Aritz Aranburu: «Legezkoa izatea izan da gure lehentasuna»

Aritz Mutiozabal 2016ko api. 21a, 10:30
Aritz Aranburu surflaria eta Powertxiki S.L.-ko arduraduna (Aritz Mutiozabal).

Surf zentroa eraikitzeko eman beharreko pauso guztiak ematen ari dela dio Powertxiki S.L.-ko arduradunak, eta erakunde publiko guztien oniritzia jaso duela arrazoitu du.

Zer helbururekin sortzen da proiektuaren ideia?
Ilusio honekin duela zortzi urte hasi nintzen. Surflari bezala nire ibilbidean faltan bota ditudan gauzak eskaintzea gustatuko litzaidake han. Egitura ezberdin batzuk eskainiz, datozen belaunaldi berriei laguntzeko eta bultzada emateko. Asko betetzen nau nire ezagutzak jendearekin partekatzeak. Azken finean, surfaren zentro bat da osatu nahi dudana, surf arloko edozein alderdiri erantzungo liokeena.

Zeintzuk izan dira hori abian jartzeko emandako pausoak?
Nik ikusten nuen surf zentro bat aurrera eramateko osagai politak zituela herriak. Ideia horrekin lanean hasi nintzenean, kontsulta bat egin nuen jakiteko Zarautzek benetan halako proiektu bat behar zuen. Proiektua finkatu ondoren, toki bat aurkitzen hasi nintzen. Aurreko agintaldi hasieran Zarauzko Udalarekin harremanetan jarri nintzen proiektuaren inguruan hitz egiteko, eta itxaron egin beharko nuela esan zidaten, Biotopoa zehazten zuten lerroak ateratzear zeudelako. Horrek pare bat urte iraun zuen, eta hasieran pentsatuta neukan tokia alboratu behar izan nuen, Biotopoaren barruan kokatzen zelako. Orduan, beste kokaleku bat bilatzeari ekin nion, eta egungo horretara iritsi ginen. Hor jada proiektua lantzen hasi nintzen nire arkitektoarekin eta lan taldearekin.

Baina bazenekin lurzoru ez urbanizagarria zela eta Plan Berezi bat osatu beharko zenutela horretarako, ezta?
Hala da. Bagenekien lurzoru ez urbanizagarria zela, baina interes publikoko proiektu bat izanez gero, kirol ekipamendu bat jartzeko aukera zegoela. Betiere udalak interes publikotzat hartzen bazuen. 2013an oinarrizko proiektua aurkeztu genuen, eta alderdi guztiek esan ziguten proiektuak bazuela interes publikoa. Orduan, Plan Berezia osatu genuen, baina ondoren garaiko Udal Gobernuak ez onartzea erabaki zuen. Proiektua gustatu arren, kokalekua ez zitzaiola egokia iruditzen esan zigun. Nahiago zutela beste nonbait egitea. Erabaki hura errespetatu egin genuen, nahiz eta arraroa iruditu zitzaigun hasierako baiezko hura  ondoren ezezkoa izatea.

Duela hilabete batzuk berriro aurkeztu duzue proiektua, eta egungo Udal Gobernuaren baiezkoa jaso duzue. Aldaketarik egin duzue Plan Berezi horretan?
Ez, aurreko bera da. Gainera, erakunde publiko guztien oniritzia dugu: Espainiako Gobernuko Kostako Zuzendaritzarena, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarena, Gipuzkoako Foru Aldundiakoarena, eta, orain, Zarauzko Udalarena. Proiektuarekin lanean hasi ginen unetik legezkoa izatea izan da gure lehentasuna. Orain, legez kontrakoa dela zabaltzen hasi da komunikabideetan, eta hori ez da horrela. Erakunde guztien txostenak ditugu, guztien onarpenarekin. Aurreko agintaldian eta baita honetan ere Zarauzko Udalak zorrotz jokatu du, eta herriaren onurarako proiektua dela onartu dute, bai lehen bai orain.

