Borrokatua, amaiera arte

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2023ko urr. 9a, 13:30
(Zarautz Rugby Taldea)

29-23, sei puntuko aldearekin galdu zuen Gesalaga Okelanek larunbatean partida Gernikan. Hortaz, zarauztarrek puntu defentsiboa lortu zuten eta, gaur-gaurkoz, bigarren dira sailkapenean. Gutxitxo dirudi, gehiago posible izan zelako, baina etxetik kanpora puntu bat ateratzea ez dago batere gaizki, Gesalaga Okelanek jokatzen duen taldean zer maila dagoen ikusita.

Iraila hasieran, denboraldia hasi aurretik, lagun arteko partida jokatu zuten Gernikak eta Zarautzek toki berean, Urbietako zelaian. Beltzek aise irabazi zieten orduan basurdeei, baina aste hauetan, Gernikak fitxaje berriekin osatu du taldea, eta, larunbatean, Gernikan Euskal Jai Eguna izateko, ingeles dezente entzun zen zelaian. Gernika indartuta eta Zarautz, aldiz, justu: jokalari asko min hartuta edo ukituta eta bakarren bat zigorra betetzen, ez zen inoizko Gesalaga Okelan talderik sendoena.

Hala eta guztiz ere, partida parekatua eta borrokatua izan zen lehen minututik azkeneraino. Zarautzek aurre hartu zuen 8. minutuan. Taldean antolatutako eraso jokaldian, Ander Aristik lortu zuen entsegua eta Carlos Estradak gauzatzea. 0-7. Gesalaga Okelanek baloia daukanean eman ohi du bere onena, baina horretxek, baloia gordetzeak, eman zizkion lanak larunbatean. Gernikak lerroaren oso gainean jokatu zuen, kolpera beti eta partida gogor joan zen hasieratik. Zarautz gehiago izan zen alboko sakeetan, touchean, baina ez méléan, uztartzetan, eta 20.minuturako, Gernika aurretik zen, 10-7. Zigor ostikada bat aurrena eta transformatutako entsegua gero. Gernikarren ostikadak Iker Olaetaren kontu joan ziren eta lehen entsegua, berriz, Alejandro Bordigonirena.

Arriskurik nahi ez inork, eta lehen zati osoan, behin eta berriz ikusi genituen bi taldeak baloia ostikadaz urruntzen. Hurrengo aukera, Gesalaga Okelanena izan zen. Baloia alboko sakera eta maul-a osatuz saiatu ziren, baina ezin; zigor ostikada eta, gutxienez, 3 puntu atera zituzten jokaldi hartatik. 10-10, berdinketa berriro. Hurrengo minutuak Gernikarenak izan ziren. Bi entsegu ia segidan, baloia bizi jokatuta: 22-10, basurdeek partida ia poltsikoan zutela zirudien, baina lehen zatia amaitu aurretik, aldea murriztea lortu zuten Beltzek: Sebastian Sedranek entsegua eta Carlos Estradak transformazioa. 22-17 atsedenaldian.

Bigarren zatian gauzak are parekatuago joan ziren. Gesalaga Okelanek lortu zuen gernikarren méléari eustea, fin jarraitu zuen alboko sakeetan eta saiatu zen bere jokoa egiten. Entsegua eskura izan zuen 55. minutuan, baina marraren gainean, atxikipena, retenida, seinalatu zuen epaileak. Zigor ostikadaz bildu zituzten hurrengo 3 puntuak: 22-20. Posible zen oraindik, nekea nabaria izan arren. Gutxienez beste entsegu aukera bat ere izan zuten Beltzek bigarren zatian, baina barkatu egin zuten eta Gernikak, ez. 64. minutuan egin zuen laugarrena Jokin Eskolarrek basurdeentzat. 29-20 eta ordu laurden amaitzeko. Gesalaga Okelanek borrokan jarraitu zuen basurdeen pare. Zigor ostikadaz lortu zuten aldea gutxitzea, 29-23 eta luzapeneko minutuak baliatuta, azkeneraino saiatu ziren garaipenaren entsegua bilatzen. Ia-ia lortu zuten eta bi harmailek zutik jarraitu zituzten partidaren azken minutuak.

Epaileak atxikipena seinalatu, eta hortxe amaitu zen, ordea. Gesalaga Okelanek ondo jokatu zuen eta dena eman zuen zelaian, beti lez. Zaleek ere ez zuten hutsik egin. Talde zabala joan zen Gernikara Beltzak animatzera eta irabazi izan balute adina txalo jo zuten amaieran, bizkaitarrak harritzeraino. Atsedena dator orain eta ondo etorriko da taldea sendotzeko; denboraldia hasi besterik ez da egin, eta indarrak neurtu behar dira derrigor.

Hurrengo partida, Astin, Bilbo indartsuaren aurka, urriko azken asteburuan izango da. Han behar zaituztegu. Bultza Beltzak!