Ortzadarra

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2023ko aza. 7a, 12:00
Gesalaga Okelan eta Gijon Rugby Club taldeen arteko neurketa. (Zarautz Rugby Taldea)

Aise irabazi zuten Gesalaga Okelan taldeko mutilek asteburuan Asturiasera (Espainia) eginiko bidaian, Gijon Rugby Club taldearen aurka jokatutako partidan. Izan ere, 94 tanto lortu zituzten, eta aurka ez zituen batere jaso.

Gijon Rugby Club 0-Gesalaga Okelan 94.  Horratx, igande eguerdian, Gijonen, Las Mestas zelaian jokatutako errugbi partidaren emaitza. Amai genezake kronika hemen, baina Asturiaserako joan-etorriak merezi ditu lerro batzuk, ortzadarrez betetako asteburua izan zelako.

Gijongo errugbi taldea aspaldikoa da, baina igandean ikusi genuen hamabostekoa aurten iritsi da DHBra, eta errugbiaren bigarren maila aldapa gora egiten ari zaie. Gijon azkena da sailkapenean eta ez du partida bakar bat irabazi. Igandean ere, ezin izan zuen. Gesalaga Okelanek, aldiz, ez du hain garaipen zabalik lortu azken aldian. Ez zen partida ikusgarria izan, ordea. Minuturik gehienak asturiarren zelai-erdian jokatu ziren eta Gijon apenas iritsi zen pare bat aldiz zarauztarren 22 metroko eremura. Puntuak egiteko aukerarik garbiena, zigor ostikada batek eman zien asturiarrei, 7. minutuan, baina ez zuten asmatu. Zarauztarrentzat, berriz, gauza berriak probatzeko eguna izan zen: jokalari gazteak, leku aldaketak, entseatutako jokaldiak eta esperimenturen bat edo beste. Anartz Zendoiak, harrobitik igo berriak, partida osoa jokatu zuen eta baita bi entsegu egin ere. Beste bi lortu zituen Facundo Solak eta hortik gora Ander Aristik (3) eta Sebastian Sedranek (4). Entsegu bana, Facundo Orivek, Carlos Estradak eta Francisco Uriarte Patxok. 14 entsegu guztira. Bost minutuero bat, gutxi-gora-behera. Carlos Estrada oso fin ibili zen ostikadatan. Gehienak asmatu zituen, egun haizetsua izan arren, eta hala, apurka-apurka, 94 puntu batzera iritsi ziren Beltzak. Amaiera arte saiatu ziren, kontrako markagailua 0tik mugi ez zedin. Itzal bakarra ortzadarrean, Joanes Zendoiak belaunean min hartu zuela. Ea sustoan geratzen den.

Las Mestas leku ederra da kirolerako. Zaldi probak egiteko tokia, jatorriz, orain birziklatua: belar leuna, joko eremua lorez hesitua, platanondo erraldoiak inguruan, errugbi zelai ez ohikoa da guztiz. Instalazio erosoak eta harmaila oso txukuna. Eguraldiak lagundu zuen, pronostikoaren kontra, eta ortzadarrak behin eta berriz harritu zituen Beltzak animatzera joandakoak. Ohitura bihurtzen ari denez, talde zabal samarra arrimatu zen Gijonera eta nekerik gabe animatu zuten.

Liga aurrera doa eta Gesalaga Okelan 3. da oraingoz, Hernaniren eta Getxoren atzetik, baina sailkapena estu dago. Horregatik, denon bultzada beharko da hemendik aurrera ere. Asteburu honetan atsedena tokatzen da. Hurrengo hitzordua, azaroaren 18an, Astin, Gaztediren aurkako partidan izango da. Han espero zaitugu. Bultza Beltzak!!!