Azpeitiarren arteko finala jokatuko dute ostiral honetan Zarauzko Ikurrina Mus Txapelketan

Urtarrilean abiatu zuen Zarauzko Ikurrina Mus Txapelketa Zurekin Ostalarien Elkarteak. Aurreko urteetan bezala, arrakasta izan du egitasmoak, eta ostiral arratsaldean jokatuko dute finala Kulixka jatetxean, 19:30ean. Denera 83 bikotek parte hartu dute bi hilabetetan zehar mus lehian, eta antolatzaileak «oso gustura» daude ekimenak izan duen harrerarekin. «Negu partea nahiko sasoi apala izaten da tabernariontzat. Horri aurre egiteko bide aproposa da mus lehia, astearte eta ostegun iluntzetan giro ona sortzen baita norgehiagoka antolatzen duten tabernetan», azaldu du Zurekin elkarteko kide Asier Aldalurrek.

Urtez urte indarra hartzen joan da Zarautzko Ikurrina Mus Txapelketa, eta inguruko herrietako parte-hartzaileak ere izaten dituzte. «Aurten, esaterako, finala azpeiriarren artean jokatuko da».

[caption id="attachment_131486" align="alignleft" width="300"] Iazko txapelketako irabazleak (Aritz Mutiozabal)[/caption]

Parte hartze handia izateaz gain, sariak ere txapelketaren bereizgarri direla badakite Zurekin elkarteko kideek. Beraz, aurtengoan ere antolatzaileek ez dute hutsik egin, eta sari sorta bikaina prestatu dute. «Txapelketan parte hartzen dugun tabernok dirua jartzen dugu sari erakargarriak egon daitezen. Ahalegin berezia egiten dugu, lehiak arrakasta izan dezan». Aurten saria jasoko dute sailkapen orokorreko lehenengo 36 bikoteek, lehenengo bikote zarauztarrak, bikote mistoek eta bi emakumez osatutako bikoteek.

Finala jokatzeaz gain, parte-hartzaileen afaria eta Mus Azkarra ere jokatuko da Kulixka jatetxean. Bertan parte hartu nahi duten herritarrek txapelketa aurretik eman beharko dute izena, eta bikoteko 30 euro ordaindu beharko dituzte.

Martxoak 13, ostirala

19:30ean, Zarauzko Ikurrina Mus Txapelketako finala Kulixka jatetxean.

20:00etan, sari banaketa.

- Sariak lehenengo 36 bikoteentzat.

- Sariak lehenengo bikote zarauztarrarentzat.

- Sariak bikote mistoentzat eta bi emakumez osatutako bikoteentzat.

21:00etan, afaria Kulixkan. Sagardotegiko menua. Bertan parte hartu nahi dutenek sarrerak salgai dituzte Txiki-Polit, Itxas-Lur eta Euskaduna tabernetan, 30 euroren truke.

22:30ean Mus Azkarra Txapelketa Kulixkan bertan. Izena egunean bertan eman beharko da, bikoteko 30 euro ordainduta. Lehen lau bikoteentzat izango da saria. Parte hartze kuotatik jasotakoaren %50 irabaziko du bikote irabazleak, bigarrenarentzat %20 izango da, hirugarrenak %10 jasoko du eta laugarren sailkatuak, %5.