Igeregik gogoeta proposatuko du euskararen etorkizunaz, ekologismotik begiratuta

Hizkuntza gutxituak eta bioaniztasuna ikertu ditu Joanes Igeregi Sukar Horia taldeko kideak. Ikerlanaren ondorioak azalduko ditu Pagoeta Mendizale Elkartearen egoitzan, datorren asteazkenean, 18:00etan.

Joanes Igeregi Sukar Horia taldeko kideak euskararen eta bioaniztasunaren egoera uztartu dituen ikerketa azalduko du datorren asteazkenean. Hitzordua Pagoeta Mendizale Elkartearen egoitzan da, hilaren 8an, 18:00etan, honako izenburupean: Euskararen kolapsoa ala kolapsoaren euskara.

Igeregi ikertzailea da. Guatemalan egin zuen bolada bat, Garabide elkartearen eskutik, besteak beste, hizkuntza gutxituen inguruko ikerketak eginez. Ondorioztatu zuen egitura dominatzaile handiak sortu diren lekuetan biodibertsitatearen eta kultur aniztasunaren suntsipena gertatu dela; eta aitzitik, komunitate txikietan lortu dela bioaniztasuna eta kultur aniztasuna mantentzea.

Uste du krisi ekologiko batean murgilduta gaudela, eta horrek gizarte antolamenduan eragina izango duela. Unea da, bere ustetan, pentsatzeko datozen hamarkadetan norantz egingo duen antolamendu horrek. 1960. hamarkadan euskara herritik hirira eta gizarteko esparru askotara egokitu zen moduan, eraldaketa digitalaren aroan norantz eta nola egokitu behar duen pentsatzeko unea delakoan dago. Gogoeta hori partekatuko du datorren asteazkenean, Pagoeta Mendizale Elkartearen egoitzan elkartzen direnekin.