Herritarrek 20 proiektu aukeratu dituzte, aldundiak gauza ditzan

Ana Abarisketa 2015ko eka. 12a, 08:30

Asteazkenean Azkoitiko Elkargunean egin zuten batzarreko une bat (Ana Abarisketa)

Urola Kostako herritarrek aukeratu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualdean eskuragarri jarritako partaidetzazko aurrekontuetako proiektuak. 4 milioi euro daude banatzeko, 2 milioi euro Urola Erdiko bailaran –Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Beizama eta Errezil– eta beste bi milioi Urola Kostan –Aizarnazabal, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia–. Asteazkenean egin zituzten batzarrak Azkoitian eta Zarautzen, eta herri bakoitzean hamar proposamen aukeratu ziren. Azkoitian 38 proposamenen artean egin zuten hautua, eta Zarautzen, berriz, 42 zeuden eskuragarri. Orain, aldundiari dagokio proposamenen bideragarritasuna aztertzea.

Landa eremua indartzea

Urola Erdiko bizilagunek landa eremuak indartzearen aldeko apustua egin zuten, boto gehienak herri eta auzoetako baserri bideak berritzeko proposamenak jaso baitzituen. Zonaldeko baserriek ur gabeziekin dituzten arazoak konpontzea ere hautatu zuten herritarrek.

Oro har, arlo ezberdineko proiektuak atera dira aurrera, gehien bozkatutako proposamenen artean baitaude ekonomiari, gazteriari, euskarari eta kulturari lotutako proiektuak.

Gauza bera gertatu da kostaldeko herrietan. Zarautzen egindako biltzarrean gizarte arloko hainbat gai aukeratu dituzte, hala nola, gazteen droga-menpekotasuna ekiditeko programak sustatzea nahiz ipuin bidez imigrazioaren gaia azaleratzea. Garrantzitsutzat jo dute herritarren parte hartzea indartzea ere.

Zehazki kostaldeari lotuta dauden proposamenak ere aukeratu zituzten, hondartzen kalitatearen nondik norakoa aztertzea eta itsas-ondarea balioan jartzeko proposamenak gailendu baitziren.

20 PROPOSAMENAK

(UROLA ERDIA)

  • Baserri bideak konpontzea
  • Bailarako arte eszenikoen eskola sustatzea
  • Bertako produktuen eta merkataritzaren alde egitea
  • Landaguneko edadetuentzako zerbitzuak bultzatzea
  • Energia subiranotasuna
  • Eskualdeko mitologia jaso, aztertu eta zabaltzea
  • Udaleku parte-hartzaileak egitea haur eta gazteentzat
  • Ekintzailetasun planak sustatzen jarraitzea
  • Pasaiako Segadaren inguruko dokumentala egitea
  • Landa eremuetako baserrien ur gabezi arazoak konpontzea

(UROLA KOSTA)

  • Diagnosi agroekologikoa egin eta plan bat osatzea
  • Marka turistikoa indartu eta komunikazio digitalaren estrategia indartzea
  • Eskualdeko herrietako herri-curriculuma sortzeko baliabideak eskaintzea
  • Plan estrategikoa diseinatzea
  • Itsas-ondarea balioan jartzea
  • Edadetuentzat elkargunea egitea
  • Etorkinen errealitatea azaltzeko euskarazko ipuinak sortzea
  • Esperientziak partekatzeko espazioak sortuz, demokrazia parte-hartzailea sustatzea
  • Gazteen drogazaletasunaren inguruko ekimenak sortzea, hala nola, hitzaldiak, programak, eta abar.
  • Hondartzen kalitateari buruzko azterketa egitea