Harrera programa osatu du udalak, etorri berriei integratzen laguntzeko

Zarauzko Hitza 2016ko api. 21a, 16:00
Julen Aranguren eta Iratxe Zorrozua, Immigrazio teknikaria eta zinegotzia, Harrera programako esku orria eskuetan dutela.

Bost jarduera antolatu dituzte: bi ikastaro eta hiru hitzaldi.

"Gure gizarteak erronka ugari izango ditu, tartean, herri eta auzoetako aniztasuna kudeatzea". Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak esan du Zarautz ez dela "salbuespena" eta udalerriko biztanleria ere "geroz eta anitzagoa" dela. "Geroz eta jatorri gehiagotako jendea iristen da gurera, eta aniztasun horrek kultura aberastasuna eta garapen ekonomikoa dakazkio herriari". Aniztasun hori, ordea, zaindu egin behar dela dio, herrian elkarbizitza osasuntsua izan dadin.

Horregatik, integraziorako lehendabiziko urratsa aurkeztu dute gaur eguerdian Zorrozuak eta Julen Aranguren Immigrazio teknikariak: harrera programa. Zorrozuak argitu du gehienbat etorri berriei zuzenduta dagoela, baina zenbait ekitaldi bertakoei ere zuzenduta daudela.

Guztira, bost jarduera antolatu dituzte: bi ikastaro eta hiru hitzaldi. Lehenbiziko hitzaldia apirilaren 26an, asteartean izango da atzerriko ikasketa agirien homologazioaren inguruan. Tramite hori nola egin azalduko dute Bidez bide erakundeko ordezkariek, Etxezabalan, 17:00etan. "Izapide zaila da eta jendea askotan galduta sentitzen da. Hori argitzen lagunduko du hitzaldiak", zehaztu du Arangurenek. Irailaren 17an, larunbatean eskainiko dute berriz ere hitzaldi bera.

Maiatzaren 21ean zein azaroaren 6an etxeko eta zaintza lanez ariko dira Bizkaiako Etxeko Langileen elkarteko kideak. Arangurenen arabera, zalantza "asko" sortzen zaizkie langileei zein kontratatzaileei eta prekarietatea ere "handia" da sektore horretan. Etxeko langileen eskubide eta betebeharrez; soldatez; ordutegiaz; lan baldintzez eta beste hainbat gaiez jardungo dute hitzordu horietan.

Hirugarren hitzaldia atzerritartasun araudiari buruzkoa izango da. Urriaren 19an eta abenduaren 13an eskainiko du Eusko Jaurlaritzako Biltzen zerbitzuko abokatu batek, eta paperak lortzeaz, familia berriz batzeaz, lanerako baimenez eta herritartasunaz ariko da, besteak beste.

Ikastaroak

Ikastaroei dagokionez, batetik, atzerritartasunari buruzko orientabidea eskainiko dute eta, bestetik, ohiko euskara harrera ikastaroa ere antolatu dute. Azken hori martxan dago dagoeneko. Immigrazio teknikariak jakinarazi du 12 pertsona ari direla euskarazko oinarrizko gauzak ikasten eta herriko baliabideak ezagutzen, udal euskaltegian.

Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean eskainiko du SOS Arrazakeriak atzerritartasunari buruzko orientazio zerbitzua. Paperak atera nahi dituzu? Paperak berritzeko edota herritartasuna lortzeko zailtasunak dituzu? Atzerritarra izateagatik diskriminazio egoeraren bat jasan duzu?... Halako galderak erantzungo dituzte.

Astelehen goizetan emango dute ikastaroa, Zuberoa kaleko 22. zenbakiko lokalean. Doan izango da eta aurrez hitzordua hartu beharko da bertan parte hartzeko. Horretarako, 943-245626 edo 943-245627 telefono zenbakietara deitu behar da.

Harrera programa udaletxean, mintzategi edo lokutorioetan, Gizarte Zerbitzuetan eta EPAn banatuko dituzte, besteak beste. Udaleko webgunean ere eskuragarri dago formatu digitalean. Halaber, informazio zabalagoa eskuratu nahi duenak Gizarte Zerbitzuetara jo, deitu (943-005127) ala idatzi (immigrazioa@zarautz.eus) dezakete.