Kokalekuak sortu du kezka gehien. Udaleko ingurumen teknikariaren txostenak dio ez dela ezinbestean lurzoru ez urbanizagarrian kokatu beharreko ekipamendua. Horrez gain, Nekazaritza eta Basozaintzako, Iñurritzako Biotopoa nahiz EAEko itsasertza babesteko irizpideekin bat ez datorrela dio. SOS Talaimendi plataformak ere hori argudiatu du.
Nik iritzi guztiak onartzen ditut, baina iruditzen zait gauzak diren bezala kontatu behar direla, eta ezin direla irizpide batzuk erabili jendea nahasteko. Batzuei proiektuaren kokalekua egokia ez iruditzea onargarria da, baina legez kontra nabilela esatea ez da egia. Esan bezala, proiektuarekin hasi aurretik alderdi politiko guztiekin elkartu nintzen, aurrena banaka eta ondoren guztiekin batera. Guztiak ados zeuden Zarautzek horrelako zerbait behar zuela, interes publikoa bazuela, eta onartu behar dut batek edo bestek esan zigutela ez zutela egoki ikusten kokalekua. Beste aukera batzuk bilatzen saiatu gara, baina ez dugu ikusi horrelako kirol instalazio bat aurrera eramateko moduko beste kokalekurik.

Interes publikokoa dela diozu, baina nori dago zuzenduta: kanpokoentzat, herritarrentzat...?
Urte osoan zabalik egongo da, bai udan bai neguan, eta egin nahi dugun planteamenduarekin herritarrekin hilabete gehiago pasatuko ditugu kanpokoekin baino. Argi dago kanpamentu bat izango dela, baina beste-
lako programazio batzuk ere lantzen ari gara. Eskoletara zabaldu nahi dugu, surfaren oinarria txertatu dezaten ikasturteko programazioan, eskola kirola bezala. Gainera, eskolaz kanpoko jarduera gisa ere eskaini nahi diegu. Eskola ezberdinetan aurkeztu dugu proiektua eta begi onez ikusi dute. Gauza asko ditugu buruan: surfa ingelesarekin edo ingurumenarekin txertatzekoa kasu. Oro har, edozein mailetara irekia egongo da, hasiberrienetik hasi eta teknifikazioa bilatzen dutenen arte. Bestalde, Kind Surf gobernuz kanpoko erakundearen egoitza bilakatu nahi dugu zentroa, orain arte ez baitu toki fisikorik izan. Nahiko genuke asteroko programa bat osatu, Aspacerekin elkarlanean, urtean zehar haur horiekin egiten ditugun jardunaldiei jarraipena emateko.

Guztia legezkoa izanda ere, eremu babestu batean eraikitzeak ez al zaitu arduratzen?
Zentzu horretan, eraikina egurrezkoa eta iraunkorra izango da guztiz, ingurumenari ahalik eta talka gutxien eragiteko. Lur eremua maldan dago, eta hori baliatuko dugu eraikitzeko. Udaleko arkitekto teknikoarekin harremanetan jarri ginen, eta egin nahi duguna ongi iruditu zitzaion, eraikina eremuaren ezugarrietara egokitzen delako. Ez da ezerezetik tontor bat aterako. Gauzak ongi egiten ari gara, errespetu handiz, eta hartzen dugun konpromisoa oso handia da. Kirolaria naizen aldetik irudi bat dut, eta ez litzaidake sekula bururatuko axolagabe jokatzea.

Beste kezketako bat da inguruak jasan dezakeen presio urbanistikoa, eta surf zentroa aurrekari bat izan daitekeela ondoren etor daitezkeenentzat.
Argi ikusten dut bertan etxebizitzak eraikitzea onura pribaturako dela, eta ez dut uste ateak ireki behar direnik. Surf zentroa, ordea, herriaren onurarako proiektua da, kontuz landutakoa. Duela zortzi urte ekin nion ideia honi, eta galdeketa guztiak egin ondoren baiezkoa jaso dut, betiere legearen barruan. Urrats guztiak ongi ematen ari nintzela ziurtatu naiz. Surfcampa edo hotela dela esan dute, baina hartzen dudan konpromisoa handiagoa da.

SOS Talaimendi sinadurak biltzen ari da, surf zentroa hor ez jartzeko eskatuz.
Iruditzen zait gauzak objektiboki kontatu behar direla, proiektua den bezala azalduz, eta jendeak informazio hori duenean erabaki dezala sinatu ala ez. Sinadura bilketaren kontu hori ikusi dut, eta hor azaltzen diren hainbat gauza ez dira horrela. Zalantzan jartzen dira gauza asko, eta nik erakunde guztien onarpena dut. Halako tokietan, gainera, ez dira faboreak egiten. Lege aldetik dudak izango balitu, ez genukeen aurrera eramango. Sinadura bilketa hasi aurretik ez dira nirekin elkartu gaiaz hitz egiteko, eta gustatuko litzaidake haiekin biltzea. Iruditzen zait hau guztia gehiago dela eztabaida politiko bat, nirekin dagoen eztabaida baino. Jakina kezkatzen nauela, baina ez dut pertsonalki hartzen.