Izpiritu gaztearen usaina, lau haizetara

Aritz Mutiozabal 2016ko mai. 27a, 10:30
The Nephews laukotea: ezkerretik hasita, Jaime, IƱigo, Ekaitz eta Luca (The Nephews).

MusicAula jaialdiaren finalerdierako bat egingo dute bihar, 19:00etatik aurrera, Aritzbatalde kiroldegian. Zarauzko The Nephews laukoteak hartuko du parte, beste lau talderekin batera.

Laukote gisa urtebete pasatxo daramate, na­hiz eta Iñigo Samaniego bateria-jotzailea eta Jaime Peinado gitarrista bost urte atzera hasi ziren trebatzen, Jaimeren osaba musikako irakasle zutela. Horrexegatik jarri zioten The Nephews izena taldeari, ilobak esan nahi duelako ingelesez. Bikote zarauztarra izan zen taldearen hazia jarri zuena, eta, gero, Ekaitz Iribar oriotarra gehitu zitzaien baxuarekin. Abeslari baten beharra zutela-eta, argentinar jatorriko Luca Grassi donostiarra hasi zen haiekin: «Iñigo eta Ekaitz kontzertu bat ikustera joan ziren, eta bertan Luca ikusi zuten abesten beste talde batekin. Hari proposatu genion», dio gitarristak.

Hasieran bertsioak egiten hasi ziren, talde bezala «osatzeko» eta «eskarmentua hartzeko».  Red Hot Chili Peppers eta Rage Against The Machine taldeen jarraitzaile sutsuak dira, eta haien abestien moldaketak eginez ekin zioten. Funk-rockaren eremuan sentitzen dira eroso, eta taldearen norabidea ildo horretatik finkatu zuten. «Estiloa jada definituta geneukala, gure abestiak sortzeko unea zela iruditu zitzaigun. Hala, lau abesti egin genituen, eta grabazio estudioan sartu ginen».


Euskarri digitalean

Alvaro Remacha adiskideak Andoainen duen estudioan grabatu zituzten Barrel, MotherFunkers, Back from shadows eta I want your body  abestiak; joan den urrian hasi ziren eta otsaila inguruan bukatu zuten. Abestiak euskarri digitalean entzun eta deskargatu daitezke taldearen Bandcamp atarian. «Momentuz ez zitzaigun iruditzen merezi zuenik euskarri fisikoan kaleratzeak. Egokiagoa ikusten dugu  aurrera begira beste lau bat abesti grabatuz gero, guztiak batuta bilduma bat osatzea», jakitera eman du Samaniegok.
Behin abestiak grabatuta, horiek mugitzeko unea iritsi zitzaien. Lehiaketetan parte hartu zezakeela pentsatu, eta erantzuna berehalakoa izan dute: MusicAula eta MusicIrun lehiaketetako finalerdietara sailkatu dira. «Bat-batean etorri da guztia, eta, egia esan, ezusteko atsegina jaso dugu», diote taldekideek.

MusicAula 14 eta 25 urte bitarteko musikariei zuzendutako Estatu mailako jaialdi bat da. Bertan jotzeko lehiaketa bat jarri dute abian, bost zonaldetan banatuta eta zonalde bakoitzean finalerdi bana eginez. Zarauzko Gazteria sailak herria ordezkatuko lukeen taldea aukeratzeko lehiaketa jarri zuen abian, eta The Nephews taldea izan zen aukeratua. Bihar, larunbatarekin, D zonaldeko finalerdiak jokatuko dituzte, beste lau talderekin batera: Black Luminescentn (Errioxa), Arugamama (Huesca), Nipol Tripol (Bizkaia) eta Mavericks (Bartzelona). Era berean, Gatibuk talde gonbidatu gisa joko du formatu akustikoan, eta disko jartzaileak ere izango dira. Jaialdia Aritzbatalde kiroldegian izango da, 19:00etan hasita, eta sarrera doan izango da.


«Maila handia»

Urduritasun pixka batekin, baina ilusioz beteta daude ilobak. Peinadok aurreratu duenez, «kontzertua ongi prestatzen ari gara. Gure lau abestiak joko ditugu eta Red Hot Chili Peppers taldearen abesti bat». Beste taldeek zer jotzen duten arakatzen aritu dira, eta «maila handia» izango dela iritzi diote. Finalerdi bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da finalera, eta azken ekitaldi hori ekainaren 25ean izango da, Getafeko (Madril, Espainia) Juan de la Cierva auditorioan.  «San Pelaio bezperan izango da, baina finalean baldin bagaude mereziko du herriko jaiak galtzea», adierazi du Samaniegok.

Datorren astean, ekainaren 4an, MusicIruneko lehiaketa izango dute; aurkeztu diren 52 talderen artean aukeratu dituzte. Orain, ikusi nahi dute parte hartuko duten bi lehiaketetan zer gertatuko den, baina printzipioz taldearen asmoa abesti berriak lantzen joan eta uda partean kontzertuak eskaintzea da. Hasiera-hasieratik argi izan dute lagun talde bat direla, baina entsegu lokalera lan egitera doazela. «Ondo pasatzeko asmoarekin, baina serio antzera ekin diogu taldeari. Helburuak ongi finkatuta eta txukun egiteko konpromisoarekin», azaldu du Peinadok.