Gurekin Jai Festa Batzordearen gutuna

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 23a, 20:10

Herriko festak antolatzerakoan udalarekin gorabeherak izaten ari dela azaldu du Gurekin Jaiek ondorengo testuan.

"Maiatzak 23 ditu gaurkoak. Astelehena dugu. Eta nahi baino gogorrago hasi dugu astea. Badira aste batzuk, apirilaren 29an hain zuzen ere, Zarauzko Udalari zuzenduta aurtengo herriko festak, Transpelaioak zein Euskal Jaiak, antolatzeko eskaria sartu genuela. Eskari horretan zehaztu genuen gure proposamena, lekuari dagokiona (batez ere ikusita Azken Portuko kideak zein arazo izaten ari diren) zein data, ordutegi eta materialari dagokiona ere batuz.

Gaur izan dugu lehen berria. Udalak jakinarazi digun bakarra izan da ordutegiak murriztuko dizkigula, festetako lehen gauean (24) 00:00ak arteko muga ipiniz. Honen aurrean bilera bat gauzatzeko eskaria luzatu diogu, eta gure harridurarako ea bilera zertarako nahi dugun galde egin digute. Desadostasunak ikusita, esan diegu ohiko legez ordutegiak zein baimenaren bestelako baldintzak negoziatu eta adosteko premia eta presa ikusten dugula. Eskatutako bilera egin eta adostasun batera iristea espero dugu.

Hau da egungo Udal Gobernuaren jokabidea, hau da euren burua ezin demokratikoagotzat dutenen jarrera, inposizio eta hitz egiteari beldurra. Bai, izan ere ez dira Udal Gobernuko kideak gurekin harremanetan jartzen direnak, erabakiak hartzen dituztenak hain zuzen, Udal Teknikariak baizik.

Onartezina dela uste dugu jarrera hau, gurekin zein herritar ororekin. Gure ordezkariak dira eta ezinbestekoa deritzogu herritarrak entzutea, hauekin mintzatzea eta adostasunetara heltzea. Hori uste dugu dela bidea. Orain arte urte luzeetan izan dena, hain zuzen (kolore ezberdinetako Udal Gobernuak igaro direla). Baina badirudi oraingo Udal Gobernua ez dela horren aldekoa.

Ez gara lehenak azken urtean jarrera hau salatu dutenak. Asko gara harriduraz eta atsekabez hartzen dugunak jarrera hau. Eta oraingo honetan, gure posiziotik hitza hartzea erabaki dugu. Udalak zuzenean entzun nahi ez gaituen honetan, bestelako bideetatik zuzentzea erabaki dugu. Horrela, gure borondate eta prestutasun guztia adierazi nahi diegu udal ordezkariei, alkateari, bildu eta gaia behar bezala lantzeko, elkar entzuteko eta erabakiak adosteko.

Betalde, adierazi diegu zarauztarrei aurten ere Transpelaio itzelak antolatzen ari garela denon artean, herriko talde ezberdinekin, dantza ikastaro anitzekin, bazkari, baltsa eta bestelako ekimenez josita. Hasi da atzera kontaketa eta has gaitezen prestatzen!!!"