Uemaren hezkuntza proiektua, esperimentaziotik haratago

Zarauzko Hitza 2016ko api. 13a, 19:42
Uemako kide Xabi Aizpurua Ugarte azalpenak ematen (Aritz Mutiozabal).

Aurkezpen-mintegia egin dute gaur goizean Urola Kostako Berritzegunean.

Uemak Arnasguneen Hezkuntza Proiektuarekin lanean jarraitzen du. Irailean udalerri euskaldunetako eskoletan hasitako esperimentazio fasea amaitu dute, eta bertan ateratako emaitzen berri emateko aurkezpen-mintegi bat egin du gaur goizean Zarautzen, Urola Kostako Berritzegunean. Bertan, izan dira esperimentazio fasean parte hartu duten eragileak, udaletako euskara eta hezkuntza teknikariak, hezkuntza zentroetako irakasleak eta ikasleak.

DBH 3 eta 4 mailako 400 ikasleekin egin dute azterketa; bost jardunaldi egin dituzte hiru hilabetetan, eta saio horietan euskararen normalizazioari buruzko galdetegiak bete dituzte ikasleek. Batxilergoan, gainera, sei gelako ikastetxe batean esperientzia pilotua egin dute; hau da, Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIn. Era berean, irakasleekin formazio tailerrak eta elkarrizketak egin dituzte.

Oro har, balorazio positiboa jaso du Uemaren hezkuntza proiektuak. Hori islatzeko esladi bat ekarri dute mintegira: "Ikastetxean eragiteko baliagarriak diren jarduera hauek oinarri sendoa dute, baina hobekuntzak egin behar zaizkio eraginkorrago izateko. Irakasleak bide hori aurrera jarraitzeko prest daude".

Hezkuntza proiektua 2016-2017 ikasturtzean abian jarri nahi dute DBHko 48 zentrotan eta batxilergoko 20 zentrotan. Ez dakite guztietan aplikatu ahal izango duten, baina harremanetan dabiltza eta hainbaten interesa jaso dute jada.