«Orokorrean, migrazioari lotutako edozein istorio da txalotzekoa»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko eka. 30a, 10:30

Maria Feijoo kazetariak ‘Zagales. Extremaduratik Zarautzera emigrazio handiaren garaian’ idatzi du. 50eko hamarkada bukaeratik 70eko hamarkada artean Zarautzek jaso zuen emigrazio uholde handienari buruzko lana da.

Xirimiritik, Orballo-tik, lurra lantzen zuten gazteengana egin duzu salto, Zagales-era. Nolatan izan da?
Udalak proposatu zion Francisco Zurbaran elkarteari Extremaduratik etorritakoen aitortza egiteko, eta Antonio Garciak, orduko lehendakariak, niri eskatu zidan liburua idazteko. Gauza bera gertatu zen Orballo-rekin ere, nahiz eta kasu horretan, nik Galiziako sustraiak izan. Carballeira elkartearekin jarri ziren harremanetan, galiziarren inguruko zerbait egite aldera.

Nik uste asmatu zela eta Extremadurakoei dagokionez ere hala gertatu dela. Izan ere, liburua hor geratzen da, argazkiak ditu, etxera eraman dezakezu, zure seme-alabek eta bilobek irakur dezakete…  Gauzak idatzita uzten ez badira, haizeak eramaten baititu.

Izan ere, istorio esanguratsuekin egin duzu topo.
Belaunaldi oso batek esperientzia izugarriak bizi izan ditu, momentu historiko oso gogorretan bizi izan direlako. Horiek jasotzea beharrezkoa dela uste dut. Testigantza liburu hauek idazterakoan jende ikaragarria ezagutu dut, istorio oso latzak kontatu dizkidate… Eta beste belaunaldi batekoak izanik, arriskua dago testigantza horiek desagertzeko

Zarautzek jaso duen emigrazio uholde handiena izan zen Extremadurakoena. Guztira, 700 bat lagun heldu ziren herrira 50eko hamarkada bukaeratik 70eko hamarkada bitartera. Zer jaso nahi izan duzu horien inguruan?
Bai, eta haien seme-alabak eta bilobak kontatzen baditugu, egun 2.500 bat pertsona izango dira Extremadurako sustraiak dituztenak. Hori Zarauzko biztanleriaren %10a da. Gainera, askok du lotura euren jatorriarekin, nahiz eta euskaldunak izan.

Liburu bat idazteko, ezberdina dena bilatu behar duzu. Nik alor ezberdinak landu nahi nituen: politika, enpresa mundua, kirol mundua… Horregatik idatzi dut Juan Paredes Txikiz, trantsizioaz, 1977ko hauteskundeez, eta beste hainbat kontuz.

30 pertsonatik gora elkarrizketatu dituzu. Zer dute komuna?
Gutxi gorabehera guztiek dute istorio komun bat eta aldaera txikiak gero. Guztiek erabakia hartu eta euren senitartekoak zeuden lekura heltzen dira; asko gogoratzen dira hasieraz, gogorra delako etxetik ateratzea, urduritasuna, bidaia…. Une hori gogoratzen dute gehien. Horrez gain, familia bakoitzak bere berezitasunak ditu.

Erraza egin al zaie istorio horiek zuri kontatzea?
Orokorrean, bai.  Eta, arrazoi bategatik edo bestearengatik, hitz egin nahi ez zutenek beste batekin hitz egiteko proposatu zidaten. Behin hitz egiten hasita, gainera, gustura jardun dute. Izan ere, Extremadurakoak irekiak dira, lagunkoiak eta ez zaie kostatzen hainbeste sentimenduak agertzea.  

Aurora Dominguez Botejararekin hitz egitea kostatu zitzaidan gehiena; ez zuen nahi. Azkenean, Galiziako komunitateko nire lagun baten bidez lortu nuen hura elkarrizketatzea. Gerora, pausoa eman zuenean, oso ongi egon ginen.

