PSE-EEk Deba eta Donostia artean gaueko tren zerbitzua martxan jartzeko eskatuko du Legebiltzarrean

Zarauzko Hitza 2016ko api. 19a, 13:08
Ezkerretik hasita, Orue-Etxebarria, Vazquez, Elola eta MaraƱon, gaurko agerraldian.

Ostegunean aurkeztuko du mozioa Patxi Elola PSE-EEko legebiltzarkide zarauztarrak.

"Deba eta Donostia arteko zatia da bakarra gaueko tren zerbitzurik ez duena". Hori dela eta, PSE-EEk  asteburutarako eta ekitaldi berezitarako tren ordutegia zabaltzeko eskatuko du Eusko Legebiltzarrean, horrek Eusko Jaurlaritzari zerbitzua indartu dezan galdegin diezaion. Ostegunean aurkeztuko du mozioa Patxi Elola legebiltzarkide zarauztarrak. Haren arabera, "ulertezina eta onartezina" da egungo egoera: "Bilbotik Donostiarako linean, Deban amaitu egiten da gaueko zerbitzua. Deba inguruko eta Urola Kostako biztanleak isolatuta daude, gutxietsita". Hori dela eta, "beranduenez" gaueko tren zerbitzua ekainaren 1a baino lehen zabal dezaten galdegingo du Elolak mozio horrekin.

Gloria Vazquez, Arritxu Marañon eta Fermin Orue-Etxebarria, hurrenez hurren, Zarauzko, Zumaiako eta Usurbilgo PSE-EEko zinegotziekin batera agerraldia egin du gaur goizean Elolak, Zazpi elkartean. Gogoratu du gaia ez dela "berria". 2013an eskatu zuen lehenbiziko aldiz PSE-EEk gaueko tren zerbitzua zabaltzeko tarte horretan, eta garraiorako agintaritzak azterketa egingo zuela erantzun zuen, Elolaren arabera. "Orain arte ez da ezer egin", nabarmendu du Vazquezek.

Duela 15 egun, berriz, interpelazioa jarri zuen alderdi sozialistak zerbitzu hori martxan zergatik ez zen jarri argitzeko. Legebiltzarkide zarauztarrak azaldu duenez, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuordeak ez zela "beharrezkoa" erantzun zuen, "estimazioetan oinarrituta". "Ez da azterketa sakonik egin, baina datuak hor daude. Zumaia eta Hendaia artean tren erabiltzaileen kopurua %12,5 igo da. Erabiltzen da, beraz". Elolaren arabera, "ohiturak erabiltzea dakar, eta erabiltzeak ohitura". "Martxan jarri bitartean, hipotesietan geratzen gara".

Iraunkortasunaren eta segurtasunaren alde

PSE-EEk garraio publiko eta jasangarriaren aldeko apustua egin du. Elolaren arabera, aisialdiaz gozatzeko aukera zabalagoa eskaintzeaz gain, ingurumena zaindu eta herritarren segurtasuna bermatzen laguntzen du. "Onura ekonomikoez gain, zonalde horretarako onura sozialak ere ekarriko ditu".