Aldundiak dio ez dagoela "justifikatuta" surf zentroa aurreikusitako tokian egitea

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 24a, 15:30
Surfaren inguruko diziplina anitzeko zentroa eraiki nahi duten eremua, Agerre nekazalturismoaren ondoan.

Onura publikoko eraikina hiritar lurzoruan zein Trantsizioko Landa Paisaian kokatu daitekeela adierazi du.

Zarauzko Udalak txosten bat egiteko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Talaimendi magalean eraiki nahi duten surfaren inguruko diziplina anitzeko zentroaren inguruan. Zehazki, Ekonomia Sustapeneko Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Sailari eskatu dio txostena. Erantzuna Ainhoa Aizpuru Murua Foru Diputatuak sinatu du, eta honakoa dio, besteak beste:

  • Proposatutako ekipamenduak ez duela "zerikusirik" nekazaritzarekin, eta beraz, aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako sailaren ebazpena jaso behar duela landa eremuan eraiki ahal izateko.
  • Sail horren erabakia alde batera utzita, Landa Garapeneko eta Nekazaritza Egituretako Zerbitzuaren arabera, beste erabileren aurrean lehentasuna Balio Estrategiko Handiko eremuak mantendu eta babestea dela. Eta "inolaz ere ez dagoela justifikatuta" horrelako lurrak okupatzea, batez ere, onura publikoko eraikina hiritar lurzoruan zein Trantsizioko Landa Paisaian kokatu daitekeenean.

Hori jakinda, oposizioko bi udal taldeek, EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek gogoratu dute ez daudela proiektuaren kontra, kokapenaren aurka baizik.