Izan ere, haren istorioa kontatu beharra zegoen: Botejaratarren Espainia telesaileko protagonista zen haren familia.
Bai, bitxia da oso. Kontuan izan garai hartan bi telebista kate besterik ez zeudela. Kontatu zidan telebistakoek fokuz betetzen zietela etxea. Garai hartako filmazioa ez zen makalekoa izango.
Maritxu Errazkin ere nabarmendu zenuen liburuaren aurkezpenean.

Bai, Aldalur autobus enpresako ordezkariaren lekukotza oso interesgarria da. Kontatu zidan Urola Kosta eta La Serena bailara lotzen hainbat urte eman ondoren, 20-25 urtetara Alsa enpresa heldu eta kontzesio administratiboa lortu nahi izan zuela. Orduan, lege guztiak gainbegiratu eta Madrilera joan zen Maritxu [Errazkin], zuzenbidea apur bat ikasi zuenez, bere burua defendatzeko asmoarekin. Halako lekukotzak beharrezkoak dira, eta jaso egin behar dira.    

Francisco de Zurbaran elkarteaz ere hitz egin duzu.
Bai, hori ere nabarmentzekoa da, Extremadurako komunitatea eta udalaren arteko harreman instituzionala hortik artikulatzen delako. Haientzat oso garrantzitsua da; izan ere, elkartea sortzea ernaldi bat izan zen: protagonistek kontatu dute nola izan zen dirua biltzea; mailegua biltzea; lokala atontzea…

Era berean, euren kultura ezagutu eta ezagutarazteko baliatu nahi izan dute. Etorri eta lehenbiziko 20 urtetan ez zuten beta izan horretarako, lan ugari egiten zutelako. Behin Zarautzen egonkortuta, elkartearen bitartez, euren sustraietan sakondu eta euren izaeraren berri eman nahi izan dute. Era berean, herriko ekimen askotan hartu du parte elkarteak.

Dokumentazio lan handia egin duzu, aldi berean.
Bai, hainbat adituren laguntza izan dut. Moises Cayetano elkarrizketatu nuen, esaterako, eta haren hainbat liburutan ere oinarritu naiz. Extremadurako emigrazioaren testuingurua oso ongi jasotzen du, datu ugarirekin. Juan Perez Garcia Extremadurako unibertsitateko irakaslea ere oso atsegina izan zen nirekin. Telefonoz elkarrizketatu nuen eta, horrez gain, unibertsitateko lan pila bat bidali zizkidan.

Raul Guerra Garridok idatzitako Cacereño ere oso baliagarria egin zitzaidan prozesuaz idazteko. Liburu errealista da; kazetaritza-erreportaje bat dirudi. Euskal Herrira emigratu zuten extremadurarren uneko bizitza kontatzen du, nola sortu ziren komunitateak, jaso zuten gutxiespena, nola egin zuten euren lekua eta nola irabazi zuten bertakoen begirunea…

Hurdeetako erreportaje hura eta beste hainbat berriren harira, Extremadurak irudi estereotipatua izan du. Nik haien historia aztertu nahi izan dut, egia zen ala ez egiaztatzeko. Oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan hori niri. Frankismoaz haratago, guztiz zapaldua zegoen gizartea zen, latifundio handien eta jauntxoen eremu batean bizi ziren. Ez nuen lehenbiziko eskutik ezagutzen Extremadurako historia eta ongi dokumentatu nahi izan dut.

Antzekotasunik ba al dute Extremadurako eta Galiziakoen emigrazio prozesuek?
Arrazoi ekonomikoengatiko emigrazioak izan dira biak. Landa gune batetik leku industrializatuago batera emigratu zuten galiziarrek zein extremadurarrek. Baina ezberdintasunak ere badituzte. Galiziarrak izatez migratzaileak dira; tradizio migratzaile handia dute. XIX. mende bukaeran, esaterako, askok eta askok emigratu zuten Latinoamerikara, euskaldunek bezala. Extremadurako jendearentzat, ordea, emigratzea zerbait berria zela esan daiteke.

