Herritarren artean autoa partekatzeari buruzko hitzaldia izango da asteazkenean, Zarautzen

Mikel Goenaga eta Iker Maguregi.  Amaia Ventas Aldabaldetreku

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarren artean auto pribatuak partekatzeko egitasmoa jarri nahi du martxan, Gipuzkoako hainbat udalekin elkarlanean, tartean Zarauzkoarekin. Mugikortasun jasangarriaren inguruan Zarauzko Udala egiten ari den lanketan hurrengo pausoa litzake honakoa, Mugikortasun zinegotzi Mikel Goenagak jakinarazi duenez. Europako hainbat herrialdetako eredua hartuko dute oinarritzat. Hori ez datza bidaiak partekatzean, eskura dauden autoak  partekatzean baizik, jabetza bera, alegia. Autoaren jabeak eta beste erabiltzaileek ibilgailuaren gastuak ordainduko dituzte, eta hori guztia arautzeko kontratu bat sinatuko dute.

Horren nondik norakoak azaltzeko hitzaldi informatiboa egingo  dute asteazkenean. Belgikako Autopia elkarteko kide batek emango ditu azalpenak, Antoniano aretoan 18:00etan. Iker Maguregi jardunaldiaren antolatzaileak adierazi du Belgikan "oinarri soziala" duela ekimen horrek: 300 bat talde sortu dira  horren inguruan, eta egun 3.000 pertsonatik gorak erabiltzen dute. Bi profil dituzte erabiltzaileek: bata autoa eskaintzen duena da eta bestea auto baten beharra duena. "Familia askok bi auto dituzte eta zenbait kasutan gutxi erabiltzen dute bigarren autoa. Zergatik ez auto hori beharra duen norbaitentzat ere erabilgarri jarri?".

Onurak "asko" direla nabarmendu dute biek ala biek. Arlo ekonomikoan—autoaren gastuak partekatuko dituzte— ez ezik, arlo pedagokoan ere izango direla gaineratu du Goenagak: "Auto berri bat erosi beharrean existitzen direnak partekatuko dituzte. Eta hori guztia modu arduratsuan. Konturatuko gara zenbateko gastua duen auto bat izateak eta horrekin mugatu egingo dugu erabilera, beharra dagoenean soilik erabiltze aldera. Autoa hartu aurretik hausnartuko dugu ez ote den egokiago beste mugikortasun moduak erabiltzea".