Zarautz Aia lasterketa eta Kros Txikia jokatuko dituzte igandean

Giro ederra izan zen iaz Zarautz Aia lasrerketan. (Aritz Mutiozabal/Hitza)

Igandean Zarautz Aia lasterketa jokatuko da. Korrikalariak 11:30ean abiatuko dira Zarauzko San Frantsizko kalearen eta Kale Nagusiaren arteko bidegurutzetik eta 11,3 kilometro egingo dituzte errepidean lasterka Aiako herriguneko plazara iritsi arte. Aurten markar berri jartzen dutenentzat 1.000 euroko sari berezia jarri dute; gizonezkoetan Martin Fizena da denborarik onena 36:30; emakumezkoetan, berriz Iratxe Aranburuk jarri da marka, 45:07.

Lasterketan parte hartu nahi dutenek, izena aldez aurretik eman dezakete www.herrikrossa.com webgunean, 10 euro ordainduta. Horretaz gain, egunean bertan ere izango da inskribatzeko aukera 10:00etatik 11:00etara; kasu horretan 20 euro balioko du izena-emateak.

Haurrak ere korrika

Helduez gain, igandean gaztetxoei ere lasterka egiteko aukera emango diete, Kros Txikia egingo baitute Aiako herrigunean. Lasterketa nagusiaren ordu berean hasiko da Kros Txikia, 11:30etan, herriko plazan.

Antolatzaileek hiru maila bereiziko dituzte lasterketan adinaren arabera. Lehenengoan 7 urte bitarteko neska-mutilak ariko dira, eta 300 metroko ibilbidea izango dute aurretik. Bigarren lasterketan, 8 eta 10 urteko bitarteko neska-mutilek parte hartuko dute 600 metro osatuz. Azkenik, 11 eta 12 urteko neska-mutilek 900 metroko distantzian osatu beharko dute. Kros Txikian parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman dezakete izena Aiako plazan.