Era berean, galiziarrak ezagutzen dute zer den itsasoaren ondoan bizitzea, haiek ere hizkuntza propioa dute…

Hala ere, extremadurarrek sentsibilitate handiagoa dute euskararekiko. Garrantzia handia ematen zioten hizkuntzari. Familia askok argi zuten hemen bizitzeko euskara ikastea beharrezkoa zela. Egia da galiziarrek bazutela aurrez ere debekatuta zuten hizkuntza bat. Extremadurako etorkinak konturatu ziren euskaren inguruan mugimendu handia zegoela eta garrantzitsua zela olatu hori hartzea; eurak ez baziren, haien seme-alabak. Izan ere, haiek lan egitera etorri ziren; hori zen haien arrazoi nagusia.

Zer ikasi duzu liburu hau idazterakoan?
Extremadurako jendea, oro har,  oso gogorra dela. Une historiko esanguratsuak bizi izan dituztela, kasu gehienetan gogorrak, eta aurre egiten jakin dutela. Horren adibide da Antonio Cabanillas.  Puerto Hurracoko sarraskian zauritu zuten, haren ama babesten ari zela. Ondorioz, elbarri geratu zen. Istorio oso gogorra da, guztiz injustua. Edozer gauza gainditzeko gaitasuna du; oso pertsona indartsua da.
Belen Benitezen esperientzia ere nabarmentzekoa iruditzen zait. Euskal Filologia ikasten hasi zen, euskara maila baxua zuenean. Lehenbiziko bi urtean ez zuen inorekin hitz egin, aitortu zidanez. Esfortzu handia egin zuen eta orain irakaslea da.

Era berean,  Bernardo Tenaren istorioak eman zidan atentzioa.  Bere herrian ez zegoenez ezer, emigratzea erabaki zuen oso gaztea zela. Valentziara joan zen lehenbizi, bakarrik, lanean jardun zuen, baina badirudi ez zuela bete. Orduan, Zumaiako neska bat ezagutu eta hona etortzea erabaki zuen. Zarautzera etorri zen haren senitartekoren bat-edo hemen bizi zelako.

Tapiztegi bat ireki zuen, soldaduskan tapizgintzan jardun zuelako. Gerora, haren seme-alabak karrera bat ikasten hasi ziren eta pentsatu zuen ez zuela haiek emigratzea nahi.  Haiekin hitz egin zuen eta buruan zuena kontatu zien: inbertsio handi bat egingo zuela enpresa majo bat sortzeko, haren oinordekoek emigratzeko beharrik izan ez zezaten eta familia guztiak lana izan zezan. Txinan, Pakistanen eta beste herrialde askotan izan zen laneko bidaietan eta moldatu zen hizkuntzarik jakin gabe. Harrigarria da gizona.
Oro har, emigrazioarekin lotutako edozein istorio da txalotzekoa. Emigratzea oso gogorra da eta jende honek bizitakoa latza izan da. Baina, jakin dute egokitzen, ongi joan zaie, euren bizitza eraiki dute hemen eta gustura daude. Prozesuko lehenbiziko momentu horiek, ordea, oso gogorrak izan ziren eta bazen garaia aitortzekoa.

Galiziakoen eta Extremadurakoen bizipenak jaso dituzu. Zer izango da hurrengoa?
Uste dut emigrazio prozesuak alde batera utziko ditudala; txipa aldatu nahi dut. Hala ere, lekukotzak jasotzea gustatzen zait, eta asko eta asko kontatu egin behar direla uste dut. Historia ofiziala ezagutzen dugulako, baina beste hainbat istorio ere berreskuratzea beharrezkoa da.

Zentzu horretan, emakumeen bizipenak jaso nahiko nituzke, gizonezkoenak gehienak jakinak direlako. Emakumeak izan dira, kasu askotan, familia aurrera atera dutenak, haien senarrak kartzelan, itsasoan edota beste arrazoiengatik etxean ez zeudelako. Ez baditugu haien lekukotzak jasotzen, desagertu egingo dira, eta pena bat izango litzateke. Zein garen jakiteko iragana ezagutzea ezinbestekoa da.