Udal garbitzaileek greba mugagabea hasiko dute, akordiora heldu ezean

Udaleko garbitzaileek elkarretaratzea egin zuten ostiralean, udaletxe parean (Aritz Mutiozabal).

Limpiezas Villar enpresako langileak eta Udal Gobernuko ordezkariak herenegun bildu ziren, baina ez dira ados jarri. Garbitzaileek salatu dute 2012tik ez dutela hitzarmenik. 

«Ez dugu egoera horretara iritsi nahi, egoera traumatikoa izango delako bi aldeentzat, udalarentzat zein garbitzaileentzat. Eta ondorioz, baita herritarrentzat ere», jakinarazi du ELA sindikatuko Zerbitzuetako Urola Kostako arduradun Janire Diazek.  Akordio batera heldu ezean, ordea, aurreko astean iragarritakoa beteko dute garbitzaileek: greba mugagabea hasiko dute astelehenetik aurrera.

Aurreko ostiralean elkarretaratzea egin zuten Limpiezas Villar enpresako langileek Lege Zaharren enparantzan. Haiek arduratzen dira Zarauzko Udaleko eraikinen garbiketaz; hau da, kultur etxea, Orokieta eskola, haur eskola, musika eskola, kiroldegia, gaztelekua eta abar garbitzeaz. Azpikontratatutako enpresa bat da, eta 40 langilek osatzen dute, emakumezkoak guztiak. 2010 eta 2012 arteko hitzarmen bat dute, eta azaldu dutenez, 2012tik hitzarmenik gabe eta babes juridikorik gabe ari dira lanean.

Hori dela eta, hitzarmen berri bat eskatu dute, garbitzaileek egoera ekonomiko-sozial hobe bat izateko. Herenegun bildu ziren  Udal Gobernuko ordezkariekin zein enpresakoekin. Baina oraingoz ez dute konponbiderik aurkitu eta ez dira ados jarri, Diazek jakitera eman duenez. Horregatik, astelehena baino lehen beste bilera bat deitzeko eskatu diote udalari.

Egoerari «buelta emateko gogoa» dute eta afera hori «ahalik eta azkarren» konpontzea espero dute; izan ere, Diazen arabera,  urte eta erdi daramatzate prozesu horretan, eta ez dute erantzunik jaso ez udaletik ezta enpresaren aldetik ere. «Gaia delikatua» dela jakinda, «erantzukizunez» jokatzeko eskatu diote udalari.   


Hobekuntzarik gabe

2009an, euren lan baldintzak udaleko langileen baldintzetara gerturatzea lortu zuten garbitzaileek, eta 2010-2012rako enpresa hitzarmen batean jaso zituzten hobekuntza haiek. Urteen ostean, parekatze hori ez dela «%100ekoa» izan diote langileek: «Gure soldatak ez dira izan hitzarmen horretan jasotakoak, bidean lege aldaketak egon baitira. Gainera, erreforma berriak daude eta babes juridiko irmorik gabe gelditu gara. Beraz, ez dugu ez hobekuntza ekonomikorik, ezta sozialik izan urteotan».

Hori dela-eta, 2015eko urtarrilean udalari eta enpresari hitzarmen proposamen berri bat luzatu zieten, berriz ere negoziatzen hasteko asmoarekin. «Aurreko Udal Gobernuak begi onez hartu zuen gure proposamena. Enpresak, aldiz, erantzunik ez». Iazko maiatzetik udal gobernu talde berriarekin ere elkartu dira, «baina konponbiderik gabe jarraitzen dugu».

Erantzukizuna hartzeko eskatu diete enpresari, baina batez ere udalari. ELAko ordezkariaren esanetan, «azpikontratatuak izan arren, udaleko langileak dira, eta herriarentzat zerbitzu bat ematen dute. Egoerari erantzun bat eta konponbide bat ematea eskatzen dugu, beraien eskubideak bermatzeko».
Gainera, Limpiezas Villar enpresak udalarekin duen kontratua «eten» egingo duela jakitera eman du ELAko ordezkariak. «Denbora gainera datorkigu. Izan ere, udalak plegu berri batzuk kaleratuko ditu orain, eta plegu horietan eskatzen dugun hitzarmena jasotzen ez bada, euren lan baldintzak ez dira hobetuko eta ez dute babes juridikorik izango».