'Hutsartea' poema liburua aurkeztu du Aritz Mutiozabalek

Zarauzko Hitza 2016ko mar. 18a, 17:12
Aritz Mutiozabal idazlea Baionan, 'Hutsartea' liburua eskuetan.

Baionako Bar du Marché ostatuan izan da gaur goizean, liburu berriaren nondik norakoak ematen. Maiatz argitaletxeak eman du argitara.

"Hutsartea. Bitarte huts hori. Saskibaloiko partidetan maiz eskatzen den geldialdi hori. Jokoaren etena. Gaztelaniazko tiempo muerto delakoa. Une hori geratu egin da, izoztu nolabait esateko, baina denbora errealak aurrera jarraitzen du. Inguruak bere kurtso naturalari jarraitzen dio". Azalpen hori emanez ekin dio aurkezpenari idazle eta kazetari zarauztarrak

Bere esanetan, "literarioki, bitarte huts batean" zegoela ekin zion poemategi honekin. Duela bi urte eta erdi Gorren dantzalekua lehen poema liburua eman zuen argitara, hura ere Maiatz argitaletxearen babesean. Prozesu luzea izan zela azaldu du, eta denbora batez poesiarik ez idaztea erabaki zuela. "Hutsarte bat hartzea erabaki nuen. Beste literatur genero batzuk ukitzeko, eta batez ere irakurtzeko".

Baina poesigintzarako "mendekotasunak" bultzatuta, pixkanaka-pixkanaka poema solteak idazten hasi zen, eta konturatzerako dezente pilatu zitzaion. "Hutsartea ez zen horren hutsa izan, beraz". Gainera, poema berriek ere, aldez edo moldez, denboraren eten batekin zerikusia zutela jakinarazi du. Gai horri helduta, bost ataletan banatutako aurkeztu du azken lana.

 

Atalez atal

Geografia zartatuak izenekoa da lehena, eta "urteak erbestean, atxilo, ihesean edo ezkutuan egote horren barne gatazka intimoago batean" oinarrituta dago. Ametsen itsasaldia atalean, berriz, kontzienteki nahiz subkontzietekin egiten diren "ametsen itsasoan" murgildu da.  Hirugarren eta laugarren atalak –Amnesia markako erlojua eta Mihia huelganGorren dantzalekua lanetik gertuen daudenak direla onartu du Mutiozabalek. Biak ala biak kutsu existentzialista dute, baina "oraingoan ez dute kutsu ironikorik"; Amnesia markako erlojua-n iragandako denbora, nostalgia eta damua ditu hizpide, eta Mihia huelga-n, aldiz, isiltasunaz.

Ekplise bat nire ordenagailuan da bosgarren eta azken atala. "Atalik kritikoena eta, beharbada, pertsonalena", nabarmendu du. "Idazle naizen aldetik izan ditudan eta ikusi ditudan gorabeheren eta oztopoen inguruko hausnarketa bat egiten dut bertan. Izan ere, askotan idazleok sekulako lana hartzen dugu, ilusioz beteta, geure poemak, ipuinak edo nobela bat idazten, eta badirudi egindako lan horrek ez duela ezertarako balio. Alferrik galdutako denbora izan dela".

Liburuak poema bana jasotzen du liburuaren hasieran eta bukaeran, prologo eta epilogo modura. Era berean, Itxaro Borda idazleak egin dio hitzaurrea liburuari: "Poemategiak jasotzen dituen kezka eta hausnarketak oso ongi laburbildu ditu bere hitzetan. Niretzat ohore bat izan da Itxaroren parte hartzea eta oso eskertuta nago".