Badator euskararen lekukoa

Nerea Uranga 2015ko mar. 19a, 08:19

Gaur, martxoak 19, hasiko da Urepelen Korrika 19 Euskarahaldun! lelo hartuta. Hasierako lehen metroetan Urola Kosta eskualdekoek ere parte hartuko dute; Zarauztik autobusa bete jende joango baita. Hamar egunez kilometroak eta kilometroak egingo ditu Euskal Herritik barrena. Iganderako —orduan pasatuko da Korrika eskualdetik— ilusioz daude eskualdean herriz herri Korrika antolatzen jardun dutenak, eta eskerrak eman dizkiete Korrikan kilometroa erostera animatu diren elkarte eta taldeei, Azpeitiko Korrika batzordetik hala esan dute: «Eskerrak eman nahi dizkiegu azpeitiarrei, beste behin, salgai jarritako kilometro denak (eta gehiago) erosteagatik. Denok jartzen dugulako gure hondar alea, horrexegatik da hain ederra euskararen aldeko jai hau, eta hori nabari da Azpeitian. Badakigu, gainera, kultur talde, eragile edota lantoki askotan kideek beraien poltsikoetatik jarri dutela dirua, borondatez, eta benetan eskertzen dugu ahalegina. Hau da euskahaldun izateko bide bakarra. Eskerrak eman nahi dizkiogu kilometroak erosteko gurekin harremanetan jarri diren guztiei, baita beraien ekarpena egin duten dendariei eta tabernariei ere».

Harrera ikasleek lekukoa

Zarautzen Korriak 19 eta Xenofobia eta Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna uztartuko ditu Zarauzko Udalak, hala haren lekukoa euskara eta harrera ikastaroan parte hartu duten bi ikasleri uztea erabaki du: Silvia Crespo argentinarrak eta Kaxmirko Waseem Azeemek korrituko dute Zarauzko azken kilometroa, Getariarako mugara artekoa. Udalak haiek Zarautzi egindako ekarpena aitortu nahi die, igandean «erabat zarauztar» sentitzeko aukera emanez, Gari Berasaluze Euskara zinegotziak azaldu duenez.  «Gustura» agertu dira Crespo eta Azeem.

AEKren lana aitortu eta Korrika «herri ekimen garrantzitsua» dela nabarmendu du Berasaluzek;  festa egiteko eguna, baina baita konpromisoak hartzekoa ere. Datorren agintaldira begira euskalduntze ikastaroa doan emateko konpromisoa ere hartu du.

Korrika 19, Urola Kostako egitaraua:

AZKOITIA

Martxoak 22, igandea.

-11:00.  Juan Bautista Mendizabalekin herriko kaleen izendegiari buruzko hitzaldia plazan hasita.

- 12:30. Triki-bertso poteoa. Patatak errioxar erara lehiaketa, gero bazkaria Ikurrinaren plazan.

- Bazkalostean, umeentzako jolasak.

- 19:30. Korrika iritsiko da Azkoitiara.

AZPEITIA

Martxoak 22, igandea.

-14:00.  Korrika triki-bertso bazkaria. Sanagustin kulturgunean. Agin Laburu eta Nerea Elustondo bertsolariak eta Josune Arakistain eta Julene Otegi trikitilariak. Txartelak erosteko azken eguna gaur da, Sanagustinen daude saltzen: helduak 25 euro; langabe eta ikasleek 20 euro; eta, umeek 12 euro.

- 18:38. Korrika iritsiko da Azpeitira.

ERREZIL

Martxoak 22, igandea.

- Arratsaldean, txokolate jana.

- 20:32. Korrika iritsiko da.

- Ondoren, Korrika festa Letea jatetxean.

GETARIA

Martxoak 22, igandea.

- 12:00. Korrika poteoa herriko tabernetan.

- 13:45. Korrika bazkaria. Berdura plazan edo frontoian. Parrila bat eta txotxetik sagardoa. Bakoitzak bere jana eraman behar du.

15:45. Getaitrikoekin beroketak.

- 16:20. Korrika iritsiko da.

ORIO

Martxoak 21, larunbata.

- 14:00. Orioko euskaltzaleen bazkaria Satxota sagardotegian.

- 16:00, 20:00 eta 23:00. Herriko bertsolarien arteko txapelketa, Satxotan hasi eta herriko tabernetan bukatu.

- 22:00. Korrika gaua herriko tabernetan.

Martxoak 22, igandea.

-15:20. Korrika iritsiko da Orioko plazara.

ZARAUTZ

Martxoak 21, larunbata.

- 21:00. Korrika Festa Munoako karpan. Perlak, Zea Mays eta Fan&Go taldeen kontzertuak.

Martxoak 22, igandea.

- 12:30.  Munoako karpan, hamaiketakoa, musika, trikitilariak, argazkiak, berotze lanak…

- 14:30. Trikitilariekin kalejiran Korrikara.

- 15:30. Korrika Orio-gainera.

- 17:00. Musika plazan, Arranopola elkartearen eskutik Muxikoak Alaken taldearekin.

ZESTOA

Martxoak 20, ostirala.

- 22:30. VI. Gazteen Bertso Saioa, Gaztetxean. Aitor Irastorza, Aitor Salegi, Amaia Iturriotz, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Asier Azpiroz.

Martxoak 22, igandea.

- 17:40. Korrika iritsiko da Zestoara.

ZUMAIA

Martxoak 22, igandea.

- 16:55. Korrika iritsiko da Zumaiara.