Gutuna: "Surfcamp-aren inguruan zenbait azalpen"

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 3a, 11:50

Jabier Etxaburu Eluk eta Alizia Osa Otxandorenak, 2011-2015 agintaldiko Zarauzko Udal Gobernuaren izenean, honako idatzia helarazi du surf zentroaren inguruan.

"Azken egun eta asteetan esan direnak argitzeko idazten dugu. Ez alderdi baten izenean, ezta inoren aurka egiteko ere. 2011-2015 legegintzaldiko Udal Gobernuaren izenean idazten dugu, gertatutakoa argitu eta egindakoa gogora ekarri asmoz.

2014ean surfcamparen egitasmoa aurkeztu zen Udalean. Hainbat hilabete eta bilera izan ziren egitasmoaren inguruan. Gure iritzia honakoa izan zen hasieratik: egitasmoa interesgarria zen baina proposatutako tokia ez zen onargarria. Eremu urbanizaezinean egin nahi zen eta, gainera, baziren beste hainbat kokapen horretarako. Egitasmoa aurrera eramateko proposamen ezberdinak landu ziren. Izan ere, gazte zarauztar batek herrian halako egitasmoa egitea lagundu beharreko zerbait iruditzen zitzaigun. Hala egin nahi izan genuen bai kasu honetan eta baita beste hainbatetan ere. Baina ez edozein preziotan.

Proiektuaren sustatzaileak, hala ere, ez zuen guk proposatutakoekin aurrera egin nahi izan. Eta proiektua bere horretan aurkeztu zuen. Guk, kokapenarekin genuen kontrako iritziagatik, atzera bota genuen 2014ko azaroaren 28an. Orduan ere azaldu genion toki ezberdin batean kokatzeko eta lanean jarraitzeko gure borondatea.

Garbi utzi nahi dugu, garai horretan guztian, ez zuela inongo interes publikoko deklaraziorik jaso (halakorik esan baldin bada ere, ulertzen ez ditugun arrazoiak medio); interes publikoko deklarazioa jasotzeko, eremu horretan egitearen ezinbestekotasuna kontuan hartu behar baita. Ez zuen interes publikoko deklaraziorik jaso ez Udalaren partetik, ez Gipuzkoako Aldundiaren partetik, ezta Jaurlaritzaren partetik ere. Are gehiago erantsi dezakegu, eremu hori babesteko alegazioa aurkeztu zuen Udalak 2008an. Alegazio horri inork ez zion kontrakorik adierazi eta tarteko erakundeek ere babestu egin zuten (Jaurlaritzak eta Aldundiak), baliabide naturalen babeserako egitasmo organikoaren barruan kokatuz.

Talaimendi inguruan, egitasmo honi ez ezik, beste hainbat inbertsio pribaturi esan izan zaio ezetz arrazoi berdinarengatik. Udalerriaren ertzean kokatzen den eremu ez urbanoa ahalegin bereziz babestea ezinbestekoa da, besteak beste, jasaten duen etengabeko presio urbanistikoa medio. Hala pentsatzen genuen eta hala adierazi zuen aho batez Zarauzko Udalaren 2016ko otsaileko mozio batek ere. Azpimarratu nahi dugu halakoak esan eta ondoren kontrakoa egiteak eragin kaltegarriak dituela.

Azalpen horien ondotik, gure iritzia bai lehen eta bai orain berdin mantentzen dela garbi utzi nahi dugu: Udalak lagundu egin behar die herriko gazte eta ekintzaileei halako egitasmoak aurrera eramaten. Ez dugu ukatzen halako egitasmoa interesgarria izan litekeenik herriarentzat. Baina berriro diogu, halako eremu batean ez zen onargarria lehen eta, orain ere, Udaleko Ingurumen teknikariaren txostenean adierazten den moduan, ez da onargarria".