Herriz herri erabakitzeko eskubidea saretzen

Nerea Uranga 2015ko eka. 11a, 10:53

Getariako Gure Esku Dago taldeak antolatutako Joste Eguna.

Gure Esku Dago dinamikaren Urola Kostako herrietako lan taldeak buru-belarri dabiltza azken hilabeteetan eta asteotan, erabakitzeko eskubidearen aldekoak saretzen. Erabakitzeko eskubidearen aldeko oihalak osatzen, margotzen eta josten dihardute ekainaren 21erako, Gaur hautetsontzia, bihar erabakia lelo hartuta antolatu duten egunerako. Egun horretan, hiriburuetan (Donostia, Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Baiona) eguerdian oihal kateak egin, eta arratsaldean estadioak bete nahi dituzte, egun osoko egitarau baten barruan.

Iazko giza katearen arrakasta gogoan, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik eskubide hori gauzatzera doan bidean jauzia egin nahi du Gure Esku Dago-k.

Urola Kostan ia herri guztietan daude osatuta taldeak. Atxikimenduak edo saretzeak biltzen eta oihalak zabaltzen eta jasotzen ari dira herriz herri. Horrez gain, ekainaren 21ean Donostian egingo diren ekintzak eta ekitaldiak antolatzen, lanerako jendea biltzen eta Anoetako estadioko sarrerak saltzen ere badabiltza.

Talde bat gehiago: Aiakoa

Euskal Herrian herriz herri Gure Esku Dago-ren 170etik gora batzorde daude martxan. Horietatik bederatzi Urola Kostakoak dira, honakoak: Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.

Iazko giza katerako Aiakoak ez beste guztiak lanean hasita zeuden. Aiakoa orain dela aste batzuk sortu dute, eta ilusioz ari dira lanean. Bi lagunek hasi zuten herrian taldea sortzeko bidea, eta gero eta jende gehiago biltzen ari da mugimendura, gazte asko. Maiatzaren 29an Gazta zati bat dokumentala eman zuten, eta ordutik beste ekintza batzuk ere egin dituzte:  kamisetak saldu, San Asentzio azokan mahaia jarri eta haurrentzako ekintzak ipini zituzten.

Biharko, Oihal Eguna antolatu dute Aian. Herritarren artean oihalak margotuko dituzte, eta 19:00etarako Anjel Oiarbide Gure Esku Dago-ko kidearen hitzaldia antolatu dute.

Getarian eta Zumaian ere ekitaldiak antolatu dituzte biharko. Eta, igandean, Zarautzen Joste Eguna egingo dute.

Egun hauetan, EAJk eta ELAk ekainaren 21eko ekitaldietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldiak babestuz.

Xehetasun batzuk

Gure Esku Dago-k ekainaren 21erako Gaur hautetsontzia, bihar erabakia ekitaldiak antolatu ditu Euskal Herriko lau hiriburutan.

Donostiako ekitaldietarako gauzak antolatzen ari dira Gure Esku Dago batzordeak herriz herri.

- Saretzea edo atxikimendua; oihala 20 lagunen artean. Oihalen bidez, ehunduz eta josiz erabakitzeko eskubidearen aldeko herritarren sareak osatzen ari dira, saretzeak edo atxikimenduak bilduz. Oihal bakoitza hogei lagunen artean banatzen dute, josteko edo margotzeko. 20 euro balio ditu oihal zati batek, eta pertsona bakoitzak euro bana jartzen du. Hortaz, atxikimendua ematea euro bat da. Iazko giza katerako izena eman arren, ordukoa ez da kontuan hartzen. Beraz, erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimendua emateko saretze txartela bete behar da orain, norberaren datuak emanda. Gure Esku Dago taldeak herriz herri jartzen ari diren mahaietan edo lokaletan horretarako aukera dago.

- Ekainaren 21a, Donostian. Egitaraua.

- 12:00etatik 12:30era, oihal katea, Urumeako sei zubietan. Gero, zubirik zubi kalejira Anoetaraino, musikaz lagunduta.

- 16:30ean, Anoetako ateen irekiera.

- 17:30ean, ekitaldi nagusia, Anoetan.

- Alde Zaharrean, 12:30etik aurrera: kantu jira, kaskarinak eta Donostiako Txistulariak, eta Bulebarrean herri dantzak.

- Anoeta inguruan: 11:00etan, guneen irekiera eta jatekoa eta edatekoa: sagardo dastaketa, txekor errea, taloak, kaxuelitak, edariak etab.; 20:00etan, ospakizun erromeria.

- Miniestadio inguruan: ogitartekoak, taloak, edariak… eta, 11:30etik 00:00etara kontzertu maratoia.

- Ilunben: Familia Gunea. Puzgarriak, tailerrak, abentura parkea, tirolina, apar-festa etab.; 12:30ean, Ilunbe izarrez argitu ikuskizuna. Irrien Lagunak, Gipuzkoako pailazoak, suhiltzaileak, Gu ta gutarrak etab.; 14:00etan, Irri Bazkaria; eta, 15:30ean, dantzaldia, txantxariak eta Irrien Lagunen eskutik.

- Anoeta estadiorako sarrerak. Herriz herriko batzordeak ari dira saltzen, eta hainbat herritan tabernetan ere jarri dituzte. 2 urtetik beherako haurrek doako sarrera dute, baina eskuratu egin beharra dute; 3-14 urte bitartekoek 5 euro; eta, 15etik aurrerakoek 10 euro. Zenbakituak dira sarrerak. Ilunben jarriko duten Familia Gunerako ere sarrera beharko da, kasu horretan, 5 euro da.

