Lokatzetan, aurrera!

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2023ko abe. 20a, 10:30
Oviedo-Zarautz Rugby Taldea.

Gesalaga Okelan Zarautz taldeak 13-18ko emaitzarekin irabazi zuen larunbat arratsaldean, Oviedoren aurka.

13-18. Kostata, eta ondo sufrituta, baina Gesalaga Okelan Zarautz etxeko-lanak eginda itzuli zen asteburuan Oviedotik. Garaipena, eta sailkapeneko 3. postuan finkatuta, 34 punturekin. Aurretik Getxo (38) eta Bilbo (36). Ondo merezitako atsedena dator orain eta Eguberrietatik bueltan, ligako lehen zatiaren azken partida, Astin, Uriberen aurka. Irabaziz gero, elite multzorako sailkatuko da Zarautz, bigarren urtez segidan. Eskura dago.

Jokatu aurretik, Oviedoren aurkako partidak aparteko zailtasunik gabekoa zirudien. Oviedo erditik behera dago sailkapenean eta Zarautz ez da 3. lekutik jaitsi, baina garaipen errazik ez dago eta partidak jokatu egin behar dira. El Naranco zelaiak izango zuen belar izpiren bat inoiz, baina asteburuan lokazti sakon eta zabal batean jokatu zuen Gesalaga Okelanek eta lokatzetan, dena da askoz zailagoa: nekeza da jokoari abiadura ematea, baloiak ez du bote txukunik ematen eta ostikadak ezin dira ondo neurtu. Lokatzak berdindu egiten ditu taldeak eta halaxe joan zen larunbateko partida: estu. 

Zarauzko taldean titular izan ohi diren hainbat jokalari falta ziren larunbatean eta gazteek izan zuten aukera: Anartz Zendoiak titular jokatu zuen, Jon Agirrek eta Lantz Unanuek fin egin zuten lan bigarren zatian eta Eneko Arbizu senior taldean estrenatu zen. Ez zen debuterako partidarik onena, baina gazteen gogoak, eta betikoen eskarmentuak, partida salbatu zuten. Hasi orduko ikusi zen zailtasuna: Beltzen aldeko méléa entsegu marratik gertu, baina takoak lokatzetan hondoratuta, ezin aurrera egin. Zarauztarrek lanean segi zuten, lehen lerroa kontaktura eta hiru laurdenak baloia zabalduz. Juan Sorreluzek lortu zuen lehen entsegua 12. minutuan. Carlos Estradak ostikada eta 0-7. Ez zen hasiera txarra, baina pozak ez zuen asko iraun. Hurrengo minutuan, Oviedok zigor kolpea makiletara eta 3-7 markagailuan. Baloia asturiarren eremuan jokatu zen minutu luzez, baina zarauztarrek ez zuten punturik atera. Oviedok, aldiz, entsegua, 30. minutuan, beltzen defentsari iskin egin eta baloiarekin ihes eginda. Javier Castañok entsegua eta transformazioarekin, 10-7, etxekoak aurretik. Zarautz ia entseguraino iritsi zen, baino baloia galdu zuen azken metroetan eta kale egin zuen zigor ostikada batean ere. Ezin izan zituen aukera guztiak aprobetxatu, baina lehen zatia amaitu aurretik, eskura jokatuta, Anartz Zendoiak egin zuen entsegua hegaletik. Transformaziorik ez eta 10-12. Alde eskasa, baina zarauztarrak aurretik atsedenaldian.

Gerta zitekeen asturiarrak nekatzea eta zarauztarrek indartsu eustea, ohi dutenez, baina buztinezko zelai hartan, Gesalaga Okelanekoen sasoi onak gutxi luzitu zuen. 
Bigarren zatia hasi orduko, zigor ostikada batek aurretik jarri zituen etxekoak, 13-12. Eta halaxe iraun zuen markagailuak luze. Facundo Orivek eta Iosu Valencianok min hartu eta zelaia utzi behar izan zuten. Beltzek partida galtzeko arriskua ikusi zuten une batez: baloia erori egiten zen, jokalariek irrist, ezin ostikadak findu. Gesalaga Okelan gutxienez hiru aldiz iritsi zen entsegu marraraino: alboko sakea eta maul-a aurrena, eta zelaitik atera zituzten; méléa 5 metrora gero, baina baloia galdu zuten; hirugarrenean hortxe-hortxe, baina kontrarioek eragotzi zuten baloiak lurra ukitzea. Ez zen modurik. Ordu laurden partida amaitzeko. Beltzen jarraitzaileak, harmailan toki dezente bete zutenak, eztarririk gabe. Eta orduan, kolpea zarauztarren alde. Carlos Estradak asmatu ostikadan eta 13-15, bi puntu aurretik. Ez ziren samurrak izan hurrengo minutuak. Heldutasuna, burua hotz eta zorteak ere lagunduko zuen akaso. Txartel horia Oviedorentzat eta 80. minutua gainean zela, azken 3 puntuak, zigor ostikadaz: 13-18 azken emaitza, eta arnasa. Gesalaga Okelanek kunplitu zuen eta partidaren aitzakian Oviedon egun pasa egin zuten jarraitzaileek ere bai. Bertakoek adina animo eta berotasun eman zieten Beltzei. Hiru asteko etena orain, eta hurrengo hitzordua, urtarrilaren 13an izango da Astin, Uriberen aurka. Ederra izango da. Irabaziz gero, bidaiatzea tokatuko da eta irrikitan gaude. Bultza Beltzak!