Zarauzko PSE-EE: "Lan egitea izan da gure ardura"

Patxi Elola eta Gloria Vazquez PSE-EEko aldizkaria eskuetan dutela. Amaia Ventas

Zarauzko PSE-EEk legealdiko balorazioa egin du, eta aldizkari batean jaso. Azken lau urteak "luze" joan zaizkie sozialistei. Patxi Elolak nabarmendu du Udal Gobernuaren moduak ez direla "garbiak" izan: "Udal Gobernuaren jarrera desegokia izan da. Gardentasuna eta parte hartzea hitzak behin eta berriz erabili dituzte, baina ez dituzte aplikatu. Legealdi honetan gertatutako ez da normala izan". Gloria Vazquezek ere bat egin du Elolarekin: "Luzea izan da legealdia. EH Bildu geldik egon da". Legealdi "galdua" dela kritikatu du: "Agintaldi guztia pasatu dute gauzak aztertzen eta berraztertzen. Bukaeran hasi dira gauzak egiten". Bestalde, Ehuntzen planarekin "dirutza" xahutu duela salatu du, Salberdineko proiektua "geldi" eduki duela eta Astiko eremu bat pribatizatu duela.

Vazquezen arabera, Udal Gobernuaren proposamen garrantzitsuena hondakinei dagokiena izan da. "Ahalegin guztia egin dute atez atekoa jartzeko baina zarauztarrek lortu dute hori geldiaraztea". Sistema horren kontra 8.000 sinadura bildu zituztela gehitu du.

PSE-EEk, berriz, lanean jardun duela esan du, "herritarren bizi kalitatea hobetzeko lanean". Izan ere, haientzat lehentasuna "pertsona" dela dio. Zentzu horretan, nahiz eta oposizioan egon, proposamen asko egin dituztela gogoratu du Elolak. Eta haietako asko aurrera atera direla. Besteak beste, Udal Gobernuarekin negoziatu ostean, 2.300.000 euroko partidak gehitzea lortu dute. Tartean, garrantzitsuenak enplegua sortzeko partidak (335.000 euro) eta krisiari aurre egiteko beste hainbat diru laguntza: eskola materiala erosteko (125.000 euro); udako jangelarako (30.000 euro); Vista Alegre eta Azken Portu Goiarako autobuserako (12.000 euro); norbanakoentzat laguntzak (110.000 euro); etxetik kaleratutako lagunentzat (5.000 euro) eta giza larrialditarakoak (138.000 euro). "Esperientzia badugu, eta baita ardura ere. Arduratsu jokatu dugulako lortu ditugu horiek aurrera ateratzea. Lan egitea izan da gure ardura", esan du Elolak.

Horrez gain, eskola publikoko instalazioetan hobekuntzak egiteko (230.000 euro), Modelo erosteko, kirol instalazioetarako (300.000 euro) eta beste hainbat alorretarako ere lortu dituzte diru laguntzak, PSE-EEko zinegotzien arabera.

Hori guztia jaso dute aldizkarian. Bihartik aurrera hasiko dira banatzen herriko etxe guztietara.