Agintaldi honetan 250 etxebizitza eraikiko dituzte Zarautzen, horietatik 190 babesekoak

Zarauzko Hitza 2016ko api. 14a, 20:59
Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Udal Plana eskuetan duela.

Zarauztarrei etxebizitza eskuratzeko erraztasunak emateko, Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Udal Plana osatu du Udal Gobernuak 2016-2019 bitarterako.

Xabier Txurruka  alkateak  Zarauzko Udal Gobernuaren agintaldirako "plangintza garrantzitsu" baten berri eman du: 2016-2019 bitarteko Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Udal Plana aurkeztu berri du. Horren helburua zarauztarrei etxebizitza babestuak "modu eskuragarrian" eskaintzea da. Zentzu horretan, zarauztarrei erraztasunak ematea da asmoa, herritarrek "etxebizitza duin, egoki eta irisgarria eskuratu, erabili eta gozatu ahal izateko".

Alkatearen arabera, azken 14 urtetan udalerrian ez da babes publikoko etxebizitzen sustapen "esanguratsurik" egin. Hori dela eta, horri aurre egiteko plana osatu eta konpromisoa hartu dute datozen hiru urtetan betetzeko.

Hiru zutoin ditu planak. Batetik, alokairuzko etxebizitzak sustatzea. Hiru sustapen aurreikusi ditu alkateak. Batetik, Aldapeta. Udal jabetzako partzela horretan babestutako 50 etxe—20 babes ofizialekoak eta 30 tasatuak— eraikiko dituzte agintaldi honetan; jaurlaritzako Visesa elkarte publikoak sustatuko du area hori. Aurreikusi dute 2017ko lehen hiruhilabetean egingo dutela esleipena, 2017an obrak hasi ahal izateko eta etxebizitzak 2019an emateko.

Etxebizitzak sustatuko dituzten bigarren area Salberdin da. Aurreikuspenen arabera, lehen fase batean babes ofizialeko 140 etxe inguru eraikiko dituzte, bere garaian Grijalba txatartegia zegoen arean, hain zuzen. Aurrez, birpartzelazio eta urbanizazioa onartu beharko dituzte; aurten egiteko asmoa dutela dio alkateak. Hori eginda, 2017an hasiko lirateke babes ofizialeko etxeak eraikitzen Salberdinen, agintaldia amaitu aurretik etxeak jabeei emate aldera. Horrekin batera, 60 etxebizitza libre eraikitzea ere aurreikusi dute.

Irita da etxebizitzak egingo dituzten hirugarren eremua. "Hasiera batean enpresa parke bat egiteko asmoa bazegoen ere, lege eta kudeaketa arazoak medio, azkenean aldaketa bat proposatu zitzaigun eta horrela onartu da udalbatzarrean, aho batez", gogoratu du alkateak. Haren arabera, jaurlaritzak eta Beterri Kostako industrialdeak eremu hori berraztertuko du eta asmoa da datorren urtean Iritako Plan Orokorra aldatzea; 2018an birpartzelazio eta urbanizazio proiektuak gauzatzea eta 2019 aldera hastea gune horretan etxebizitzak sustatzen. Oraindik ere ez dute zehaztu zenbat etxe eraikiko dituzten eremu horretan.

"Guztira, agintaldi honetarako 250 etxebizitza berri izango lirateke, horietatik 190 babesekoak eta 60 prezio librekoak", nabarmendu du alkateak.

Beste bi zutoin

Etxebizitzak sustatzeaz gainera, hutsik dauden etxebizitzak gutxitzeko Eusko Jaurlaritzako Bizigune programarekin hitzarmen bat sinatu nahi du Udal Gobernuak. Etxe hutsak merkaturatzeko etxejabeen interesa piztea du helburu eta horretarako udalak osagarri batekin areagotu egingo ditu  Bizigune programak egun ematen dituen laguntzak. "Etxebizitza hutsak alokairuan jartzea erabakitzen duten titularrei emango zaie laguntza, errenta kobratzeko bermea izan dezaten". Udalak urtean 200.000 euroko aurrekontua bideratuko du horretarako. "Batetik, erreformak egin dituztela justifikatzen dutenei 2.000 euro bitarteko diru laguntzak emango diegu berritze lanak egiteko, eta bestetik, alokairu bakoitzeko 200 euro bitarteko laguntza ematea ere aurreikusten dugu". Aurreratu du etorkizun labur batean zehaztuko dutela hori jaurlaritzarekin sinatuko duten akordioan.

Azkenik, Udal Gobernuarentzat "lehentasunezkoa" da orientazioa ematea behar sozial egoeran dauden pertsonei. "Etxegabetzeko prozedurak gertatuko balira, horren aurrean ekintza protokolo bat zehaztuko dugu inor kalean geratu ez dadin", nabarmendu du Txurrukak. 

Laguntza publikoen inguruko informazioa, tramitazioa eta etxebizitza proiektuen gauzatze mailaren jarraipena Zarautz Lur erakunde publikotik egingo dute. Beraz, bertara jo daiteke argibideak eskuratzeko. Bestalde, 2016-2019 bitarteko Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Udal Planaren dokumentu osoa datorren astean zintzilikatuko dute udaleko webgunean.