Herriko haurrek diseinatuko dute Murkil Zarauzko dendarien elkarteko logoa

Murkil Zarauzko dendarien elkarteak lehiaketa bat antolatu du bere irudi korporatiboa aurkitzeko. Murkiltxo maskota izango da elkarteko logo berria, eta herriko haurrei eman die aukera hori diseinatzeko.  Elkarteko batzordearen iritziz,  umeek "irudimen amaigabea" dute eta haiek dira horrelako irudi bat diseinatzeko "aproposenak". Horregatik, Salbatore Mitxelenako, Antonianoko, Orokietako eta La Salleko haur eta gaztetxoak Murkiltxo diseinatzen ari dira egunotan.  Ikastetxe irabazleak  500 euroko erosketa bonoa jasoko du, eta diseinua elkarteko logo gisa erabiltzeaz gain, karteletarako eta gainontzeko argitalpenetarako ere baliatuko dute.

Jakinarazi dute datozen asteetan aurkeztuko duela Murkilek bere maskota berria. Ekimen horrekin zarauztarrek elkartearen ekintzetan parte hartzeak duen "garrantzia" nabarmendu dute.