Aurkeztu dute 13. Pagoeta Mendi Lasterketa

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 3a, 19:33
Salbatore Mitxelena ikastolako guraso taldeko kideak. (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Hainbat berrikuntza izango ditu aurtengo kirol elkitaldiak.

Bi aldaketa nagusi izango ditu aurtengo Pagoeta Mendizale Elkarteak. Batetik, Salbatore Mitxelenako guraso talde batek Zarautz Kirol Elkartearen lekukoa hartu eta haiek arduratu dira aurten lasterketa antolatzeaz, ikastolaren 50. urtemugarekin bat eginez. Jon Azkue da guraso talde horretako ordezkari bat eta hark azaldu du errelebo horren zergatia, gaurko aurkezpenean. Bi helburu nagusi ditu: batetik, probari jarraipena ematea, eta bestetik, ikastolako aktibitatea herrira zabaltzea.

Ibilbideari dagokio beste aldaketa. Aurten zirkularra izango da, Igor Etxeberriak azaldu duenez. Ikastolako guraso taldeko ordezkariak jakinarazi du Klabelinsoro plazan izango dela irteera eta helmuga, eta ibilbidearen zati handiena mendi-bidea izango dela. Joaneko bidea urteetako bera izango da, Sarobetik barrena, eta beherako bidea, berriz, Pagoeta Parke Naturaletik igaroko da, Orbelaunetik. Luzexeagoa izango da aurten ibilbidea, 17 kilometrokoa—aurreko urteetan 14 kilometrokoa zen— eta 1.400 metroko gorabeherarekin.

Lasterketa ondoren hamaiketako eskainiko diete parte hartzailei eta ikusleei doan. Horrekin batera, irabazleentzako sari ugari banatuko dituzte, babesleen ekarpenari esker.

Maiatzaren 15ean izango da 13. Pagoeta Mendi Lasterketa, 09:30ean. 300 lagunetan jarri dute parte hartze muga, eta interesa dutenek www.herrikrosa.eus webgunearen bidez eman dezakete izena, 18 euro ordainduta.