Elitean, berriz

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2024ko urt. 16a, 12:15
Juan Sorreluz baloiarekin ZRTren eta Uribealdearen arteko larunbateko norgehiagokan. (Prestaenea)

ZRT Zarautz Rugby Taldeak helburua bete du eta Ohorezko B Mailako talde onenekin jokatuko du ligako bigarren fasean. Larunbatean Urbildearen aurka Astin eskuratu zuten garaipenari esker lortu zuten sailkapena.

Gesalaga Okelan errugbi taldeak estatuko talderik onenekin jokatuko du ligaren bigarren zatia. Bederatzi talde gurutzatuko dira elkarren artean, partidu bakarrera eta lau onenek lehen mailara igotzeko play-offa jokatuko dute. Hor dago Gesalaga Okelan, bigarren urtez. Lan asko eginda, dezente sufrituta eta lehia estuan, Getxoren eta Bilboren atzetik, ligaren lehen zatia 3. lekuan amaituta. Bejondeiela!

Iaz ezustekoa, aurten, helburua zen elitea, baina horrek ez du bidea samurragoa egin. Alderantziz, akaso. Jokatutako 10 partidatatik, 8 irabazi dituzte eta galdutakoetan, defentsa puntu bana atera dute. Horri esker, bi bonus horiei esker, lortu du Zarautzek eliterako txartela, Gernikari eta Hernaniri aurre hartuta. Defentsak, heldutasunak eta borrokarako grinak hauspotu du Gesalaga Okelan eliteraino eta orain, hegoak zabaldu eta bidaiatzea tokatuko da, zozketak esango du nora, baina Madril, Levante edo Malaga aldera izan daiteke. Bidaiatzea eta ahal bada, gozatzea!

Larunbatean, 35-0 irabazi zuen Gesalaga Okelanek Uribealdearen aurka, Astin. Garaipena beharrezkoa zuten elitean egoteko eta Beltzek ondo kunplitu zuten. Baloia Uriberen zelaian jokatu zen ia partida osoan zehar eta Gesalaga Okelanek hasieratik ekin zien etxeko lanei: 10. minuturako, 10-0 markagailuan. Zigor ostikada lehenbizi, eta Joanes Zendoiaren entsegua berehala. Transformazioa Carlos Estradak, eta partida martxan. Lehen zatian, beste bi entsegu aukera garbi izan zituen Zarautzek, baina ez zituen borobildu. Epaileak txartel hori bana talde bakoitzari eta atsedenaldiaren aurretik, beste 3 puntu Estradak zarauztarrentzat, zigor ostikadaz.

13-0 hasi zen bigarren zatia eta hurrengo 40 minutuetan, Gesalaga Okelanek lau entsegu egin zituen. 46. Minutuan, Mateo Bastek Beltzen jokaldi klasikoan: alboko sakea, maul-a, eta bultzaka, marraraino. 18-0. Hurrengo entsegua hiru laurdenek jokatua izan zen: baloia mélé-tik atera, zabaldu eta Sebastian Sedranek marraren beste alderaino. Transformazioarekin, 23-0. Hurrengoa, laugarrena, Sebastian Sedran, Jokin Elustondo eta Lantz Unanueren artean. Estradaren ostikadarekin, 30-0 eta azkenengoa, denbora gainean zela, Carlos Estradak berak, Uriberen erasoaldia eten eta baloiarekin ihes eginda. 35-0 azken emaitza. 4 txartel hori Uriberentzat, bat zarauztarrentzat, neurri batean, jokoa zer izan zen erakusten dutenak.

Urteko lehen helburua beteta, zaleak asebeteta harmailan, garaipen gozoa. Ia. Poza, Mikel Larrañaga zelaian ikusi genuelako berriz ere, denbora luzez min hartuta egon ondoren eta poza, baita ere, Mateo Bast euskal-argentinarra itzuli delako taldera. Zorion beterik ez dago, ordea, eta larunbateko partida garesti ordaindu zuen Martin Sorreluzek. Lehen zatian min hartu, eta jokatu ezinik izango da hurrengo asteetan. Berdin Facundo Orive ere, entrenatzen lesionatu ondoren. Min hartuta jarraitzen dute Aner Larrañagak, Facundo Solak, Iosu Valencianok eta Mikel Ezeizak ere. Indarra eta kemena guztiei, ahal bezain laster osatzeko. Eta ongi etorri, Turi, Paul Altunaren lekuan, taldeko ordezkari lanetan aritu zena.

Hurrengo asteak intentsitate handikoak izango dira Beltzentzat. Urtarrileko azken asteburuan hasiko da ligaren bigarren zatia eta 16 asteartean egingo da zozketa partidak nola izango diren zehazteko. Amets egiteko lizentzia aspaldi irabazia dute bai, eta guk ametsei jarraituko diegu. Bultza Beltzak!!!