Zarauzko Udalak sei mila euroko diru-laguntza eman dio ACNUR erakundeari

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2016ko mai. 5a, 13:04

 

Laguntza horrekin oinarrizko laguntza humanitarioa banatuko du ACNUR-ek Sirian eta errefuxiatuak biltzen diren beste herrialdeetan: Egipton, Turkian, Libanon eta Iraken.

"2011n gerra hasi zenetik ia 500 mila pertsona hil dira Sirian, eta herrialde horretako biztaleen erdia errefuxiatu izatera behartua izan da" azaldu du Julen Araguren Zarauzko Udaleko Immigrazio teknikariak; horietako batzuk Sirian bertan geratu dira, eta besteek herbestera joan behar izan dute. Siriaz gain badaude beste gatazka batzuk ere, Afganistanen, Iraken, Eritrean, baita Afrikako beste hainbat herrialdeetan eta egoera larria da. Horren aurrean Zarauzko Udalak larrialdietarako sei mila euroko diru-laguntza eman dio errefuxiatuen egoera hobetzeko lan egiten duen ACNUR erakundeari. Zarauzko Udaleko zinegotzi Pablo Garciaren esanetan "Munduan zehar dauden hainbat gatazken eraginez larrialdi krisia kronikoa bihurtu da. Egoera oso larria bizi dute horietatik ihesi beren herrialdeak utzi dituzten herritarrek, eta horiei laguntzeko gure hondar alea jarri nahi izan dugu". Horregatik, 2015 urte bukaeran eman zuen laguntzaz gain, beste sei mila euroko diru-laguntza ematea erabaki du Zarauzko Udalak.

ACNUR Euskadiko ordezkari Marta Areizagak eskerrak eman dizkio Zarauzko Udalari, diru-laguntza ematen duen bigarren urtea delako. "Horrekin oinarrizko laguntza humanitarioa banatuko dugu Sirian eta errefuxiatuak biltzen diren beste herrialdeetan: Egipton, Turkian, Libanon eta Iraken. Gatazken ondorioz 10 milioi lagunek beren etxea eta bizitza atzean utzi dute, eta ezer gabe geratu dira".  2015ean zehar esaterako oinarrizko bederatzi milioi kit banatu zituen ACNURek errefuxiatuen artean. Areizagak gogoratu du, "egoera prekarioan" bizi direla gerratik ihesi doazen herritarrak errefuxiatu kanpamenduetan, eta ACNURen laguntza beharrezkoa dela horientzat.

ACNUR Euskaditk azaldu dute euskal erakundeen eta herritarren erantzuna oso ona izan dela larrialdi egoera horren aurrean. "Gerratik ihesi doazen herritarrak gu bezalakoak dira eta horretaz jabetu da gizartea eta laguntza handia jaso dugu. Dena dela, asko dago egiteke oraindik, eta laguntzen jarraitzeko deia luzatzen diegu herritarrei".  ACNUR-ren webgunean bazkide egiteko edo diru-laguntzak emateko jarraitu beharreko urratsak zehaztuta dituzte laguntzeko interesa duten herritarrek.