Etxebizitza hutsen alokairua sustatzeko diru laguntzak emango dituzte

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 27a, 19:57
Bi laguntza mota emango dituzte etxebizitza hutsak alokairuan jartzen laguntzeko (Aritz Mutiozabal).

Udalak 200.000 euro bideratuko ditu etxebizitza hutsak Bizigune programan sartzeko nahiz egokitzapen lanak egin eta Alokabiden sartzeko. Atzoko udalbatzarrean onartu zituzten laguntzen oinarri bereziak.


Etxebizitza hutsak alokairuan jartzen laguntzeko diru laguntzen oinarri bereziak onartu zituzten atzoko udalbatzarrean, Udal Gobernu taldearen (EAJ eta PSE-EE) eta EH Bilduren aldeko botoarekin; Irabazi Zarautz, ordea, abstenitu egin zen. Hori horrela, eta helburu hori betetzeko, 200.000 euro bideratuko dituzte aurten.

Zarauzko Udalak bi laguntza mota emango ditu, bateragarriak izango direnak. Alde batetik, etxejabeek gehienez ere 200 euroko diru-laguntza jasoko dute hilean, euren etxebizitza Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza hutsen Bizigune programari uzteagatik. Bestetik, alokairu babestua kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzaren Alokabide sozietate publikoan sartzeko beharrezkoak diren egokitzapen-lanak egiteko diru laguntzak emango dituzte.

Eskatzailearen eta Alokabide sozietatearen arteko kontratua indarrean dagoen hilabete oso bakoitzeko hiruhileko ordainketa bat egingo da. Etxebizitza egokitzeko jardueren diru-laguntzak ordainketa bakarrean egingo dira, eta egindako gastuaren %50ekoak izango dira (zergak sartu gabe), gehienez ere 3.000 euro. Egin beharreko egokitzapen-lanak finantzatzen laguntzeko asmoz, Udalak diru-laguntza guztiak batera kobratzeko aukera eskainiko du.

“Diru-laguntza hauen bitartez etxebizitza duin, egoki eta irisgarri bat lortzea erraztu nahi diegu merkatu libreko etxebizitza bat eduki ezin duten pertsonei”, azaldu du Xabier Txurruka alkateak. Zentzu honetan, Udalak etxebizitza hutsen jabeekin adostasunera iritsi nahi du euren etxebizitzak Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programan sartzeko. Ordainetan, merkatuko hileko ohiko errentaren %65 eta %75 artekoa jasoko dute jabeek, euren etxebizitza antzeko baldintzetan berreskuratzeko bermearekin. Errentan hartzen dutenak, berriz, urteko diru-sarrera gordinaren %30a ordainduko dute gehienez ere.

Azken bost urtetan 17 etxebizitzek utzi dute Bizigune programa eta gaur egun Zarautzek 12 etxebizitza ditu Bizigunen. “Egun, programak ez ditu nahiko genituzkeen emaitzak ematen eta horregatik Udalak ahalegin bat egin eta Bizigunen aurreikusitako ekarpenak osatzea erabaki du”, nabarmendu du Txurrukak. Onartu berri dituzten oinarrietan daude zehaztuta diru-laguntzak jasotzeko baldintzak, eta eskaerak Zarautz-Lur entitate publikoan egin behar dira.


Gainerako alderdien ikuspegia

EH Bilduk begi onez ikusi du hartutako neurria, eta baiezko botoa eman zuen atzoko bilkuran. "Aurreko agintaldian neurri batzuk hartu genituen zentzu horretan, Ondasun Higiezinen Zergaren errekargua jarriaz bigarren etxebizitza hutsei, eta bide horretan beste neurri osagarri bat dela iruditzen zaigu", adierazi zuen Mikel Goenaga koalizioko bozeramaileak. Aurrekontuen negoziaketan, partida horretarako Udal Gobernuak 100.000 euro proposatu zituela gogora ekarri du EH Bilduk, eta euren eskaerari esker, diru lagunzaren kopurua bikoiztea adostu zutela.

Udal Gobernuko kide eta PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezen esanetan, "diru laguntzarekin etxejabeak bultzatu nahi ditugu bigarren etxebizitza hutsak alokairuan jartzera". Horretarako, iaz OHZren errekargua igo egin zela azaldu zuen Vazquezek, eta aurten errekargu hori "zuzendu" egin duela Udal Gobernuak, "pentsatzen dugulako halako errekargu bat jarri aurretik beharrezkoa dela beste neurri batzuk hartzea etxebizitza horiek alokairuan jartzeko". Gainera, hartutako neurri berrien arabera pentsatuko dute hurrengo ordenatzetan errekargua igo ala ez, "baina benetan hutsak daudenei".

Irabazi Zarautzen iritziz, "diru laguntza horiek ez dira nahikoak eta egokiak etxebizitza hutsen arazoa bideratzeko". Ana de Benitok adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritzak Bizigune programarako diru laguntza murriztu zuen 2014an, eta "gaur, Udal Gobernu honek eskaintzen duen diru laguntza txiki honek Urkulluren gobernuaren akatsa edo murrizketa ezkutatu baino ez du egiten". Etxebizitza hutsen jabeei Ondasun Higiezinen Zergaren errekargua "kendu" eta "laguntza emanda", "gehien duenari gehiago emango litzaioke, eta hori ez da solidarioa". Era berean, inbentarioa eguneratzeko eskatzen zion Udal Gobernuari, "jakiteko Zarautzen zenbat etxebizitza huts dauden eta zenbat alokatu daitezken".

Etxebideren egungo datuen arabera, 1.150 eskatzailek eskuratu nahi dute etxebizitza babestu bat Zarautzen, eta horietatik 851 dira herrian erroldatutakoak; erroldatutakoen artean 545ek jabetzan eskuratu nahi dute etxebizitza, eta 306k alokairuan. Alokairua eskatzen dutenen diru-sarrera haztatuen batez bestekoa 14.839 eurokoa da