Garaipen gogorra

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2023ko ira. 25a, 10:30
Gesalaga Okelan Zarautz eta La Unicaren arteko partida, Arrosadian (Javier Arregui)

Gesalaga Okelan Zarautz errugbi taldeak denboraldiko lehen partida jokatu zuen  larunbatean Irunean La Unicaren aurka, eta 5-36 irabazi zuen.

Gesalaga Okelanek 5-36 irabazi zion larunbatean Iruñeko La Unicari. Garaipen argia bai, baina gogorra eta garestia ere bai: bi jokalari min hartuta, Aner Larrañaga eta Carlos Estrada; eta txartel gorria Facundo Solarentzat, taldera batu berri den jokalariarentzat. Garesti samar, denboraldiko lehen partidan, etxetik kanpo 5 puntu ateratzea, hasiera bikaina izan arren. “Hasiera bikaina” izena zuen iazko lehen partidaren kronikak. Iaz ere, denboraldiko lehen partidan, jokalari bat gutxiagorekin aritu zen Zarautz ia partida osoan, eta, hala ere, irabazi egin zion Gaztediri bere zelaian. Igual bihurtuko da tradizio. Ez litzaiguke axolako, hasi ez ezik, bukatu ere iaz bezala amaituko balute denboraldia gure Beltzek.

La Unicaren zelaia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arrosadiako kirolgunean, ez da leku xamurra errugbian aritzeko. Iruñarrak talde gogorra dira, jarraitzaile sutsuak dituzte eta erraza da zelaian gauzak korapilatzea. Larunbatean ere izan zen arrisku hori, 13.minutuan, plakaje indartsu baten ondoren, epaileak zarauztarrei txartel gorria erakutsi ondoren. Ikusteko dago zenbat partidako zigorra ekarriko duen txartelak, baina, une batez, haizea aldeko ikusi zuten iruñarrek. Haizea alde bai, baina ezin hegan egin. La Unicak ez zuen abantaila baliatzen jakin; partida osoan bat gehiago izan arren, ez zuten eskura jokatu, ez zuten baloia zabaldu eta apenas sortu zuten arriskurik. Alderantziz, baloia ostikadaka urrundu zuten beren zelaitik, behin eta berriz, eta zarauztarrei oparitu. Gesalaga Okelanek, aldiz, dena aprobetxatu zuen: La Unicaren huts egiteak, hasteko: Beltzek 12 puntu bildu zituzten zigor kolpetan, Carlos Estradak  eta Martin Sorreluzek botatako ostikadei esker. Eta 4 entsegu egitea lortu zuten, bina zati bakoitzean. Bittor Arzelusek eta Sebastian Sedranek egin zituzten lehen zatikoak. Martin Sorreluzek eta, berriz ere, Sedranek, bigarrenean. La Unica oso gutxitan iritsi zen Gesalaga Okelanen 22 metroko eremura eta entsegu bakarra egin zuen, bigarren zatiaren hasieran, Iker Burugainen eskutik.

Gesalaga Okelanek gauza asko erakutsi zituen larunbatean: hasteko, jokalariak fisikoki oso ondo daudela. Entsegutako bi, zelaia alderik alde bizi zeharkatuta lortu zituzten. Lehen zatiaren amaieran, Sebastian Sedranek erdiko sakean ateratako baloia zelai atzean jaso, eta 90 metroko sprintean, makilen azpira iritsi zen, taldekideek lagunduta. Hirugarren entseguan, Ander Aristik ostikadaz urrundu zuen baloia zelai erditik La Unicaren entsegu eremuraino, eta baloiaren atzetik, Aristi bera eta entsegua gauzatu zuen Martin Sorreluz; 60.minutua izanagatik, bizi korrika egiteko prest, biak. Talde osoak eutsi zion kementsu, amaiera arte. Eta kemen horri esker etorri zen laugarren entsegua ere, talde osoak parte hartutako jokaldian, partida amaitzear zela.

Bestetik, Beltzek erakutsi zuten, beste behin, taldea direla. Eraso jokaldi ikusgarriak egin zituzten, baloia bizi zabalduta, zelaia alderik alde zeharkatu eta metroak irabazita. Errugbi dotorea, harmaila txaloka altxatzen duen era horretakoa. Talde sendoa eta zaildua dira eta gustua ematen du ikusteak. 

Eta azkenik, larunbatean nabarmendu zen Gesalaga Okelanek baduela hauspoa. Etxekoek adina jarraitzaile bildu zuten Beltzek Iruñean, La Unicaren zelai ertzean eta hori ere bada taldea egitea.

3 entsegu edo gehiagoko aldearekin irabazteak bonus ofentsiboa ematen du. Zazpi puntu baino gutxiagogatik galtzeak, defentsa-bonusa.  Gesalaga Okelanek 5 puntu bildu zituen Iruñean: 4 irabazteagatik eta bosgarrena, eraso-bonusa. 

Badaude fintzeko gauzak, baina Gesalaga Okelan taldeak oso itxura ona du aurten ere. Ikusi eta gozatu nahi duenak, datorren larunbatean, irailaren 30ean, hitzordua, 16:00etan, Astin. Bera-Beraren bisita eta errugbi arratsaldea bermatuta.

Larunbatera arte, Bultza Beltzak!!!