«Proiektua eraikitzen bada, leku hori erabat desnaturalizatuko da»

Aritz Mutiozabal 2016ko mai. 6a, 10:00
Talaimendiren magalean eraiki nahi dute surf zentroa. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Arkamurkak alegazioa sartu du Talaimendiren magalean eraiki nahi duten surf zentroaren aurka. Mahai ingurua antolatu dute maiatzaren 10erako, gaia jorratzeko.

Arkamurka natura elkarteak Talaimendiren magalean Powertxiki enpresak eraiki nahi duen surf zentroaren aurkako alegazioa sartu du udalean, Erriberetako Parketik kanpora eramateko eskatuz; Iñurritzako estuarioak osatzen duen eremutik —Biotopoa, Irita eta Astitik— kanpo, hain zuzen ere. Arkamurkaren ustez, «lautadan eraikita dagoen eremua bere osotasunean baliatu arte, ez genuke hiritartu gabe dagoen eremu berririk okupatu behar. Lurzorua mugatua da, eta lehendik ere Zarautzek baditu hainbat eremu hiritartu ondoren, erabilpenik ez dutenak. Natur balioa galdu dute, baina ez dute bestelako erabilerarik».
 
Proiektuaren kokapena Iñurritzako biotopoaren barruan sartzen ez den arren, «mugan» dagoela nabarmendu du, eta «inguruko eremuak dituen natur balioak» dituela. «Dudarik gabe, paisaian izango luke eraginik handiena, eta paisaia da Iñurritzako biotopoa babesteko erabili zen irizpideetako bat».

Udaleko ingurumen teknikariaren txostenarekin bat egiten du Arkamurkak, haren argumentazioan ingurumena babesteko «borondate argia» ikusten dutelako. Alegazioan diote ingurumen balioen defentsari baino garrantzi handiagoa eman zaiola proiektuari. «Ingurumen balioak lekuak berak ditu, eta proiektua eraikitzen bada, leku hori erabat desnaturalizatuko da. Bestalde, paisaian izango duen eragina betirako izango da. Ingurumenaren balioa beti bigarren mailan jartzen da gure artean».

Etxegintzari edo urbanizaziori eman zaiola lehentasuna dio natura elkarteak. «Gure ustez, ingurumen teknikariaren txostenak oso ondo argudiatzen du proiektu hori eraiki nahi den lekua ez dela egokia. Eremu horren bokazioa nekazal jardueretako edo natur kontserbaziorako baliatzea da, eta hori bateraezina da horrelako proiektu batekin». Baimena emateko «berariaz bermatu» behar da proiektua landa-lurrean eraiki beharrekoa dela, eta «kasu honetan hori ez dela betetzen uste dugu».

Horren harira, argi utzi nahi izan du zentroaren kokalekua ez dagoela Iñurritzako biotopoko babestutako eremuan. Hala ere, «Udalak 2008an Jaurlaritzari lur zati hori babesteko eskatu zion, eta Jaurlaritzak oraindik eskaerari erantzun ez badio ere, espedientea martxan dago».

Interes publikoa hizpide
Auzia interes publikoaren «interpretazioan» dagoela adierazi du Arkamukak, eta hori zertan oinarritzen den argudiatzeko eskatu dio udalari. Natura elkartearen arabera, «interes publikokoa izateaz gain, horrelako eraikuntza bat landa-lurrean egiteko beste baldintza batzuk bete behar ditu». Eta surf zentroak ez dituela baldintza horiek betetzen dio: «Bistakoa da, ekipamendu turistikoa da. Zarautzen badaude hiri gunean horretarako eremuak».

Interes publikoa hizpide, mahai inguru bat antolatu du maiatzaren 10erako; 19:30ean izango da, Arkamurkaren egoitzan. Maite Iribarren, Jose Luis Bartolome eta Asier Garate abokatuek hartuko dute parte bertan. «Landa eremuan interes publikoa defendatzea nori dagokion galdetuko diegu, hirigintzarako izendatuak ez dauden eremuetan interes publikoa nola ebazten den eta bere defentsa nola egiten den jakin nahi dugu».

Gaia argitzea «ezinbestekoa» dela iruditzen zaio natura elkarteari, «surfcamp-a bezala beste hainbat proiektu baimendu litezkeelako, eta horrek arriskuan jarriko luke biotopo osoa». Bidea irekiko lukeela iritzi dio. «Goian auzitan dagoen beste proiektu bat dago, eta alboan berriki eraikitako hainbat txalet ikus daitezke. Pixkanaka Talaimendi gero era urbanizatuagoa ikusteko arriskuan gaude».

Powertxiki enpresako arduradun Aritz Aranburuk legearen barruan jokatzen ari dela eta erakunde publiko guztien oniritzia duela adierazi zion Urola Kostako Hitzari. Arkamurka, ordea, ez dago ados «dauden legeez egin nahi den interpretazioarekin», eta horregatik sartu dute alegazioa. «Gai hau argitu behar dela uste dugulako antolatu dugu hitzaldia. Aritz Aranburu eskaera egin duena da, pilota udalaren teilatuan dago orain», diote.

Eremuko paisaiaren parte
Arkamurkak gogora ekarri du Iñurritzako biotopoa babesteko dekretuan zehazten dela Iñurritza errekastoaren itsasadarra, eta itsas aldeko eremua «euskal kostaldeko ekosistemen erakusgarri bikaina» dela. Baita dekretuak honakoa esaten duela ere: «Duna, padura eta labarrek paisaia bereziki erakargarria osatzen dute, eta beren baitan beharrizan ezberdinak dituzten landare zein animalia espezie ugari hartzen dituzte, espezializaturiko eta elkarren artean erlazionaturiko komunitate-mosaikoa sortuz».

Proiektua kokatu nahi den eremua dunetan, estuarioetan edo labarretan egon ez arren, «eremu osoak sortzen duen paisaiaren parte» dela dio natura elkarteak. Hori horrela, «Talaimendi osoa babestu beharko litzateke eraikuntzetatik».