17a, 09:45
Zarautz Rugby Taldea (Prestaenea)

Finalerdietara sailkatu da Gesalaga Okelan Zarautz errugbi taldea Fenix Zaragoza 5-0 emaitzarekin irabazi ondoren.

54-0 irabazi zion Gesalaga Okelan Zarautzek Zaragozako Fenixi, larunbatean, Astin. Sendo eta eztabaidarik gabe. Errugbi erakustaldia eta sailkapen historikoa. Larunbateko emaitzari esker, Zarautzek bigarren amaitu du igoera fasea, Alcobendas ahalguztidunaren atzetik. Orain, final-aurrekoa jokatu beharko du joan-etorrian Santanderren aurka, eta hori irabazi ezkero, finala. Lehen mailaren atarian, beraz, eta ohorezko mailan ate joka hasteko prest. Urte hasieran ezarritako helburuak aise gainditu dituzte, baina taldea ez dago ezeri uko egiteko. Bakarren bat harritu egingo da, iaz estu ibili zen taldea aurten horrela ikusteaz, baina Astira maiz joan denak badaki Gesalaga Okelan Zarautzek udazken hasieratik erakutsi dituela gosea, talde-lana eta errugbi ona. Beltzek ia dena irabazi dute Astin (berdinketa bat ez, beste guztia) eta 2 partida besterik ez dituzte galdu, urte osoan, etxetik kanpo. Taldea hazi eta sendotu egin da hilabeteak pasa ahala; Aste Santuko etena primeran etorri zaio nekea arintzeko eta larunbatean, sekulako errugbi partida oparitu ziguten Beltzek. 8 entsegu, 7 transformazio, defentsa lan ikaragarria, mélé-an indartsu eta touche-an fin. Dena egin zuten ondo eta dena atera zitzaien nahi bezala.

Hasi eta 6. minutuan egin zuen lehen entsegua Zarautzek. Zigor kolpea alde, ostikada touche-ra, alboko sakea, maul-arekin metroak irabazi, baloia atera eta pase pare batekin, marraren beste alderaino. Facundo Oriverek entsegua eta Gervasio Aldaok transformazioa. Carlos Estrada min hartuta dago eta larunbatean “Gerva”k jokatu zuen 10arekin. Berak jaurti zituen ostikadak eta bikain aritu zen. Hurrengo minutuetan, eta partida osoan, Fenix saiatu zen erasoan, baina Beltzen horma topatu zuten aurrean, behin eta berriz. Gesalaga Okelan sendo, ordenatuta eta nekaezin aritu zen defentsan. Erasoan berriz, eskura, bizi, zehatz, eta beti taldean. Errugbi dotorea. Zaragozarrak ez ziren 22tik pasa eta Gesalaga Okelanek 6 entsegu egin zituen 40 minutuan. Bat, zazpi minutuoro, gutxi-gora-behera. Bigarrena, Iosu Valencianok, jokaldi ikusgarrian. Zelai erdian baloia jaso, bizi aurrera eta aurkari pare bati iskin eginda iritsi zen entsegu marraraino. “To-re-ro” oihuka eskertu zion harmailak. Hurrengo bi entseguak Urko Ederrarenak. Lehenengoa, ertzetik, Jon Ander Puertasen paseari errematea emanda eta bigarrena, makilen erdi-erdian, talde jokaldia amaituta. Facundo Oriverena bosgarrena, maul-ean eta lehen zatia amaitzear zela, Jon Ander Puertasek seigarrena, , baloia mélé-tik hartu eta korrika, metro luzez bakar-bakarrik aurrera eginda. 6 entsegu, denak gauzatuta: 42-0 amaitu zen lehen zatia. Bigarren zatian, zaragozarrak are gehiago saiatu ziren. Minutu luzez izan zuten baloia eta ahalegindu ziren, kemena galdu gabe, baina méle-an ez ziren gauza, alboko sake zenbaitetan huts egin zuten eta erasoan hasita, Beltzen defentsak atzera egitera behartu zituen askotan. Entsegu eremura arrimatu ziren pare bat aldiz, baina ezin izan zuten aurrera egin. Beltzek garaiezinak ziruditen defentsan.

Bigarren zatian ez zuten baloi askorik izan, baina talde jokaldi ikusgarriak harilkatu zituzten eta baloia izatera iritsi zirenean, ez zuten barkatu. Bigarren zatiaren azken 10 minutuetan, 2 entsegu, bata bestearen atzetik, Martin Sorreluzek, Ander Aristiren paseak baliatuta. Azken entseguan, marraren gainean plakatu, baina lortu zuen korapilotik askatu eta baloia marraren beste aldean uztea. 54-0 azken emaitza.

Partida, emaitza bezain garbia izan zen. Txartel horirik ez, harmailan bi taldetako zaleen animo oihuak txandaka, eta batzuetan batera, eta hirugarren denboran, giro ona Astin, eguraldia erdipurdikoa izanda ere. “Hemendik aurrera, gu zuen alde” izan zen Fenixeko zale baten despedida. Estimatzen da, denen animoak beharko direlako. Apirileko azken asteburuan eta maiatzeko lehenengoan jokatuko ditu Gesalaga Okelanek final-aurrekoak. Lehenengo partida Santanderren, eta itzulerakoa, Astin. Bi aldiz jokatu dute Beltzek Kantabriakoen kontra, haien zelaian. Lehenengoan galdu egin zuten, hurrena berdindu, hirugarrenean irabaztea tokatzen da. Izango da bertara joateko modua eta ona litzateke Astiko giroa San Romango zelaira eramatea. Ea denon artean lortzen dugun! Hurrengo erronka finalaurrekoak dira eta amets egitea, errealista da. Bultza Beltzak!