Gutuna: "Surf zentroaren kontrako helegitea sartu du Arkamurkak"

Zarauzko Hitza 2016ko api. 25a, 13:32
Agerre Goikoa baserriaren ondoko partzelan eraiki nahi dute surf zentroa (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Arkamurka natura-elkarteak Zarauzko Hitzari bidalitako gutuna, Iñurritzako Biotopoaren gune periferikoan eraiki nahi den surf zentroaren inguruan.

"Tematuta dabil Powertxiki S.L.-ko arduraduna bere proiektuaren legalitatea justifikatzen. Lehentasuna izan omen du irizpide honek bere proiektuaren proposamenean, eta bide horretan erakunde publiko guztien oniritzia jaso duela arrazoitu berri du Zarauzko Hitzari eskaini dion elkarrizketan.

Esaten duen horrek, ordea, badu baina-rik. Izan ere, Zarauzko Udalak proiektuari eman dion oniritzian ez da kontuan hartua izan ingurumen teknikariak egindako ingurumen-txostena. Txosten horretan oso ondo justifikatzen da proiektuaren kokapen desegokia hainbat lege eta planen irizpideen arabera (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, EAEko Itsasertza babesteko eta antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana, Iñurritzako Biotopoko Planaren aldaketa …). Zentroa eraiki nahi den eremua nekazaritza, abeltzaintza eta landazabaleko mailan sartzen da eta bertan hainbat azpiegitura onargarriak diren arren, nahitaez landa ingurunean kokatuta behar dela argudiatu behar da. Bistakoa denez, Surf zentroak ez du betetzen baldintza hau.

Planaren interes publikoa onartu du Udalak, eta ondorioz, herriari onura ekarriko liokeela justifikatu da. Baina, ez da argudiatu zergatik duen ekimen pribatu horrek inguru hori zarauztar guztion mesedetan babestea baino interes handiagoa. Beraz, proiektua lekuz aldatzea da eskatzen duguna, zer esanik ez, Talaimendi jasaten ari den presio urbanistiko gero eta handiagoa kontuan hartuta. Arkamurkak proiektu hau hirigunera eramatea eskatzen du, Erriberetako Parketik (Iñurritza-Irita-Asti) kanpora, eta horretarako proiektuaren kontrako helegitea sartu du.

Bestalde, ekimen pribatu honi oniritzia interes publikoaren izenean eman zaionez, gai hau jorratzeko hitzaldia antolatu du Arkamurkak. Talai Mendiko azken obrak hizpide hartuta, administrazioan interes publikoaren defentsa nola ulertzen den aztertuko dugu datorren astean".