- Lanerako jendea. Donostiako ekitaldirako lanerako boluntarioak behar dituzte herrietako batzordeetakoek, batik bat txosnetarako eta oihalak eramateko. Lanerako prest dagoenak harremanetan jarri behar du Gure Esku Dago taldeetakoekin.

- Informazio osoa Internetez. Gureeskudago.eus webgunean.

Gure Esku Dago taldeak herriz herri

AIA

- Ekainak 12, ostirala. Oihal Eguna. 17:00etan, oihalen pintaketa, kaskoko plazan. 19:00etan, Anjel Oiarbideren hitzaldia, Kultur Etxean.

- Atxikimenduak, sarrerak eta materiala. Bihar erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimendua eman eta materiala erosteko aukera egongo da. Anoetarako sarrerak Iturriozena tabernan dituzte saltzen.

AIZARNAZABAL

- Sarrerak. Aizarnazabalgo Gure Esku Dago eskuz esku ari da saltzen ekainaren 21eko Anoeta estadioko ekitaldirako sarrerak.

AZKOITIA

- Anoetarako sarrerak. Honako tabernetan ditu Anoeta estadiorako sarrerak Azkoitiko Gure Esku Dago-k: Dean, Olaberri, Atraskua, Zurt, Ttakun, Etxe-Aitz, Arkupe eta Zakela.

AZPEITIA

- Lokala zabalik. Gure Esku Dagokoen lokala Foru Ibilbidean dago. Ordutegia: astelehenetik ostiralera 17:30etik 19:30era eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara.

- Danborjoleak. Ekainaren 21ean Donostiako Anoeta estadioan danborjoleak ere izango dira. Azpeitian hasi dira horretarako entseguekin. Norbaitek danborra jo nahiko balu Gure Esku Dago-ren lokalean galde dezake.

- Atxikimenduak. 850etik gora atxikimendu jaso dituzte, baina 2.500 lortzea dute helburu Azpeitian.

Sarrerak. Anoetako estadiorako 500 sarrera dituzte Azpeitian. Ohartarazi dute erosteko ez egoteko zain azken egunera arte.

GETARIA

- Ekainak 12, ostirala. Getarian piztu ilusioa! ekitaldia. 22:00etan, plazan. Getarian piztu ilusioa! Piztu zure kandela! Erabakitzeko eskubidea ehuntzen ekitaldia egingo dute. Joste Eguneko irudiekin egindako bideoa ere emango dute. Festa giroan iazko giza katearen urtemuga ospatu eta ekainaren 21erako herria girotu nahi dute.

- Atxikimenduak. 600 lortzea zuten helburu, eta Aste Santurako lortu zituzten. Dagoeneko 737 atxikimendu dituzte. Lortu ahala Kultur Etxean jarrita duten kartelean jakinarazten dute.

- Anoetarako sarrerak. 100 sarrera inguru dituzte getariarrek, eta gutxi gelditzen zaizkie.

ORIO

- Ekainak 14, igandea. Eguerdian Orioko Herri Ikastolaren aurrean mahaia jarriko dute Gure Esku Dago-koek. Erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimendua eman eta materiala eta  Anoetako ekitaldirako sarrerak erosteko aukera egongo da.

- Anoetarako sarrerak. Bordatxon, Lore Burdindegian eta Kolon Txikin daude saltzen.

- Lanerako jendea. Ekainaren 21ean Donostian txosna batean lanerako jendea behar dute. Prest dagoenak whatsapp bat bidali dezake hona: 671-070569.

ZARAUTZ

- Ekainak 14, igandea. Joste Eguna. 11:00etatik 14:00etara, udaletxeko plazan. Aurrez taldeka jositako oihalak elkarren artean josteko eguna da. Herritarrak bertaratzera deitu dituzte. Musika eta festa giroan egin nahi dute: «Jendeak etxetik tortillak-eta jatekoa eraman dezala, eta guk edariak jarriko ditugu». Horrez gain, saretzeko eta sarrerak eta Gure Esku Dagoren materiala saltzeko mahaia ipiniko dute.

- Lokala zabalik. Zarauzko Gure Esku Dago-k Patxiku kalean du lokala. Han atxikimendua eman eta materiala eta sarrerak erosi daitezke. Odutegia: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara.

- Anoetarako sarrerak. Txiki Polit eta Eguzki tabernetan.

- Lanerako boluntarioak. Ekainaren 21ean Donostian lan egiteko boluntarioak behar dituzte. Prest dagoenak Gure Esku Dago-ren lokalera jo beharko du.

ZESTOA

- Sarrerak. Anoetarako sarrerak herriko tabernetan daude, eta asteburuan mahaia jarriko dute.

- Saretzeko aukera. 500 herritarrek baino gehiagok eman dute erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimendua. Asteburuan jarriko duten mahaian horretarako aukera egongo da.

ZUMAIA

- Ekainak 12, batzar zabala. Zumaiako Gure Esku Dago-k ekainaren 21ari begira batzar irekia egingo du bihar, 19:00etan, Beheko Plazan. Herritarrak bilerara deitu dituzte.

- Gaurtik mahaia kalean. Atxikimendua emateko, Anoetarako sarrerak eta materiala erosteko mahaia jarriko dute kalean.