Nerea Arrien: «Pentsatzeko txokoa ez dago soilik buruan, gorputz osoan baizik»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko api. 20a, 10:30

Gaur jasoko du lekeitiarrak XXXVI. Xabier Lizardi Saria, 19:00etan, Sanz Enea kultur etxean. Pentsatzeko txokoa lanaren 2.500 ale banatuko dituzte eta Erein argitaletxeak Auskalo bilduman gehituko du testua.

14 lanen artean aukeratu dute zurea. Nola jaso duzu berria?
Ezin nuen sinetsi; sorpresa itzela izan da niretzat. Lehenago ipuin laburren sariketa batzuetara bidali izan ditut lanak eta sariren bat edo beste irabazi izan dut, baina inoiz ez halakorik. Egia esan, ez nuen espero.

Pentsatzeko txokoa da sariketara aurkeztu duzun lana. Zer da txoko hori?
Pentsatzeko txokoa idatzi nuen nire ikasleekin pentsatuta. Orain arte nerabeekin egin izan dut lana, DBHko ikasleekin. Alaba jaio zenean, oposizioak atera nituen Haur Hezkuntzarako eta urte horretan bertan 6. mailakoei eskolak ematen jarri ninduten. Aldaketa handia izan zen niretzat. Konturatu nintzen badagoela adin bitarte bat, 10-13 urte artekoa, ez direnak ez haur ez nerabe edo biak direla aldi berean. Ohartu nintzen badutela emozio anabasa bat eta laguntza isila eskatzen dutela.

Horren aurrean, erreminta bila hasi eta konturatu nintzen material pila bat dagoela haurrentzat eta nerabeentzat, baina ez adin horretakoentzat.

Hutsune bat dago, zentzu horretan?
Bai, hori da. Hezkuntza sistema hein handi batean alde arrazionaletik dago bideratuta, eta askotan banatzen ditugu umeak gainditu eta ez gainditu artean. Hori apurtu egin behar da; azken finean, ez garelako burua bakarrik. Horregatik, pentsatu nuen zerbait egitea haiekin emozioak lantzeko.

 
Eta hortik dator Pentsatzeko txokoa.
Bai, pentsatzeko txoko asko daudela adierazi nahi nuen. Txikiak ginenean, zigortzen gintuztenean hormaren kontra bidaltzen gintuzten. Orain, modernoago-eta izateko asmotan-edo, pentsatzeko txokora bidaltzen ditugu haurrak. Min zaharrak hitz politekin mozorrotzen ditugu, baina finean, umea hormaren kontra  bidaltzea bezala da, zigortzea. Eta zein da haurrek jasotzen duten mezua? Bada pentsatzea zigor bat dela.

Hori da liburuaren mamia: protagonistak, 10-11 urteko Debak ulertzen du pentsatzeak ez duela txokorik. Pentsatu daitekeela bihotzarekin, sabelarekin, eztarriarekin... Ez bakarrik buruarekin. Ez direla soilik pentsamendu arrazionalak, hori baino gehiago direla.

Halako dinamikak beharrezkoak dira, beraz.
Bai, eta emozioak lantzeko blog bat (pentsatzekotxokoa.weebly.com) sortzeko asmoa dut, liburuari buruzko informazioa, dinamikak eta bestelako baliabideak eskaintzeko.

Haur eta gaztetxoentzako literatura suspertzea da Lizardi sariaren helburua. Zure lana, ordea, helduei ere zuzenduta dago.
Liburua finean euskarri bat da, bai gurasoentzat, bai irakasleentzat... Nire kasuan, alabarekin irakurtzen dudanean, gustatzen zait nik ere liburu horretaz gozatu ahal izatea, ez izatea esklusiboki publiko jakin batentzat. Izan ere, liburuekin lan bat egin daiteke hezkidetzaren inguruan.

Hainbat pertsonaia ezaguni ere erreferentzia egin diozu liburuan.
Scarlett O´Hara, Madamme Curie, Bonnie y Clyde... ere azaltzen dira, bai. Aparteko emakumeak iruditzen zaizkit eta protagonistari laguntzen diote  abenturak eta emozioak bideratzen eta kudeatzen. Horrek ere irakasleoi bide eman diezaguke pertsonaia horien bizitza kuxkuxeatzeko.

Eleberrien irakurle amorratua zarela diozu eta idatzi ere idazten duzu. Noiz hasi zinen?
Betidanik gustatu izan zait idaztea, baina niretzat, kontsumo propiorako, alegia. Sariketek balio izan didate idatzitakoak ordenatzeko, epeak jarri eta epe horren barruan bukatzeko. Izan ere, oso kaotikoa naiz, idazten hasten naiz, ez dut bukatzen... Kasu honetan ere lagundu dit antolatzen eta egitura bat mantentzen. 

Oraingo honetan ez da soilik kontsumo propiorako izango. 2.500 ale banatuko dituzte. Horrek ateak irekiko al dizkizu?
Egia esan, ez dut neure burua liburuak saltzeko idazten jarraitzen ikusten. Hala ere, baditut ideiak eta zenbait gauza idatzita, eta orain behintzat ezagutzen dut bidea, noizbait zerbait argitaratu nahi izanez gero. Horretarako balio izan dit: ezagutzeko zein den prozesua liburu bat argitaratu nahi bada. Saria testua liburuan argitaratzea da, eta horrek izugarrizko ilusioa egiten du, baina prozesua bera nolakoa den ikastea ere saria izan da niretzat.