Eskuragarri dago Orballo, Galiziatik Zarautzerako emigrazioaren kronika liburua

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten liburua Maria Feijoo egileak; Gari Berasaluze Zarauzko Kultura, Jaiak, Herrien Elkartasuna eta Euskara zinegotziak eta Xose Estevez historialariak. Feijook nabarmendu zuen liburua "oroitzapen bat" dela, "galiziarrek Zarautzen utzi duten arrastoaren memoria idatzia". Aurreratu zuen "askotarikoa" izan dela galiziarrek herriari egin dioten ekarpena. "Galiziako festaz gain, asko eman diote galiziarrek herriari. Zarautz hobeago bat egiten lagundu dugu". Hori izan da, hain zuzen, Feijooren abiapuntua liburu hori idazteko.

Sei ataletan banatu du galiziarren ekarpena eta emigrazio prozesua. Lehenengo kapituluan, motzean, kontatu du lehenbiziko galiziarraren etorrera XIII. mendean gertatu zela: San Pelaiorena, alegia. "San Pelaio da Zarauzko patroia. Patroi galiziarra dugu". Bigarren atala 1894-1940 bitartean galiziar entzutetsuek utzitako arrastoari buruzkoa da. Gerraosteko emigranteez jardun du hirugarren kapituluan kazetariak, "batez ere Alde Zaharrean finkatu ziren merkatari eta artisauez".

Laugarren atala da, egilearen esanetan, "intimoena": "50eko eta 70eko hamarkadetan izan zen galiziar-olde nagusia. Horrekin lotuta, prozesu migratorioarekin lotutako askotariko gaiak jorratu ditut bertan: emigratzeko erabakia, zergatik aukeratzen den Zarautz bizitokitzat, nola egokitzen den herrira, herrimina, elkartasuna...". Nabarmendu du elkarrizketatuek euren sentimentuez hitz egiten dutela pasarte horretan. Bosgarrengoan Carballeira elkartearen sorreraz jardun du, eta horren garapenaz azken 31 urtetan. Galiziako Festaren inguruko nondik norakoak jaso ditu azkenengo kapituluan.

Feijook nabarmendu zuen  Orballo. Galiziatik Zarautzerako emigrazioaren kronika idazteak hainbat aukera eman diola. Batetik, zenbait urtez prentsa bulegotan eta marketing alorrean lanean jardun ondoren, kazetaritzara itzultzekoa. Bestetik, bere burua emigrazioaren zenbait aspektutan islatuta ikustekoa. Kontatu zuen bera ere 17 urterekin joan zela kanpora ikastera eta 39 urterekin itzuli dela udalerrira. "Zentzu horretan, liburu hau idazteak esperientziak partekatzen eta hartu ditudan erabakiak beste ikuspuntu batetik ikusten lagundu dit". Baina, batez ere, nondik datorren jakiteko balio izan dio: "Batek badaki nondik datorren, baina agian ez gara horretan pentsatzen jartzen. Garik (Berasaluze) hitzaurrean azaldu duen moduan, hartzen ditugun erabakien batura gara, baina baita beste pertsona batzuk aurrez hartutako erabakiena ere".

Bukatzeko, esan zuen bere aitari egin ziezaiokeen "omenaldi eta opari onena" dela liburu hori kaleratu  izana. Gogoratu zuen atzo izango zela bere urtebetetzea—2013ko azaroaren 6an hil zen—. 30 elkarrizketatik gora egin ditu kazetariak, eta 100 izenetik gora aipatu ditu liburuan, eta guztiei eskerrak eman zizkien emandako laguntzagatik.

Aitortza

Estevezek nabarmendu zuen liburu "hunkigarria" dela, "ongi egituratuta eta kronologikoki antolatuta" dagoela eta "estilo literario atseginarekin" idatzi duela. Hori horrela, gomendatu egin zuen "herrien arteko senidetasunaren eta elkartasunaren" isla delako. Euskaraz, gaztelaniaz eta galegoz egin zuen galiziarren emigrazioaren errepasoa, eta besteak beste, Euskal Herriaren eta Galiziaren arteko antzekotasunak aipatu zituen. Horretarako, Alfonso Rodriguez Castelao idazlearen hitzaldi bateko zati bat irakurri zuen: "Ez dakit euri mehe hori den (...) Ez dakit Atlantikoko lanbroa den (...) Nork daki! Badakit, ordea, geure herriek bizitzaren eta askatasunaren zentzu transzendentea dutela (...) Badakit ez dagoela herririk aberriakiko gu baino maitasun gehiago duenik, euskaldunentzat eta galiziarrentzat geure herria lurreko paradisua delako".

Atzokoa "egun pozgarria" zela gaineratu zuen Berasaluzek: "Bazen ordua Zarauzko Udalak halako aitortza bat egiteko. Egun jatorri eta kultura askotako pertsonak heltzen dira herrira, gure kultura aberasten dute eta aitortu egiten zaie hori.  60ko-70eko hamarkadetan iritsitako bizilagunei ez zaie aitortzarik egin. Zor zaitzaien hori, eta liburu hau izan da horren erantzuna". Gogoratu zuen neurri batean soilik kitatu duela udalak zor hori, "beste hainbat kultura eta herri horren zain geratzen" direla. "Hau haietako baten aitortza da. Liburuan letra lodiz idatzita agertzen den izen bakoitzaren atzean istoria bat dago, irribarre bat, malko bat... Finean, zuen bizitza da". Gogoratu zuen dagoeneko eskuragarri dagoela liburua interneten, gaztelaniaz zein euskaraz.